Nøgen: 'Musikak sortzen duen emozioarekin erraz eraiki daitezke zubiak'
“Ez da ondo aterako” kantatzen du Nøgenek Live till døden bere lehen disko luzearen hirugarren kantuan, La M.O.D.A. Burgosko taldeak, donostiar boskotearen erreferente argiak, lagunduta, baina, beren ibilbideari dagokionez, ustel askoa izan da profezia: ez zuten asmatu hitz horiekin, ezta hurrik ere. Oso ondo atera zaie 2018an lehen diskoarekin egindako apustua.
Popak, kilometro goseak, melodia goxoek, folkak, ahots harmoniek, bost taldekideen arteko harreman estuak, erronkak bere egiteko beldurrik ezak eta lau haizetara oihukatzeko leloek saria ekarri diete, eta arrakasta handiz erakutsi dituzte nøgendarrek beren kantuak urtebete luzeko biran, Euskal Herrian, Katalunian, Kuban, Japonian…
Igandean bukatuko den bidaia luzeaz, igandeko kontzertuaz beraz (sarrera guztiak saldu dituzte) eta horren ondoren etorriko denaz hitz egin dugu Alex Irazusta taldeko gitarristarekin.
Zergatik gelditu orain? Zerk adierazi dizue bira bukatzeko une egokia zela?
Inoiz bizi izan dugun urte mugituena izan da denontzat: 70 kontzertu eman ditugu 2019an, eta ez gara honetatik bizi, norberak bere lana du. Iruditu zaigu bazela garaia oihala jaitsi eta oroitzapenen kutxan gordetzeko.
Esango nuke oso talde ordenatua garela, gustatzen zaigula bilerak egin eta plangintza bat osatzea. Liv til døden grabatzerakoan, ez genuen gauzak nahi adina denborarekin egiterik eduki, eta orain, hurrengo diskoan lanean jartzeko, nahiko denbora hartzea erabaki dugu.
Kontzertu berezia izango da igandekoa. Zer aurkituko du Victoria Eugeniara bertaratzen denak?
Ilusioa eta emozioa. Esan bezala, guztia asko lantzea gustatzen zaigu, eta aspaldi hasi ginen kontzertu honi forma ematen. Orain, dena prest dago, eta argi esan dezakegu ikusle orok zerbait bueltan eramango duela etxera. Nøgen ulertzeko eta bizitzeko aukera izango du jendeak, kontzertua ikusi baino gehiago, bere parte izateko.
Bilbao BBK Live, Jazzaldia... Kontzertu handiagoak egin dituzue bira honetan. Zelan moldatzen zarete agertoki erraldoietan?
Alde handiena agertokitik kanpo dago: antolakuntza, ordutegiak, norberaren urduritasunak eta abar. Behin kontzertua hasten denean, ez zara kontziente 100 ala 1.000 pertsona dauden publikoan. Berdin dibertitzen saiatzen gara, eta sentimendu hori ikuslearekin konpartitzen.
Hasieran, bertigoa ematen zigun, agertoki handi bat bete egin behar delako. Orain, ordea, eskertzen dugu espazio hori guztia, kableak txukunago jartzeko bada ere.
Zer eskatzen diozue Nøgenen kontzertu bati, bukatutakoan aseta gelditzeko?
Esan bezala, ez gara honetatik bizi, ezta gutxiago ere, baina asko baloratzen ditugu honi esker ditugun bizipen eta esperientzia ezohikoak. Lehenik eta behin, gure helburua ondo pasatzea da, guk, gure lantaldeak eta baita publikoak ere.
Beti eskertzen diogu jendeari kontzertura etortzeko aukera egitea, ziur izango zutela beste ezer egiteko eta. Baina kontzertuan gertatzen den musikari-entzule lotura horrek badu halako magia puntu bat. Ikusleak etxera zerbait berria eramatea gustatuko litzaiguke, kontzertu bat, arte bezala, oso iragankorra baita, baina norberarengan utzi dezaken marka oso indartsua izan daiteke.
Gure kontzertuak musikalki perfektuak izatea baino gehiago, nahiago dugu sentimendu edo emozioen transmisio hori landu.
