Liher: "Gure abestietan ia beti ageri da intentsitatea"
"Eta hutsa zen helmuga" diskoaren hasiera-hasieratik, agerian uzten du Liherrek zer aldartetan datorren eta zein osagaik gorpuzten duten beren proposamena. Play botoia sakatu, eta hahor bere soinu identifikagarria: gitarra melodia jostariak, paisaia musikal osoaren oinarri diren rock gitarra zorrotzak, baxu pikordun eta melodiatsua, bateria kolpe sakon eta indartsuak, eta, horren guztiaren gainetik, Lideren ahots indartsua, ezinegona eta ezintasuna nagusi izan den garaiotan beratutako sentimendu eta hausnarketak oihuka azaleratzen ("Hautsi ginen baina zati guztiak hartu / arrakalak urrez bete eta aurrera jarraitu", kantatzen dute "Kintsugi"n).
"Hemen herensugeak daude" aurreko disko kontzeptualaren soinu perfekzioa eta batasuna hautsiago, zakarrago eta libreago ageri dira "Eta hutsa zen helmuga"n. Estilo aldetik ere, gorabehera handiagoak daude soinu bidaia honetan, hard rocketik eta rock alternatiboa deritzon horretatik abiatuta, soularen, amerikar musikaren eta bluesaren printzak ("Aint' no lullaby", "Hasi", "Orri zuri batek"eko koru eta gitarra konponketa horiek…) eta stoner, metal eta, "Arrastaka" kantuaren leloan, mathcore inarrosaldiren baten (Dillinger Escape Plan Garaten ibili dira?) zipriztinak ageri dira.
Hitzetan, nabari dira pandemiaren astinduak taldean eragin dituen zauriak, baita berorietatik ateratako irakatsiak ere; ez dira, agian, garai onenak, baina gure garaiak dira.
Lide Hernando taldeko gitarrista eta abeslariarekin hitz egin dugu.
Inoiz baino gehiago, erraietatik egindako diskoa dirudi "Eta hutsa zen helmuga"k. Konposizio eta ekoizpen aldia aurreko lanetan baino bat-batekoagoa, libreagoa, izan da?
Zeharo. Inongo planifikaziorik gabe sortu ziren abestiak, gehienak Iñigo Etxarriren (gitarra) buru eta eskuetan, eta komeni zena baino askoz ere lehenago.
Aurreko diskoaren irteerak pandemiarekin bat egin zuen bete-betean, eta, beraz, oraindik aurreko diskoari aurkezpen duinik egin gabe geundela, itxialdian sortu ziren abesti gehienak. 2020ko maiatzerako, disko honen oinarri musikala sortua zegoen!
Lehen apur bat azaldu dudan bezala, disko hau aurrekoetatik bereizten duen gauzetako bat da lokaleko lanketa amankomun gutxiago izan duela. Pandemiak ez digu utzi gehiegi elkartzen, eta Etxarri soinu ingeniari izanda bere lantokian grabazio ekipo bat duenez, berak sortu ditu hasiera batean zuk aipatutako gitarra melodiak, baxu lerroak eta bestelako konponketak.
2020ko uda pasata, hainbat hilabetez gordeta zituen abesti horiek entzun genituenean, flipatu egin genuen, eta esan genuen: hau disko berri batean erabili beharra dago.
Gero, noski, beti daude Anderrek (bateria) edota Joshkak (baxua) sartutako ideiak; eta ni hitz eta melodiez arduratu naiz.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Zer eduki behar du kantu batek lihertarrak bertan gogoz lan egiten jartzeko?
Bada gauza bat ia beti ageri dena gure abestietan, intentsitatea, modu ezberdinetan azaleratua: abesti progresibo moduan, doinu leunetatik hasita potente bukatzeraino; soinu dinamika aldakorrak; edo koroek lagundutako pasarte emotiboak dituena.
Halaber, niri pertsonalki hitzek bigarren buelta bat eduki dezaten ziurtatzea gustatzen zait; hasiera batean ulertu bai, baina bigarren batean esanahi gehiago topatzen dizkiozun horietakoak. Ezin esan beti lortzen dugunik, baina saiatu, behintzat, bai!
Soinu zakar, klasiko eta pikordunagoa du disko berri honek, nire ustez. Santi Garciarekin (berak ekoitzi zuen "Hemen herensugeak daude") lortu ez zenuten zeren bila jo duzue oraingoan Kaki Arkarazorengana eta zer aurkitu duzue Garaten?
Egia da zakartasunarena. Hain zuzen ere, Santi Garciarekin Liherrek inoiz lortutako soinurik onena lortu zuen, askoren iritziz; baina egia da hori pentsatzeko arrazoietako bat dela gaur egungo musikak, eta rock modernoak, dituen parametroak erabili zirela disko horretan. Adibidez, bateria xamurrago sartzen da belarrira aurreko diskoan, bonboaren eta kaxaren kolpe guztiak berdinak direlako.
