Lourdes Oñederra: “Isiltasuna zentsura edo auto-zentsura bada, bakerik gabe bizitzera kondenatzen gaitu”
Absentziak zeharkatzen ditu Elisa eta Elixabete ama-alaben bizitzak, kolpetik galdutakoaren uhinek atergabe jotzen dituzte beren gogo-bihotzak Azken batean (Erein, 2025) liburuan, Lourdes Oñederra idazlearen (Donostia, 1958) hirugarren eleberrian.
Elisari Donostian eta Elixabete alabari AEBn, iraganeko mamuak agertzen zaizkie atzera begira jartzen direnean, eta etengabe botatzen dute begirada atzera 158 orriko lanean; orain, fantasma horiek ernetako isiltasunak lausotzen die oraina eta ezkutatzen geroa. Zauri berdina dute, gainera, biek irekita: Ixaren, Elisaren koinatu eta Elixabeteren osaba gaiztoaren, indarkeria enigmatiko, aldebakarreko eta absolutuak eragindakoa.
Oñederra idazle eta erreferentziazko hizkuntzalariak (euskaltzain osoa da, eta ekarpen eskerga egin du batik bat fonetika eta fonologia alorretan), horrela, indarkeriaren ondorioei eta isiltasunaren zamari buruzko istorioa josi du Azken bateanen, hurrengo elkarrizketarako hizpidea jarri diguna.
Nondik jaio zen Azken batean? Zerk eraman zintuen orri zuriaren aurrera eta zerk gidatu zaitu prozesu osoan?
Nik ez dut ia orri zuririk izaten... Ukitu bezain laster betetzen ditut paperak hitzez, marrazkiz, eskemez. Beti ari naiz gauzak apuntatzen: entzuten ditudanak, bururatzen zaizkidanak, buruan dabilkidan arazoren baten irtenbide litezkeenak, ideia interesgarri iruditzen zaizkidanak, ahoskera bereziak.
Nobela bat idazten hasten naizenerako, hamaika paper, fitxa, apunte, zirriborro hasita izaten ditut. Batzuetan, gauzak trinkotu ahala koaderno bat ere hasten dut, edo bi, desordenatu samarra bainaiz.
Elisa, Elixabete eta, zeharka, Ixa dira eleberriaren pertsonaia nagusiak. Nolakoa izan da beren soslaiak eraikitzeko prozesua eta pertsonaiok elkarren aurrean/elkarren aurka paratzeko bidea?
Nahiago nuke ideiak garbi izango banitu alor honetan eta argi erantzuteko gauza izango banintz, baina ez da hala. Ematen du ni pertsonetatik hasten naizela, pertsonaietatik, bidea egiten istorio bat asmatzeko orduan. Hobe: uste dut pertsonaia batek edo batzuek (beti ere gutxi) jartzen nautela istorio bat, beren istorioa, asmatzeko puntuan, gogo horretan.
Oso zaila gertatzen zait istorioa, trama esaten zaion hori, asmatzea, garatzea; eskuz esku doaz asmatu-garatu horiek, garatu ahala asmatu eta asmatu ahala garatuz. Zaila gertatzen zait, baina hori da idazteko orduan jasotzen dudan saria ere: nekatu eta sufritu egiten dut, baina plazer mota bat ere ematen dit, nahiko intentsoa. Pentsatzen dut horregatik idazten dudala.
Nolakoa da idazlearen eta pertsonaien arteko harremana istorioa sortzeko eta idazteko prozesuan? Eta idatzi ondoren?
Alde horretatik, pertsonaiekin idazle bezala dudan harremana ere estua da batzuetan, beste batzuetan ez hainbeste, nola gerta... Tarteka identifikaziorainokoa izan daiteke, beste batzuetan, oso urrutikoa, arbuiatzerainokoa.
Bi mutur horiek ataskatu egiten dute idazketa tarteka, baina beharrezkoak dira nobela muntatzeko ere. Idatzi ondoren, gauza xelebreak gertatu izan zaizkit aurreko nobelekin, idatzitako zerbait gertatzen ari zaidala iruditu eta halakoak.