Bestalde, oso garrantzitsuak iruditzen zaizkigu lanerako baldintzak: kamerino bat, komuna, soinu proba duinak eta halakoak.
Hasi zarete Liv til døden diskoaren jarraipenean lanean? Zer ildo musikal dituzte zirriborroek?
Ez gara geldi egotekoak. Ez naiz gogoratzen taldearen hiru urte eta erdi hauetan geldi egon garen inongo momentutan, ez dut uste. Beti dago zerbait idazteko, antolatzeko... Beraz, idazteko prozesu horretan oraindik % 100 sartu ez bagara ere, lehenagotik aritu gara lanean. Gainera, bira honetan jendeak abesti berri horietako batzuk entzun ahal izan ditu. Halere, gero horiek disko berrian sartuko diren ala ez misterio bat da oraindik guretzat ere.
Estilo aldetik, beti esan dugun bezala, ez gara etiketen zaleak; are gutxiago, horietako batekin ezkontzeko... Guretzako abestiak egiten ditugu, gure beldur, ilusio eta ametsen inguruan, oro har, eta, beraz, abestia gailentzen da estiloaren gainetik. Guri barrenak mugitzen badizkigu, igual du thrash metala bada (kar kar).
Serio jarrita, esango nuke abesti berrietan erraz identifikatuko dela Nøgen, 2 urte eta 70 kontzertu helduagoa.
Katalunian, Hego Korean, Japonian eta Kuban egon zarete, besteak beste, bira honetan. Zelako harrera izan duzue hemendik kanpo? Bide horretan sakontzeko asmorik baduzue? Zer ematen dizue atzerrian jotzeak?
Euskal Herritik kanpoko lehen esperientzia Kuban bizi izan genuen, eta ez genuen inondik ere halako harrera espero. Herrialde musikazalea dela bagenekien, baina reggaetoia da nagusi bertan, eta gu beste galaxia musikal batean mugitzen gara. Azkenerako, pertsona bat baino gehiago etorri zen esatera beren bizitzako kontzertu onena, talde faboritoa edo dena delakoa ginela. Momentuko emozioa da, baina asko eskertzen da.
Dena den, jendea oso eskertuta gelditzen da mundu osoan, taula gainean duen guztia ematen duenarekin, eta ikasi dugu musikak sortzen duen emozioarekin erraz eraiki daitezkeela zubiak, hizkuntzak hizkuntza eta kulturak kultura.
Bestalde, Estatu mailan egin dugun birak leku berriak zapaltzeko ilusioa piztu digu, urduritasun eta ezjakintasun polit hori. Vigon, aurtengo errekorra egin genuen, jende gutxien bildu den kontzertua, 13 bat pertsona. Eta guztiek azaldu ziguten beren esker ona. Merezi izan zuen bidaia luze hark, eta bazkariko mariskoa ere oso ona zegoen.
Beste puntan geratzen dira Madril, Bartzelona eta Valentziako kontzertuak: 200 pertsona eta aretora sartzeko ilarak... Eta gu, flipatzen. Luzea egingo zaigu datorren urtea kontzertu gabe.
Zer moduz daramazue biretako alderdi ez-musikala: elkarbizitza, asperdura, lo falta...
Bost laguneko talde bat gara, tarteka bildu eta zarata pixka bat ateratzen duena. Joan den astean, zinera joan ginen asteazkenean, eta escape room batera ostiralean.
Biran elkarrekin horrenbeste ordu pasatuta, naturala den bezala, gure liskarrak eta haserreak edukitzen ditugu, baina oso erraz konpontzen gara. Hau galtzen dugun egunean, ez dugu dudarik egingo taldea amaitzen, gehien balio duena gure arteko harreman hau delako.
Zer ikusten duzue aurrera begiratzen duzuenean? Norantz bideratu nahi duzue Nøgen?
Ufa! Galdera tranpa. Taldeko bakoitzak bere ideiak ditu, eta erantzun ezberdinak eman genitzake. Ikasi duguna da egunean egunekoa baloratzen, plangintza bat segundo bakarrean eror daitekeela eta hil arte bizi behar dugula indar guztiekin.
