La M.O.D.A.: 'Transmititzea lortzen ez baduzu, kontzertuak ez du funtzionatzen'
Aurki, La M.O.D.A. (La Maravillosa Orquesta del Alcohol) Burgosko taldeak kaxoi batean gordeko ditu, urtebeterako, kontzertuetan taldekideek soinean izaten dituzten elastiko zuriak, eta atseden emango diete 2017an “Salvavidas (de las balas perdidas)” gaztelaniazko beren hirugarren diskoa kaleratu zutenetik (aurretik “The shape of folk to come” kaleratu zuten, ingelesez) han-hor-hemen 150 kontzertuetan atergabe astindu dituzten gitarra, baxu, saxo, bateria eta abarrei.
Halere, lokalean gotortu eta Raul Refree ekoizlearekin batera (taldearen azken bi singleak eta Fermin Muguruzaren, Silvia Perez Cruzen, Lee Ranaldoren eta Rosaliaren lanak ekoitzi ditu) disko berria prestatu aurretik, folka, popa eta rocka uztartzen dituen zazpikoteak bira agurtzeko kontzertu sorta bat iragarri du, Iruñera (Zentral aretoa, azaroak 2) eta Bilbora (Santana 27 aretoa, azaroak 9) eramango dituena.

Argazkia: Alex Rademaker
Caleb Melguizo taldeko bateria-jotzailearekin hitz egin dugu.
Bi urteko bira oso arrakastatsuaren ondoren, zerk adierazi dizue ziklo bat bukatu dela? Nola erabakitzen da bira bukatutzat eman behar dela?
Egia esan, oso bira berezia izan da guretzat. “Salvavidas (de las balas perdidas)” kaleratu genuenean, ezin genuen pentsatu ere egin hainbeste aukera izango genituela. Hainbat lekutara joan gara: Kolonbiara, Mexikora, AEBra, Ingalaterrara…
Baina, bien bitartean, ez diogu gauzak egiteari utzi: bi EP atera ditugu, Steve Albinirekin grabatu dugu, Raul Refreerekin egin dugu lan eta bi single sortu ditugu berarekin, gure probintziara itzuli gara eta doako kontzertuak eman ditugu herrietan… Nahi genuen guztia egin dugu.
Horren guztiaren ondoren, ondo dago gelditzea, egin duzunari begiratzea eta etorkizunean zer egin nahi duzun zehaztea. Disko berri bat egin nahi dugunez, taldea ez da geldituko, nahiz eta kontzertuak emateri utziko diogun.
Bira honetan, gu ikusteko aukera asko egon dira, jendearen babesa sentitu dugu, baina atsegin dugu gauza berriak proposatzea, eskura daukagunarekin ase gabe, eta motibatuta sentitu.
Biraren amaiera Estatuko bost hiritara iritsiko da. Zergatik sartu dituzue Bilbo eta Iruñea horien artean?
Guretzat ezinbestekoa zen bira amaiera Bilbon egitea. Beti sentitu dugu oso abegi ona egiten digutela bertan, eta bira hasieran Kafe Antzokian egon ginen bi gauez, sarrera guztiak agortuta. Oraingoan, Santanan izango da.
Bilboko eta Gasteizko jaietan ere jo genuen, eta kontzertu zoragarriak izan ziren. Ezinbestekoa zen bertatik pasatzea bira amaieran.
Iruñean, Zentral aretoan egon ginen, eta han ere oso pozik bukatu genuen.
Nolakoak izango dira kontzertuak? Zer eskatzen diozue zeuen buruari kontzertu bat ontzat emateko?
Kontzertuak bukatutakoan, askotan hitz egiten dugu, zer hobe daitekeen zehazteko, eta, egia esan, publikoarekiko feeling-a funtsezkoa da. Oso ondo jo dezakezu, baina transmititzea lortzen ez baduzu, kontzertuak ez du funtzionatzen.
