Pello Reparaz: 'Musika elektronikoari erabat ireki dizkiot ateak'
Vendetta taldearen jamaikar doinuak atzean utzita, Pello Reparaz bueltan da beregan sortutako doinuak bestelako oihartzunekin jantzita, Zetak taldean, Durangoko Azokaren atarian jakin-min handiena piztu duen musika proiektuetako batean.
Reparazek eta inguruan duen lantaldeak ohiko musika taldeen irismenaz harago joateko erronka jarri diote beren buruari, musika ardatz hartuta, eta parez pare ireki dizkiote ateak elektronikari Zetaken lehen diskoan. Reparazek berorrekin lan egiteko aspaldidanik zuen irrikari trabarik jarri gabe, doinu horiexek dituzte oinarri arbizuarraren lelo itsaskorrek eta doinu kulunkari eta dantzagarriak abentura berri honetan.
Azokaren atarian, berarekin hitz egin dugu, Zetaken inguruan.
Zer jatorri dute Zetaken kantuek? Denak konposatu dituzu proiektua mamituta zenuela?
Bai, hala da. Ez naiz kantu zaharrak berreskuratzeko zalea, eta, aurrera begiratzeko joera horretan, abesti original eta propioak sortu nahi izan ditut, proiektuaren asmo artistikoarekin bat egiten dutenak.
Kasu honetan, abesti hauen ezaugarririk bereizgarriena da pertsonaiak direla protagonista gehienak, ez dira nik bizitako gaiak. Baliteke erraietan ditudan gaiak izatea kantagai kantu batzuetan, baina beste pertsonaia batzuei aplikatuta. Horrela, egiatik libreago sentitu naiz, erabat libre istorioak kontatzeko.
Zer eskatu diezu sortzen joan zaren kantu edo zirriborroei balekotzat jotzeko? Zer muga estilistiko dituzte Zetaken kantuek?
Urte batzuk daramatzat abestigintzan eta ekoizpenaren munduan, eta bi arlo horietan gauzak ezberdin egin nahi nituen, hori argi zegoen. Gainera, zor bat nuen musika elektronikoarekin, erabat “armairutik ateratzeko” gogo bat, Vendettaren ardatz estilistikoa jamaikar musika zenez, hainbat elementu baitzeuden ez zidatenak uzten, modu batera edo bestera, konponketetan eta ekoizpenean musika elektronikoari ateak erabat irekitzen.
Hori kontuan hartuta, sormen gai guztiak, hitzak izan ezik, noski, abiapuntu elektroniko batetik sortu ditut, eta horrek beste puntu batera eraman nau hitzak idazteko orduan ere. Esan daiteke, beraz, ekoizpenak, doinu elektroniko eta nolabait modernoagoek kontzeptua eta hitzen norabidea, diskoaren aura, ere bideratu dutela.
Talde elektrikoetan, tresnek berek mugak ezartzen dituzte kantuak garatzeko, baina kantu elektronikoak osatzeko aukerak infinituak dira. Noiz ematen da bukatutzat kantu bat? Noiz uzten diozu kantu bat janzteari?
Hor dago koska! Oso galdera interesgarria da. Niretzat oso garrantzitsua da soinu identitatea, eta rock talde bat izateak asko laguntzen du identitate propio eta trinko bat topatzeko, bateriak bateria bat duelako, gitarristak gitarra bat eta baxuak baxu bat.
Elektronikan, ordea, askatasuna ikaragarria da, eta aukerak amaigabeak dira. Hain zuzen ere, horregatik, nire iritziz, elektronikako hainbat proiektu eta diskok arazo bat izaten dute horregatik: aukera zabal horretan, denetarik erabiltzen dute, eta nortasuna ez dute garatzen, taldea ez da identifikagarria bi konpas entzunda. Niri gustatzen zait disko bat homogeneoa eta identifikagarria izatea.
Zetak. Argazkia: Jaime Asua.
Zuk esan bezala, elektronikarekin askatasun handia duzu, eta hori gozamen hutsa da, baina iristen da puntu bat non berriz biluztu behar dituzun ekoizpenak eta aurkitu behar duzun abestiak lotuko dituen puntu bat.
Lehen kontzertua eman duzue. Nola eramaten duzue zuen proposamen berria agertokira?
