“EHZ jendetsu, aberats eta gogoangarria espero dugu”
EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdi beteranoa hogeita seigarrenez egingo dute gaur, ostiralarekin, hasi eta igandera arte Irisarrin hirugarrenez, Arrosatik, Idauze-Menditik, Heletatik eta Lekornetik pasatu eta gero.
EHZ Elkartea gorpuzten duen herritar talde batek gidatzen du jaialdia, irabazi asmorik gabe, eta "proiektu kolektibo eta herrikoia" garatzea du helburu, "herritik eta herriarentzat". Lanaren truke sarrera urririk izaten duten laguntzaileak (aurten 400 izango dira) dira, hein handi batean, jaialdiaren funtsa, eta, filosofia horren testuinguruan, denetariko estiloetako taldeak izango dira Irisarrin entzungai hiru egunez, bertso saio, antzezlan, film emanaldi eta eztabaidak ez ezik.
Musikari dagokionez, pentzeko agertoki gainean izango dira, besteak beste, Lumi, Amorante, Delirium Tremens, Sepultura brasildar metal talde mitikoa (Quadra disko azpimarragarria aurkeztuko du, Andreas Kisser gitarristaren azken orduko bajarekin, baina, besteak beste, Eloy Casagrande bateria-jotzaile ikusgarriak bultzatuta), Pasadena, Ezpalak, Vulk, ØDEI, Merina Gris, Ibil Bedi, Gailu, Sofa, Joseba Tapia, Joseba Irazoki eta Lagunak, Niko Etxart eta Hapa Hapa…
Irati Fernandez EHZ Elkarteko kidearekin hitz egin dugu, "jendetsua, aberatsa eta gogoangarria" izatea nahi duten jaialdiaren inguruko kontu zenbait aletzeko.
2021eko edizio pandemikoaren ondoren, zeren irrikan zaudete EHZko antolatzaileak aurtengo edizioaren atarian?
Iazko edizioa pandemiak markatua izan zen, halabeharrez. Pase sanitarioa eskatu behar izan genuen festibalera sartzeko, egoera ez zen erraza izan eta formatua aldatu behar izan genuen. Hala ere, EHZren 25. urteurrena ospatu genuen, eta hiru egunak zoragarriak izan ziren. Bilan oso positiboa egin genuen.
Aurtengoan, hirugarren urtea dugu Irisarrin eta, prestaketa nola joan den ikusirik, ekitaldi polita espero dugu: jendetsua, aberatsa, gogoangarria. Formatuaren aldetik, 2019ko konfiguraziora itzultzen gara: plaza urririk izanen da egunean zehar, eta txartela pentzean sartzeko izanen da soilik beharrezkoa.
Lumi, Niko Etxart, Delirium Tremens, Amorante, Sepultura, Kilimak, Ezpalak, Joseba Tapia, Vulk… Aukeraketa eklektikoa da zinez. Zer izan behar du talde batek EHZn jotzeko?
Estilo aldetik, berezitasunetara jotzen saiatzen gara, berrikuntzetara. Urtean zehar disko berria atera duten taldeek ere tokia dute EHZn: Frikun, Lumi, Merina Gris eta ØDEI, besteak beste.
Beraz, oreka bat saiatzen gara atzematen, izan estilo aldetik (tekno, rap, reggae, metal, cumbia...), edo berritasunaren aldetik.
1996an jaio zen EHZ. Zertan da berdina eta zertan ezberdina jaialdia, 26 urte geroago?
26 urtez, gauza anitz aldatu dira. Hasteko, antolatzaile eta laguntzaile taldeak. Belaunaldiz belaunaldi proiektua transmititzerakoan, talde bakoitzak jaialdia bereganatu du eta bere ekarpena egin dio. Hala ere, iruditzen zaigu funtsezko gauzak ez direla aldatu: giroa, harremanak, saretzea, balioak...
26 urtez, euskal kultura ere garatu da eta estilo berriak agertu dira, garaian ez zirenak edo itzalean egoten zirenak. Bestalde, urtez urte, festibalak gauza berri batzuk plantan ezarri ditu (Brigada Ubela, Brigada Berdea…) festibalean zehar gure balioak eta ideiak ahal bezainbat praktikan jartzeko.
2018an, EHZ Elkarteak barne hausnarketa egin zuen jaialdiak norantz jo behar zuen birplanteatzeko. Zein izan ziren orduko ondorio nagusiak? Norantz doa EHZ?
EHZk gorabeherak izan ditu ibilbidean zehar, baina EHZren indarra bere laguntzaileak dira, baita belaunaldiz belaunaldi proiektua transmititzeko duen gaitasuna ere.
2019an, talde berri batek hartu zuen EHZren antolakuntzaren ardura festibalari arnasa berri bat emateko xedearekin. Urtez urte utzitako ondarea gureganatuz, EHZ Irisarrira eraman genuen lehen aldikotz 2019an.
Irisarrin ere, laguntzaile gazteak geroz eta presenteago ikusten ari gara, eta segida segurtatua da. Naturalki, eskuz esku pasako dira ardurak eta EHZk aitzina segituko du, urte luzez, espero!
EHZ ekitaldi puntual bat da, baina aurten erabaki dugu urtean zehar proiektu batzuk proposatzea. Martxoan Biarritzera joan ginen film proiekzio, poteo eta gaualdi bat antolatzera. Maiatza bukaeran, Bretainian izan ginen 'Redadeg'en parte hartzen (hango Korrika). Martxotik ekaina hastapena arte ere, Ipar Euskal Herriko hainbat lizeotan, kulturgintzari buruzko saio pedagogikoak eman ditugu.