Ixa pertsonaiaren itzala eleberri osora zabaltzen da, baina zeharka dugu gaizkiaren pertsonifikazioa den pertsonaia horren berri. Ez zenuen izan tentaziorik bere barnean, gaiztakeria horren argi-itzaletan, gehiago arakatzeko?
Oso egokia iruditzen zait erabil duzun hitza, “itzala”. Uste dut horixe dela, itzal bat bi emakume horien bizitzan... Eta bai, aitortuko dizut tentazioa izan nuela, lehendik ere izango nuela ziurrenik, oso erakargarri/zirraragarri gertatzen zaidalako gaizkia gai bezala.
Beraz, tentatu, tentatu ninduen, baina erakarri, ez. Alegia, nobelaren bilakabidean abiatuta, ez ninduen erakartzen, ez zitzaidan istorioa horrantz mugitu. Pentsatzen dut narrazioaren euskarria emakume biak zirela, beren barrenak, beren buruekiko eta elkarrekiko erlazioa. Hor, Ixa elementu inportantea zen, eragin handia izan baitzuen beren bizitzetan, baina ez zidan istorioa garatzeko balio, instrumentala zen nolabait, lagungarri, baina ezin izan nion pisu handiagoa eman, agian ez nien emakumeei protagonismoa kendu nahi izan...
Agian, hurrengo baterako. Oraingoz, gertuago gelditzen da gaizkiarena nire alderdi analitikotik, sorkuntzara eramaten nauen beste zerbait horretatik baino.
Bestalde, ez dakit gizonezko baten buruan sartzeko gogorik dudan... Xelebre ere egiten zait nola dauden hainbeste gizon idazle beren lanetan emakumeak protagonista egiten dituztenak. Oso ausartak iruditzen zaizkit, eta beldur naiz ez ote garen beren begiradarekin gehiegi identifikatu gu ere.
Oso gai ezaguna da, ezta? Nola gero eta emakume gehiagok idazten duen, ikusiko dugu...
Absentziak eta isiltasuna dira nagusi nola bi protagonisten munduetan hala, oro har, irudikatzen den kanpo munduan. Zertaz babesten gaitu eta zertara kondenatzen gaitu isiltasunak?
Iruditzen zait isiltasunak, batzuetan, behintzat, geure buruari egiten dizkiogun tranpetatik babesten gaituela. Jendartean, desberdintzetik, isiltasuna gehiengoarekin bat etortzearekin nahasten baita errazegi. Isiltasuna zentsura edo auto-zentsura bada, bakerik gabe bizitzera kondenatzen gaituela esango nuke.
Nola idazten da isiltasunaz eta ez dagoenaz?
Horretaz nola idazten den ez dakit, beharbada labur idatziz, gehiago jarriz norberarentzako koadernoetan argitaratzeko testuan baino, elipsi askotxo erabiliz, ezinbestean?
Liburuko elkarrizketa bakanetan ahozko erregistro informala erabili duzu (zera, det, aber, ginan, gendun…), eta narratzailea euskara batuan jarri duzu. Zeren bila?
Galdera honi erantzuteko orduan, hizkuntzalaria eta idazlea elkartzen zaizkit. Idaztean, idazleari utzi nahi diot leku nagusia, baina ezin dut naizen hizkuntzalaria guztiz isilarazi.
Bai, zuk diozun bezala, uste dut bereizkuntza elkarrizketaren eta gainerakoaren artean dagoela. Idazten dudana “ikusi” egin behar dudan neurrian, “entzun” ere egiten dut nire buruan idatzi ahala, eta ez zen posible adin horietako pertson(ai)ek garai horretako Donostian “duzu” edo “zara” esatea elkarri familia giroan. Ez gintuzke asaldatu behar horrek.