Lau musikari gara taula gainean. Hasteko, Leire Colomo iruindarra. Bateria modulu batekin perkusioak jotzen ditu, horien artean diskoan presentzia handia duen txalaparta, eta xilofono midi bat, melodia elektroniko asko jotzeko baliatzen duena.
Gorka Pastor ere iruindarra da, eta diskoaren ardatz harmonikoa den Virus TI2 sintetizadorea jotzen du, baita pianoa ere, Mininova batekin vocoderra, arpegiadore batzuk ere hortik… Teklez arduratzen da, eta garrantzi handia du proiektuan.
Erritmoari dagokionez, Iban Larreburu baionarra dago. Bateria hibridoa jotzen du, elementu batzuk organikoak eta beste batzuk elektronikoak dituena.
Horrez gain, nik ere tresna horietako asko jotzen ditut, eta denok ibiltzen gara batetik bestera, ezker-eskuin: Leire bateria jotzera mugitzen da, Iban Leireren perkusio elementuak jotzera joaten da, nik Gorkarenera eta bateriara…
Oso dinamikoa da proiektua, arlo horretatik, eta oso pozik nago zuzenekoen planteamenduarekin. Gainera, jendeari ere asko gustatu zaio. Hortik jarraituko dugu, beraz.
Proiektuaren arlo ez-musikalak asko zaindu dituzu: lehen kontzertua sekretua eta oso ikusgarria izan da, informazioa tantaka azaleratzen joan zarete, bi bideoklipak eta lyric bideoa oso zainduta daude… Zelan lantzen dituzu proiektuaren beste alde horiek?
Zetak, musika talde bat bezala baino gehiago, proiektu artistiko mutidiziplinar bezala ulertzen dugu, eta ahalegin berezia egiten ari gara norabide horretan. Musika da ardatza, dudarik gabe, baina ahalegin handia egin dugu bideoklipekin, Durangoko Azokan eskura egongo den diskoaren diseinuekin, merchandaisingarekin, webgunearekin eta sare sozialen erabilerarekin.
Garaiak asko aldatu dira. Jada, musikaria ez da soilik musika jo dezakeen pertsona bat, baizik eta arlo askotan lan egin behar duen pertsona, euskal musikagintzan behintzat. Lanik egiten ez badugu, proiektuak ez doaz aurrera, argi eta garbi.
Irudiari eta sare sozialei eman diegun garrantzian, gainera, hanpatzekoa da Iratxe Reparaz Zetakeko arte zuzendariaren papera. Figura ezinbestekoa izan da Zetaken orain arteko bilakaeran.
Durangoko Azokaren atarian jakin-min handiena piztu duen proiektuetako bat da zuena. Zelan bizi izaten duzu Durangoko Azoka?
Nire iritziz, urteak aurrera doazela, mundu mailan globalizazio gero eta agerikoagoa da, eta, azkenean, horrek gure alde jokatuko duelakoan nago. Artearen munduan, ezberdintzen zaituen zerbait bilatze horretan, guk oso erraz dugu: badaukagu hizkuntza bat munduan milioi bat lagunek baino gutxiagok hitz egiten dutena, eta gu gai gara hizkuntza horretan transmititzeko eta sortzeko.
Industria bat ere badugu, eta horren birika garrantzitsuetako bat Durangoko Azoka da eta beti izan da. Nik ez ditut bizi izan disko asko saltzen ziren garai horiek, eta harrigarria egiten zait nola Durangoko Azoka iritsi, eta jendeak, kontzientziari erantzunda, ekarpena egiten dion euskal kulturari.
Data seinalatua da, eta Zetakekin ere horren alde egin dugu apustu, diskoa abenduaren 5ean aterako baita, Durangoko Azoka hastearekin bat.
Zer etorkizun opa diozu Zetaki?
Kostatu egiten zait etorkizunera begiratzea, erditu berritan baikaude, baina egia da lan handia egin dugula orain arte, eta Zetaki eta Zetaken lanean ari diren guztiei opa diedana da urte askorako lana. Datorren urtean, 15 urte edo 20 urte barru, orain arte bezala, ohean sartu eta ondo lo egitea.