Gehien asetzen zaituzten kontzertuak publikoak taldearekin bat egiten duen horietakoak izaten dira, ez zarela bakarrik kantatzen ari sentitzen duzunean. Gure kasuan, bira hasieran agertoki gainean elkar entzuteko modua aldatu behar izan genuen. Lehen monitoreak erabiltzen genituen, baina in-ear sistema erabiltzen hasi behar izan genuen, jendeak horrenbeste kantatzen zuenez aretoetan ezin baikenuen elkar entzun. Zoragarria da.

Argazkia: Alex Rademaker
Madrilen izan ezik, aretoetan izango dira kontzertuak. Faltan botatzen zenituzten?
Guretzat garrantzitsua da aretoek publikoarekin eskaintzen dizuten gertutasuna ez galtzea. Ohikoa saihestea gustatzen zaigu, eta nahi dugun tokian nahi dugunekin jotzea. Talde akustikoa ginen hasieran, eta kalean ere asko jo dugu.
Jaialdiak oso ondo daude erakusleiho handia direlako, baina aretoetan jendea zure musika entzutera etortzen da eta beste sentsazio batzuk eragiten dizkizu. Guretzat garrantzitsua da aretoetan jotzea, eta hala jarraituko dugu seguru asko etorkizunean ere.
Gonbidatuak izango dituzue kontzertuetan: Juancho Marqués eta Guitarricadelafuente (Iruñea) eta Erik Urano eta Gonzalo, Cristian eta Ibai La Regaderako kideak (Bilbo).
Bira amaierako gonbidatu guztiak gure ibilbide osoan zehar gurekin harremana izan duten pertsonak dira, eta atsegin dugu kontzertu hauek lagunokin partekatzea. Horietako bakoitzak ekarpena egingo dio kontzertuari, bere estilotik eta musika ulertzeko bere modutik abiatuta, eta proposamen interesgarria dela uste dugu.
Irudipena dut Gorka Urbizuren kolaborazioa aukera bat izan zela kontzertuotarako, baina Berri Txarrakek ere kontzertuak ditu egun horietan. Zer mezu helarazi nahi diozu Berri Txarraki beren agurrerako hilabete baino gutxiago falta denean?
Guretzat erreferente oso garrantzitsua da Berri Txarrak, eredu bat, eta esango nizuke nazioarte mailan gehien miresten dugun taldeetako bat dela. Beraiekin harremana dugu, Gorkak kolaborazioa egin zuen “PRMVR” kantuan, eta ahal dugun guztietan gurekin kantatzera gonbidatzen dugu, baina oraingoan ezingo da izan.
Pena da agur esatea. Albisteak denok harritu gintuen, oraindik ere asko eman dezakeen taldea baita: talde hasiberrien indarra eta amorrua dute, eta, halaber, jotzen denbora asko eramateak eman dien esperientzia. Behin erabakia hartuta, baina, gure babes osoa dute, eta azken kontzertuez gozatzea opa diegu.
Bilbon, Kobetamendin, eman zuten kontzertuan egon ginen; David gure kantariak kolaborazioa egin zuen beraiekin, eta izugarria izan zen. Egiten dutena egiten dutela, gure babesa dutela esan diezaiekegu, besterik ez.
2020ra begira, bira bukatzen duzuenerako, zer asmo duzue? Kaleratu dituzuen azken singleetan oinarrituta, asma daiteke nondik nora joko duzuen hurrengo diskoan?
Kantuetan oinarritzen den taldea gara, eta ez ditugu formulak errepikatzen. Ikertzen eta estilo ezberdinak lantzen jarraitzen dugu. Estilo batean geldituz gero, asko mugatzen zara.
2020an, kantu berriak prestatzen arituko gara, baina zaila da jakitea nondik joko dugun. Badugu zerbait, eta Raul Refreerekin egingo dugu diskoa, baina orain bira amaiera honetan dugu burua.
