Saioa: 'Disko osoagoa egin nahi genuen'
Biribilaren kontzeptua, bi ahots, gitarra akustikoa, Rafa Rodrigo Perurenaren argazkiak eta hainbat lagunek argazki horietan oinarrituta idatzitako testuak: horiek dira Saioa taldeak, Kamila Zubeldiak (Unama) eta Marieder Iriart-ek (The Sparteens) osatzen duten bikoteak, Hiru, hamalau diskoa ontzeko erabili dituzten lehengaiak.
Zubeldiak eta Iriartek Saioaren aurreko bi diskoetan lan egiteko erabilitako jarraibideak aldatu dituzte Hiru, hamalau honetarako, eta aldez aurretik ezarritako oinarri batzuen gainean abiatu dute beren sormena, hamalau idazlek (“zaildu ala amateur, lagun, artista, idolo, artista-lagun, lagun-idolo”, beraien hitzetan) jarritako hitzak gitarra biluz samarrez (eskertzen dira, “Debekuak” kantuan bezala, diskoan zehar monotonia hausten duten konponketak) eta ahots harmoniatsuz janzteko.
Argazkia: Rafa Rodrigo
Kamila Zubeldiarengana jo dugu, lanaren inguruko zertzelada batzuk jakin nahian.
Zerk piztu zuen txinparta zirkuluaren inguruko lan bat martxan jartzeko? Zein da Hiru, hamalau diskoaren jatorria?
Egia erran, abiapuntua izan zen aitzineko diskoaren promozioa: Bi diskoa atera zelarik, eskuin eta ezker presentatzean eta diskoaz mintzatzean, argi iduri zitzaigun ondoko lanarentzat zerbait "osoagoa" egin nahi genuela.
Hobeki esplikatzeko, bai Marieder bai ni aiseago gara musika sortzeko momentuan; hitzei dagokienez, nekeago… Orduan, usaia hartu genuen gustuko genituen olerki, bertso edota edozein idatzi motarekin topo egiten genuelarik, hori buruan atxikitzea, eta egun batean ala bestean baliatzen genuen kantu bat sortzeko. Eta urtez urte, horrela ibili gara.
Beraz, 2014ko diskoa atera zelarik, pentsatu genuen ondoko lanarentzat behar genuela atzeman manera disko osoan hari bera ukaiteko; hasieratik bukaerarat, gai bera… Eta gogo handia genuen autore batzuek guretzat idaztea!
2017. urtearen hastapenean, ideia hori gauzatu nahi izan dugu. Bere estetika eta sinbolizatzen duen guziarengatik, biribilaren gaia fite finkatu genuen. Baina beldurtu ginen mugatuegia izanen zela, eta orduan pentsatu genuen Rafa Rodrigoren argazkietan. Gaiarekin zerikusia zuten 24 argazki hautatu genituen Rafak, Mariederrek eta nik, eta horiek izan ziren gure kantu berrien oinarri!
Ezagun zenuen Rafa Rodrigoren lana aurretik?
Rafa Rodrigo laguna dugu, eta, egia erran, mundu artistiko zabala du! Musikaria da, argazkilaria, light painting-a ere egiten du, origamia… Bere lana maite dugu, eta, argazkiekin lan egitea pentsatu genuelarik, berehala hari pentsatu genuen. Onartzen bazuen, plazer bat izanen zen berarekin lan egitea. Eta onartu egin zuen.
Argazkia: Iban Rusiñol
Zeren arabera aukeratu zenituzten kantuen idazleak?
Idazleei dagokienez, hasieran idazteko usaia duten gure inguruko jendeei pentsatu genuen. Lehen-lehenik, musikariei pentsatu genuen: Nahia Zubeldia, Jurgi Ekiza, Aguxtin Alkhat, Paxkal Irigoyen, Ainara Legardon…
Eta gero, zerendako ez, bertsolariak (Xan Alkhat, Ramuntxo Christy), Nora Arbelbide kazetaria… Eta zerrenda aski fite bete zen.
Gero, nahiz eta idazteko usaia gutiago ukan, zererrana edo, hobeki erran, zeridatzia ukanen zuten jende batzuen izenak etorri zitzaizkigun bururat: Amaia Bosom, Jenofa Oillaburu, Laida Etxemendi eta Aratz Gomez.
Eta azken momentuan, oroitu ginen nola 2014an, Heletan, kontzertu bat egin genuen ikastolaren alde, eta horretan aritu zirela Andoni Tolosa eta Beñardo Goietxe. Oroitu ginen gutartekoak zirela, eta ausartu ginen horiei ere gure proiektuan parte hartzera proposatzea… Eta onartu zuten. Hor aipatzen ditudanak animatu zirenak dira.
Nola banatu zenituzten argazkiak idazleen artean? Zer muga jarri zenizkieten?
Idazleei gutuna igorri genien, postaz. Hor, 24 argazkiak ziren, eta ideia azaltzen genien letra batean. Letra horretan, proposatzen genien ikustea ea argazki horietan batek inspiratzen ote zituen.
Hilabete baten buruan, berriz ere galdetu genien ea animatzen ziren, eta zein argazki hautatu zuten. Hiru argazki bi aldiz hautatuak izan ziren, eta zortzi behin bakarrik: oreka polita heldu zen!