Epe motz-ertainera begira, esango nuke disko biribil bat atera nahi dugula, gu beteko gaituena eta bira berrirako ilusioz gainezka itzuliko garela. Hortik aurrerakoak, auskalo. Disfrutatzen segi!
Albiste gehiago musika
Bruce Springsteen Donostian da jada
Bart Frankfurten kontzertua eskaini ondoren, Springsteen eta bere talde osoa Hondarribiko aireportura iritsi dira bi charter hegalditan. Dozenaka lagun zituen zain Donostiako Maria Cristina Hoteleko atean, datozen egunetan bere kuartel nagusia izango den hotelean. "Boss"ek bi kontzertu eskainiko ditu Anoeta estadioan. Lehenengoa larunbatean izango da, 38 000 jarraitzaileren aurrean, eta bigarrena, berriz, datorren asteartean, ekainaren 24an.
50.000 musikazale espero ditu ateak ireki berri dituen Azkena Rock jaialdiak
Dinosaur Jr. estatubatuarrak izango dira osteguneko kartelburuak.The Damned britainiarren punka ere entzungai izango da. Ostiralean, John Fogerty eta bi urteren ostean Azkenara itzuliko den Lucinda Williams izango dira izen nagusiak. Johnny Rotten Sex Pistolseko abeslari ohiak intentsitatea jarriko du. Larunbatean Manic Street Preachers talde ezagunak, The Flaming Lipsen psikodeliak eta The Hellacopters suediarren 30. urteurrenak emango diote amaiera 23. edizioari.
Dena prest da Mendizabalan, Azkena Rock Festival hartzeko
Gaur hasiko da Gasteizko rock jaialdi beteranoaren 23. edizioa. Alfonso Santiago arduradunak esan digunez, "modan ez dagoen festibala" da Azkena Rock Festibal.
Akelarre musika taldea, pantailara
Bideografik durangar ekoiztetxea plaza taldearen 33 urteko historia biltzen duen dokumental bat grabatzen ari da. 2025eko udazkenean estreinatu nahi dute,
Dee Dee Bridgewater, Marc Ribot eta Bill Bruford sarituko dituzte Donostiako 60. Jazzaldian
Musika jaialdiak 88 kontzertu eskainiko ditu bederatzi egunean, horietatik 51 doakoak.
Udan barrena, rock-and-rollaren doinupean
Azkena Rock Festivalen 23. edizioa ekainaren 19, 20 eta 21ean egingo dute Gasteizen, Mendizabalako eremuan. Ez dirudi ideia txarra udarako sarrera (larunbat goizaldean sartuko gara udan) John Fogertyren, Lucinda Williamsen edo Manic Street Preachersen eskutik egiteak.
Bilborekin zuen zorra ordaindu du Alan Parsons mito handiak
Musikari eta ekoizle britainiarrak kontzertua eman du larunbat honetan BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdian, 2022ko edizioan parte hartzeari uko egin behar izan ostean.
Euriak ez du itzali Anoetako "akelarre antifaxista"
Fermin Muguruzak 30.000 lagun bildu ditu Donostian, 40 urteko ibilibide musikala ospatzeko, Palestinaren aldeko aldarri solidarioen artean. Gainera, abeslariak beste kontzertu bat iragarri du abuztuaren 14an, Irunen.
Anoeta Palestinaren aldeko aldarri bihurtu dute Fermin Muguruzaren zaleek
Euriak ez ditu Anoetan bildutako milaka zaleak kikildu, eta Palestinari elkartasuna erakutsi diote, Irungo musikariaren kontzertuaren atarian.
Fermin Muguruza: "Emango ditudan azken kontzertuak bezala bizitzen ari naiz"
30.000 lagun espero dira larunbat gau honetan Anoetan, Fermin Muguruzaren kontzerturako. Talde desberdinek parte hartuko dute 7 orduko ikuskizunean eta 21:00etan irtengo da oholtzara Fermin Muguruza. Kontzertuaren atarian berarekin egoteko aukera izan dugu.