Zure interesekoa izan daiteke
Natxo de Felipe berriro oholtzara igo da Oskorrirekin argitaratu gabe geratu ziren abestiak berreskuratzeko
Natxo de Felipe musikari beteranoak abesti horiei hautsa kendu eta bizitza berri bat eman die "Abandonatuak" ikuskizunean, Arantzazuko Santutegian. Hitzordua Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan txertatu da, eta EITBren parte-hartze eta babesarekin eraman da aurrera. Emanaldian, taldearen diskoetan sekula lekurik aurkitu ez zuten kantu horiek entzun ahal izan dira berriro, formatu berritu eta elektriko batean.
Zea Mays, Leire Martinez, Bebe, M-Clan... Aste Nagusiko kontzertu guztiak
Aste Nagusiak musikaz beteko du Bilbo aste osoan zehar, hiriko hainbat agertokitan banatutako kontzertu-programazio zabalarekin. Hauek dira jaietako musika-eskaintzaz gozatzeko emanaldi eta ordutegi nagusiak.
Juan Diego Florez tenor perutarraren emanaldia eta 9 ikuskizun Donostiako Musika Hamabostaldia abiatzeko
Gaur hasi eta abuztuaren 30era arte, 60 kontzertu baino gehiago izango dira Kursaalen, Victoria Eugenian eta Tabakaleran. Ikuskizun aipagarrien artean, "Arriaga harrigarria", Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrena gogoratuko duen kontzertua, eta Natxo de Felipek agertokietara egingo duen itzulera, Arantzazun izango den emanaldiarekin.
Zita bikoitza etxean
“Tantas cosas que contar” Amaia Montero abeslaria La Oreja de Van Gogh taldera itzuli izana ospatzen duen bira Donostiara iritsiko da asteburuan. Iluben, Donostia Arenan, dago jarrita hitzordua, ostiral-larunbatetarako.
Natxo de Felipe agertokietara itzuliko da "Abandonatuak" proiektu berriarekin
Oskorrik agur esan eta 11 urtera, Natxo de Felipe berriro igoko da agertokietara disko berri batekin: Abandonatuak. Argitaratu gabe geratu ziren talde mitikoaren kantuak berreskuratu ditu proiektu honetan, eta abuztuaren 20an zuzenean aurkeztuko du Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Philiperena taldearekin batera aritu da disko honetan, Xabier de Felipe, Przemysaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera.
Ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan den Miguel Martin omendu dute Donostian
Donostiako Jazzaldia saria eman zioten bart Miguel Martini, ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan denari. Orain arte berak ematen zien Trinitate Plazan sari hori musikariei, eta aurten berak jaso du errekonozimendu gorena. Jon Insausti Donostiako alkateak eman zion saria.
ETSk hasiera bikaina eman dio Donostiako Jazzaldiari
En Tol Sarmiento talde arabarrak Donostiako Jazzaldiaren 61. edizioa inauguratu du bart. Kontzertuaren irudiak zuzenean proiektatu zituzten Kursaaleko fatxadan.
Adele, Raye, Sienna Spiro…: 15 urte Amy Winehouseren oinordekoaren zain
Duela 15 urte Camden Towneko bere etxean hilda aurkitu zuten Amy Winehouse; ordutik, Erresuma Batuko musikagintzak ez du haren parekorik aurkitu.
Jazzaldia abiatzeko ETSk gaur hondartzan emango duen kontzertu jendetsua Kursaaleko fatxadan ikusi ahal izango da
Asteazken honetan ekingo diote doako kontzertu jendetsuei, Keler Gunean. Arabako talde ezagunak joko du 23:30ean, eta, aurretik, LP artista estatubatuarraren musika izango da protagonista. Datorren egunetan Danielle Nicole, Kokoshca, Emma-Jean Thackray, Nøgen eta HOFE igoko dira Zurriolako oholtzara, besteak beste.
Bilbao Blues jaialdiak doako kontzertuekin beteko du Areatza
Uztailaren 24tik 26ra egingo den jaialdiaren bosgarren edizioak Travellin' Brothers Bizkaiko taldeari emango dio urteko saria.