Horretan ari gara, eta hori izango da seinalerik onena.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Zetak taldea, "Ahoz Aho" ETB1eko saioan (azaroak 27)
Albiste gehiago musika
Zea Maysek dardarka jarri du Gasteiz
Andre Maria Zuriaren jaietan, kontzertua eskaini zuen atzo talde bizkaitarrak. Foruen Plaza leporaino beteta, Aiora Renteriaren ahots indartsuak, beste behin, dardara eragin zuen.
Bilboko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskaini du lehen aldiz Arabako espetxe barruan
Bilboko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskaini du lehen aldiz Arabako espetxe barruan. 45 musikarik 50 minutuz interpretatu dituzte Jesus Guridiren obrak espetxeko preso eta langileen aurrean. Ekimenaren helburua pertsona guztiei kultura eskubide unibertsal gisa hurbiltzea da, baita espetxean ere. Musika enpatia bideratzeko zubia eta gizarteratzea errazteko tresna bihurtu da.
'Amaya' opera lehen aldiz eskainiko da Donostiako Musika Hamabostaldian
Euskarazko opera honen kontzertu-bertsioa abuztuaren 9an (larunbata) eskainiko da, 20:00etan, Kursaalen. Jesus Guridi konpositore gasteiztarraren obra garrantzitsuenetako bat da, Musika Hamabostaldian inoiz interpretatu gabea.
ETS taldearen 20 urteak: Arabako Ekora herritik Madrileraino
Larunbat honetan, omenaldia egin diote ETSri, Ekora bere jaioterrian, taldearen 20 urteko ibilbidea ospatzeko. Hori aitzakia hartuta, Iñigo Etxezarreta buru duen taldearekin bildu gara, 60 abestik eta 500 emanaldi baino gehiagok osatutako ibilbidea gogoratzeko.
Hasi da Donostiako Musika Hamabostaldia, estreinaldiz eta izen handiz beteriko edizio historiko batekin
Donostiako jaialdiaren 86. edizioa abuztuaren 1ean inauguratu da, "Requiem (s)" baletarekin, eta lehen aldiz izango dira Parisko Operako eta Leipzigeko Gewandhausorchesterreko orkestrak.
Donostiako Jazzaldiak "arrakasta handiarekin" eta "sasoi betean" itxi du bere 60. edizioa
Miguel Martinen azken edizioa izan da, zuzendari gisa, baina Donostiako jaialdiaren "zerbitzura" lanean jarraituko du. Martinek ordainpeko 17 kontzertutan harmailak lepo bete direla nabarmendu du, eta gainerakoetan ia beteta egon direla. Doako 52 kontzertuek 158.700 pertsona batu dituzte, eta ordainpekoek, berriz, 20.480.
Jimmie Vaughan blues rockaren izen handia, IV. Bilbao Blues Festival Saria
Jaialdiko txapela jaso du larunbat honetan Vaughanek (Texas, 1951), eta, ondoren, kontzertua eskaini du, Estatuko bakarra. 1976an The Fabulous Thunderbirds talde mitikoa sortu zuen Vaughanek eta, 1989an taldea utzi ondoren, bakarlari gisa aritu zen. Guztira, lau Grammy irabazi ditu.
Bulego taldeak Jazzaldiko publikoa bereganatu du
Donostiako jazz jaialdiaren barruan, energiaz beteriko zuzenekoa eskaini du bart Azkoitiko taldeak Zurriola hondartzan, familiaz eta gaztez osatutako publikoaren aurrean.
Dee Dee Bridgewaterrek, jazzaren izar handiak, Donostiako Jazzaldia saria jaso du
Menphiseko abeslari handiaren lau hamarkada baino gehiagoko ibilibidea saritu nahi izan dute. Bridgewater Donostiako Jazzaldiaren oholtza gainean zuzenean aritu da ostiral honetan. Golardoa jasotzean, "emakume guztien eta bereziki emakume beltzen" alde egindako lana aldarrikatu du.
Latzen taldea oholtza gainean da berriro, 17 urteren ondotik
Egunotan Lakuntzan ospatzen ari diren Hatortxu Rock jaialdiaren azken edizioan agertu da berriro Oñatiko heavy taldea. Bi maketa eta bi diskoren ostean, 1999. urtean banandu ziren. 2007an, laukoteak itzulera bira bat egin zuen, "Hellmuga" diskoan jasoa gelditu zena.