Disko hau "inkorrektoagoa" da, naturalagoa, guk jotzen dugun modua imitatzen duena, eta horrek ere balio handia duela iruditzen zaigu; eta noski, horren bila joan ginen Garatera.
Nola bete duzue aurreko diskoa merezi zuen bezala garatu ezin izateak eragin zizuen eta disko honen hitzetan oso presente den hutsunea? Zeri oratu diozue "arrakalak urrez bete eta aurrera jarraitzeko"?
Bada, lehenik eta behin, sormenari. Sortzeko gai izan ez bagina, garai honen frustrazioa oraindik ere frustragarriagoa zatekeen. Bestetik, gertuko jendeari: familia, lagunak eta bikotekideak. Zer egingo genuke haiek gabe!
Eta amaitzeko, nola ez, musikaren alorrean elkarri lagundu diogun jende horri ere oratu diogu; musikarion artean sortutako komunitatea eta bidea erraztu diguten eta aliatu bilakatu diren hedabideren bat edo beste.
Zertan aldatu da, aldatu bada, orri zuriaren aurreko zuen jarrera, taldeak pisua eta jarraitzaile kopurua, hortaz aurreikuspenak, handitu ahala?
Izua baino gehiago, erantzukizuna handiagoa bilakatzen da diskotik diskora. Dena den, zorionez edo zoritxarrez, ez dugu oraindik topatu gure abesti edota disko bat birala bihurtzeko formula magikorik, eta, beraz, horri esker, gehien gustatzen zaiguna egiten jarraitzen dugu lan berri bakoitzean: esploratzen, estilo berriak jorratzen ("Arrastaka" kasu), erritmo berriak sartzen.
Hard rocka, rock alternatiboa, stonerra, soula, estatubatuar sustraietako musikaren, metalaren eta mathcorearen oihartzunen bat… Bistan da gustu musikal zabala duzuela. Zer entzuten duzue eta zein lurralde musikal komun dituzue?
Nik uste Liherren musika estiloen abaniko anitza dela taldea osatzen dugunon jatorri musikal heterogeneo horren adierazlea. Baxu-jotzaileari System of a Down, Tool eta horrelakoak gustatzen zaizkio; bateria-jotzaileak denetik entzuten du, runbatik hardcorera; gitarristak The Mars Voltaren psikodelia eta irregulartasuna maite ditu; eta ni gehiago nator blues edota souletik, musika beltzetik.
Hala ere, denok melomanoak garen heinean, baditugu puntu amankomunak: At the Drive-In taldea, Jack White eta Queens of the Stone Age etortzen zaizkit orain burura.
Kontzertu batzuk eman dituzue dagoeneko diskoa kaleratu zenutenetik. Zelan funtzionatu dute kantu berriek errepertorioan? Nolakoak dira orain Liherren zuzenekoak?
Lau disko kalean edukitzeak duen gauza ona da bakoitzetik abesti onenak edo, behintzat, kuttunenak hartuta, set list hobea egin dezakezula. Hasieratik gure ondoan egon den entzulegoak gehiago disfrutatuko ditu zuzeneko hauek, abesti gogoangarrienak sartzen saiatu garelako.
Hala ere, egia da gu batzuetan korrontearen kontra goazela, eta saiatzen garela oso gogoratuak izan ez diren abestiak jendearen belarrietan sartzen, ea behingoz konbentzitzen ditugun abesti horiek ere onak direla! Kar-kar.
Bertsioren bat ere prestatzekotan gabiltza, bira bakoitzean berri bat sartzen dugulako, baina ideien faltan gaude...
Eta nola moldatzen zarete kolaborazioak dituzten kantuak (diskoko lau kantutan abeslari gonbidatuak daude) zuzenekora eramateko?
Egia esan, guregatik kontzertu guztietara ekarriko genituzke artistatzar horiek, baina, ezinezkoa denez, gehienetan saiatzen gara abesti horiek nire ahotsarekin bakarrik funtziona dezaten bermatzen.
Argi gelditu da planak oso hauskorrak direla, baina non eta nola egon nahiko zenukete talde moduan urtebete barru?
Esan duzun moduan, pandemiak emandako irakaspenik erabilgarriena planak ez egitea eta itxaropen puztu horiek apur bat lasaitzea izan da.
Urtebete barrurako nahi dugun bakarra da jotzen jarraitzea, gure arteko erlazioa orain arte bezain ona izatea eta hurrengo disko hipotetiko batean oraindik ez pentsatzea, gehiegi jotzen baitugu etorkizunera! Orainaldiaz gehiago disfrutatu nahi dugu.
Aukeratu, mesedez:
Atzerriko talde edo bakarlari bat: Jack White
Euskal talde edo bakarlari bat: Zozo taldea (bide motza izan zuen, baina ufa!)
Disko ezinbesteko bat: "Where the Light Is", John Mayer live in LA
Zuzeneko ahaztezin bat: Rivals Sonsen kontzertua Mad Cool jaialdian, 2018.