Hitzak idazteko, libre utzi genituen. Ez genien fitsik berezi galdegiten: testu, olerki, luze, motz, errimekin, errimarik gabe… Justuki. eklektikoa izatea espero genuen. Eta hortik landa, idatziak jasotzen hasi ginen!
Aldaketarik egin duzue testuetan, musika jartzeko orduan, edo orpoz orpo jarraitu diezue testuei?
Egia erran, saiatu gara ahal bezain fidel izaten, eta aldaketa biziki guti egin ditugu. Ez dugu fitsik arra-idatzi, baina esaldi bat ez kantatu edo errepikatu… Horrelakoak, bai, beti autorearen baimenarekin! Eta diskoaren liburuxkan, idatziak izan diren bezala agertzen dira testuak.
Argazkia: Iban Rusiñol
Zelan egiten duzue lan Saioa talderako doinuak konposatzeko orduan?
Dugun xantza da usu ez gaituztela ber gauzek inspiratzen Marieder eta ni. Aste guziz biltzen ginen, bakoitzak inspiratzen gintuzten idatziei buruzko ideiak ekarriz. Eta idatziak naturalki partekatu dira.
Hori, ideia orokorrei dagokienez. Gero, elkarrekin lan egiten dugu beti: elkarrekin konposatzea betidanik zaigu naturala. Xantza!
'Ilargiko gasna' kantuaren bideoa
Zein dira orain zuen asmoak, diskoa kalean dela?
Lehen gauza, poztu, puntu horretara iristeaz kontent! Ez gara profesionalak ez bata ez bestea, eta, beraz, lana dugu bestalde. Beraz, proiektu hori, disko hori, bururaino eramateaz kontent. Eta gero, ikusiko!
Beti kontent gara kantatu ahal izaten dugularik, gure bizi pertsonalen antolaketa ez baldin bada beti erraza ere…
Albiste gehiago musika
Donostiako Jazzaldiari begira, San Telmo Museoan
1966tik, Donostiako Jazzaldiaren lehen ediziotik, 2024ra bitartean jaialdiko kontzertuetan egindako 200 argazki erakusten ditu Laborategia aretoan ikusgai dagoen bildumak. Lolo Vasco Jazzaldiko egungo argazkilariak komisariatu du. (Musika: Marco Mezquida, "Tornado").
2025eko Bilbao BBK Live jaialdia: lehen aldiz, bisitarien batez besteko adina jaitsi da
115 000 pertsona baino gehiago bildu ditu hiru egunetan aurtengo edizioak, eta horietako askorentzat lehen aldia zen. 2026ko Bilbao BBK Live jaialdia uztailaren 9, 10 eta 11n ospatuko da.
Jazza Parkean, 12 orduz etenik gabeko emanaldiak Gasteizko Prado parkean
Gasteizen, datorren astean hasiko dena Jazzaldia da. Horren atariko, musika herritarrei hurbiltzeko ekimena antolatu du EITBk, Prado parkean.
Bilbon barrena kontzertuak entzunez ari dira motorrak berotzen melomanoak
BBK LIVE jaialdia azken egunetara iristen ari da. Hala ere, larunbatean kontzertuak eskaini dituzte Bilbon barrena, melomanoek motorrak berotu ditzaten.
Bad Gyalen reggaetoi doinuek Bilbao BBK Live jaialdia bete dute
Ekaitzaren ondorioz, Kataluniako abeslaria 20 minutuko atzerapenarekin azaldu da oholtza gainean, baina dena dela, kontzerturik jendetsuenetako bat izan da.
Kneecap taldearen kontzertua, Palestinaren aldeko aldarri bihurtuta
Palestinari elkartasuna adierazteko emanaldi sendoa eskaini du Ipar Irlandako hirukoteak Bilbao BBK Live jaialdiko agertokian.
Euri jasak, haize eta trumoiekin batera, BBK Liveko gaueko programazioa lausotu du, Amaia eta Rayeren emanaldiak zapuztuz
Jaialdiaren azken egunean, Kylie Minogue australiarra izango da oholtza gainean, baita Carolina Durante, Nathy Peluso eta Damiano David ere.
Kylie Minogue, Nathy Peluso, Damiano David eta Fat Dog, Kobetamendiko festa burutzeko
Bilbao BBK Livek aurtengo edizioko azken gaualdia du gaurkoa. Malko, Amateur, Janus Lester, Viva Belgrado, Sparks eta Carolina Durante ere ageri dira gaurko kartelean.
Ipar Irlandako Kneecap taldeko raperoek Kobetamendiko musikazaleen arreta bereganatu dute
Belfasteko taldea Bilbao BBK Live jaialdiko karteleko izen handietako bat izan da. Irlandera ere erabilita, arazorik gabe aritu dira politikaz eta gizarte arazoez, eta jaia pizten iaioak direla erakutsi dute agertokiaren gainean.
Pulpek klase erakustaldia egin du Kobetamendin
Britpoparen beteranoek kontzertu dirdiratsua eskaini dute bart, Bilbao BBK Live jaialdiaren hemeretzigarren edizioaren aurreneko gaualdian. Mirua, Michael Kiwanuka eta Ca7riel & Paco Amoroso ere nabarmendu dira bertan.