Adibide bakarra emateagatik, nobelan bertan aipatzen den Margaret Atwooden liburua (The Robber Bride) har genezake beste asko eta askoren artean, eta ikusi nola erabat normala den maila informala agertzea elkarrizketetan (“How’s it goin” eta ez “How is it going”, esaterako).
Orain dator hizkuntzalaria: Ahozkoa ez da beti informala. Bestalde, euskara aurrera aterako bada, euskara batua ezinbesteko dela pentsatzen badut ere, ez da ahaztu behar hizkera estandarra hizkuntza horren berorren beste erregistroek elikatzen dutela. Alde horretatik ez dut uste euskalkiak –neurtuta, noski– literaturatik (edo zine, antzerki eta abarretatik) kanpora utzi behar ditugunik.
Azken batean, zer opa diozu liburuari?
Norbaitengana irits dadin, nola edo hala.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskadi Literatura sariak banatu dituzte, Donostian
Irabazleen izenak iragarrita zeuden arren, gaur banatu dituzte, Donostiako San Telmo museoan, Euskadi Literatura sariak. Zazpi aitortza banatu dituzte, horrenbesteko ataletan. Euskarazko Literaturan, Unai Elorriaga saritu dute; gaztelaniazkoan, Garazi Albizua. Karmele Mitxelena, Maite Rosende, Koldo Biguri , Markos Zapiain eta Itxaso del Castillo izan dira beste arloetako sarituak.
Jon Arretxe: "Aldatzeko beharra sumatzen nuen"
Jon Arretxe idazleak Toureren istorioak alboratu, eta Txerriak eta loreak eleberri beltza argitaratu du. Durangoko Azokan izango da salgai.
Karmele Jaio: "Errealitatearen definizio intimo bat egin dut"
Gasteiztar idazleak Harrizko bihotza liburua aurkeztu du, denetariko testuak (hausnarketak, oroitzapenak, aforismoak, poemak...) Atik Zra sailkatuta biltzen dituen lana edo "taupaden alfabeto bat".
Jon Kortazarrek "Gabriel Aresti. Poesia eta gizartea" liburua idatzi du
Irakasle eta ikertzaileak Bilboko poetari eskaini dio bere lan berria (Pamiela, 2025), aurten bertan Lauaxetari buruzko beste liburu bat argitaratu eta gero.
Mikel Santiagok "La chica del lago" eleberria aurkeztu du Bilbon
Istorioa Arabako herri txiki batean girotuta dago. Gai orokorrak landu ditu idazleak, ahalik eta irakurle gehienengana iristeko. Jende asko bildu da liburua aurkezteko ekitaldian, eta, ondorioz, guztiak ezin izan dira aretora sartu.
Idazleak, Gabriel Arestiren ispiluari begira
Ostiralean, azaroak 14, Edorta Jimenezek, Sonia Gonzalezek, Tere Irastorzak, Harkaitz Canok, Iñigo Astizek eta Leire Vargasek galdera honi erantzungo diote, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan: “Zer ikusten duzu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen duzunean?”.
Bakardadea eta nortasuna hartuko ditu hizpide Literaktum letren jaialdiak
Donostiako literatura jaialdiak Juan Jose Millas, Eider Rodriguez, Javier Cercas, Laura Chivite, Arantxa Urretabizkaia, Juan Manuel de Prada, Julen Apella, Belen Gopuegui, Harkaitz Cano eta Ignacio Martinez de Pison gonbidatu ditu, besteak beste.
Anjel Lertxundi sarituko dute Irun literatura sarietan
Azaroaren 22an, Irun literatura sarien 46. edizioko banaketa ekitaldian, omenduko dute Lertxundi. Sariok Garazi Kamio Anduagak, Karlos Linazasoro Izagirrek, Mario Marínek eta Marina Casadok jasoko dituzte.
Bernardo Atxaga: "Pertsonaiarik gabe ez dago nobelarik"
Bernardo Atxaga idazleak Enarak eleberria (Pamiela argitaletxea) aurkeztu du gaur Arte Ederren Bilboko museoan.