Abeslari bat: Whitney Houston (Lide)
Gitarrista bat: Frank Zappa (Etxarri)
Baxu-jotzaile bat: Flea (Joshka)
Bateria-jotzaile bat: Aric Improta (Ander)
Jotzeko toki kutuna: Kanpora joko dugu honetan. Friburgoko KTS espazioa! Bi kontzertu gogoangarri izan ditugu bertako jendearekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Neomak taldea, Arriagan zuzenean
"Lazturak orbain" diskoko aurkezpen bira Bilboko antzokira eraman du taldeak bart. Kantu berriez gain, bestelako abestiak ere utzi zituen gaualdiak, hala nola "Kontu zaharrak".
Errobik azken kontzertua eman du Donostiako Victoria Eugenia Antzokian
Anje Duhalde eta Mixel Ducau buru dituen talde lapurtar historikoak bere azken zuzenekoa eskaini du Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Errobi taldea euskal rock progresiboaren aitzindari bihurtu zen 70eko hamarkadan. Iaz hasi zuten Errobiren 50. urteurrena ospatzeko agur-bira, eta arrakasta handia izan dute Euskal Herriko hainbat herritan. Astearte honetan, abenduaren 30ean, amaituko dute ibilbide oparo hori, sarrera guztiak agortu dituen kontzertu batekin.
Etzakit 23 urte geroago itzuliko da agertokietara, urtarrilean hiru kontzertu berezirekin
Bi hamarkada baino gehiagoko isilunearen ostean, agertokietara itzuliko da talde hernaniarra. Triki pop talde mitikoak hiru kontzertu eskainiko ditu urtarrilaren 2an, 3an eta 5ean, hasi eta agurtu zen lekuan bere historiari berriro helduz, Oialumen, belaunaldi oso batentzat nostalgiaz eta emozioz beteriko hitzorduan.
Kontzertu magikoa eskaini du bart Mikel Urdangarinek, ohi bezala, Gabonetan
20 urtetik gora daramatza Mikel Urdangarinek urteko azken asteburuan emanaldi berezia eskaintzen. Sarrera guztiak agortuta, Euskal Herriko txoko askotatik erakarri du publikoa. Aurpegi berriak eta aspaldikoak bildu ditu Bilboko Kafe Antzokian.
Milaka lagunek gozatu dute Atarrabiako Aske jaialdian, "herri honen askatasuna" aldarrikatzeko
Hainbat talde eta artista elkartu dira bertan, Neomak, Merina Gris, Gozategi eta Janus Lester tartean. Antolatzaileek "herri honen askatasuna" aldarrikatu dute, "Euskal Herri aske baten soinu-banda sortzeko: euskalduna, feminista, antikapitalista eta solidarioa, besteak beste".
Perry Bamonte hil da, The Cure talde britainiarreko gitarrista, 65 urte zituela
Londresen jaio zen, 1960an, eta 19 urte zituela hasi zuen bere musika-ibilbidea baxu-jotzaile gisa. "Lasaia, bizia, intuitiboa, etengabea eta izugarri sortzailea", ingurukoen arabera, Bamonte The Cure taldeko funtsezko kidea izan zen 1990etik.
Mikel Erentxunen bira Donostiara iritsi da
2025 urte osoan zehar 50 bat kontzertu eman ondoren, Kursaal jauregian izan da Mikel Erentxun, Duncan Dhu taldearen lehen diskoaren 40. urteurrena ospatzeko egindako biraren barnean. Kontzertu horietan famatu egin zuen taldearen abesti ezagunenak eskaintzen ditu, baita inoiz kontzertu batean jo ez zituzten kantu batzuk ere.
Bizardunak eta Rita Payes, Santaspascuas jaialdia hasteko
Gaboneroko Iruñeko musika jaialdiaren programazioa Bizardunak taldeak abiatuko du ostegunean Zentralen, eta kataluniar tronboi-jotzaile, abeslari eta konpositorea igandean arituko da, Baluarten.
Jeff Tweedy, Anastacia eta Steven Isserlis txelista, Kursaalen 2026an
Jeff Tweedy Wilcoko buruaren bakarkako emanaldia da Kursaal Eszenaren datorren urteko programazioaren hitzordu nagusietakoa; horrez gain, Yuha Wang, Anastacia abeslaria, Ryan Adams, Rodrigo Cuevas eta Euskal Herriko Orkestra Barrokoa ere arituko dira Donostiako espazioan.
Etzakitek kanta berria kaleratu du bere itzulera iragartzeko: “Hanka-punttetan”
“Hanka-punttetan” abestia kaleratu du Etzakit Hernaniko triki-pop taldeak. Horretan, taldeak lagun izan ditu Alaitz eta Maider, Maixa eta Itziar, Kristina eta Amaia, eta Gozategiko kideak. Etzakit taldea urtarrilaren 3an eta 5ean itzuliko da agertokira, Hernaniko Oialume dantzalekuan.