Gojira, Berri Txarrak, Kepa Junkera, Public Enemy, Sepultura… Zer esaten dizuete beren dimentsioagatik beste eredu bateko jaialdietan jotzera ohituta dauden taldeek EHZren funtzionamenduaz, bertatik bertara ezagutzen dutenean?
Askotan, harrituak dira gazteen eskutik kudeatua den jaialdia dela. Harrera oso ona egiten zaiela esaten dute, eta laguntzaileak hurbiletik ikusteko aukera izaten dute, laguntzaileen xokoan izaten baitituzte haiek ere apairuak.
EHZ denboran, dimentsio horretako artistak ez dira haien xokoan egoten, baizik eta beste laguntzaileekin nahasten. Azkenean, pentsatzen dut EHZn den energia hori hurbiletik sentitzen dutela.
Musika da EHZren ardatza, baina ez da musika soilik egoten: hitzaldiak, antzezkizunak… Zer ibilbide diseinatuko zenioke EHZra datorren bisitari bati ikuspegi osoa izan dezan?
Goizean, gomendatuko nioke kafe baten hartzea gure ostatuan, hitzaldietara joan aitzin. Bazkaltzeko, taloak, fritak eta EHZko "chili con carne" famatua dira aukerak.
Arratsaldez, kontzertu eta ikusgarriak hasiko dira, eta, lehenik, plazako giroaz gozatzeko aholkatuko nioke. Ondotik, gaualdia pentzeko gunean iraganen da, eszena handia, DJ eszena... Artista berriak deskubritzeko parada.
Lotarako, akanpalekua prest izanen da, dutxekin.
Nola antolatzen du EHZ Elkarteak EHZ jaialdia urtean zehar?
Urte osoko lana da EHZ antolatzea. Komisiotan antolatzen gara: programazioa, komunikazioa, azpiegitura, janaria, ostatua, segurtasun taldea, erasoen kontrakoa, Brigada Berdea.
Horrez gain, talde motore bat bada, arduradun guzien arteko bilkurak antolatzen dituena. Pixkanaka antolatzen da. Ekainean, festibala baino hamar egun lehenago hasten dugu muntaketa. Momentu goxoa izaten da, elkarlanean EHZ posible egiten dugulako.
Festibalaren ondotik desmuntatzea dator, eta berriz hasten da urteko erritmoa.
Laguntzaileen lana zinez garrantzitsua da EHZ jaialdia aurrera ateratzeko. Zertan datza figura hori? Zenbat laguntzaile izango dira aurtengoan?
Beti errepikatzen dugu laguntzaileak direla EHZren oinarria. Hasieran, lau orduko txandak egiten dira gune ezberdinetan: zirkulazioan, ostatuan... Pixkanaka, ardura gehiago hartzeko parada bada, "postu finko" edo "arduradun" errola hartuz.
Aurtengoan ere, 400 laguntzaile inguru izanen dira 3 egunetan zehar.
Zer esango zenioke joango ote den erabakitzen ari den norbaiti, azken bultzada emateko?
Egitaraua kontsultatzeko erranen genioke, anitza eta aberatsa baita, eta segur denek antzemanen dutela gustuko edo interesgarri iruditzen zaien zerbait.
Horrez gain, festibala eskuragarria izatea nahi dugu denentzat; beraz, bereziki zaindu dugu prezioak apalak izatea. Eguraldi ona egiten badu, gainera, ez da aitzakiarik!
Zure interesekoa izan daiteke
Olaia Inziartek "Zerrautsa" diskoa aurkeztu du Bilbao Basque Festen
Olaia Inziarte abeslariak Zerrautsa izeneko bere bigarren diskoa aurkeztu du Bilbao Basque Fest jaialdian. “Zerrautsa” bere barrura egindako bidaia bat da, ahultasunari eta emozioei tartea eginez.
Lan Eskaintza Publikoa egingo da, Donostiako Jazzaldiaren zuzendari berria hautatzeko
Lanpostua aldi baterako betetzeko hautaketa prozesuak ez du emaitzarik eman, bi hautagaik uko egin baitiote lanpostua aldi baterako betetzeari. LEP bidez, behin betiko beteko da postua orain.
Ura Bere Bidean jaialdiak hirugarren emanaldi bat izango du urriaren 22an
Aurresalmentan urriaren 23ko eta 24ko emanaldietarako sarrerak agortu ondoren, antolatzaileek hirugarren bat gehitzea erabaki dute, urriaren 22an, osteguna. Besteak beste, Olaia Inziartek, Eñaut Elorrietak, Zea Maysek edota Pantxoa eta Peiok hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Korrontzik BECen amaituko du nazioartean egingo duen 50 kontzertuko birari
BECeko kontzertua "Mundua Dantzan" biraren amaiera izango da. Hain zuzen ere, 50 kontzertuko bira izango da, eta, besteak beste, Malaysia, Kanada eta Txekia Errepublikara iritsiko da.
"Agur esan barik" dokumentala aurrestreinatuko du Gatibuk
Gatiburen ibilbideko azken urtean filmatutako lanak taldearen bideari begiratzen dio, Jabi Elortegi zuzendariaren ikuspegitik. Gaur aurrestreina egingo dute Bilbon, eta irailetik aurrera egongo da ikusgai, zinema jaialdietan eta Primeran plataforman.
Juan Diego Flórez, Sokolov eta Juanjo Mena, Donostiako Musika Hamabostaldian
Perutar tenorrak irekiko du jaialdia, abuztuaren 2an, Italiako eta Frantziako opera, zarzuela eta musika hegoamerikarreko piezekin eraikitako programa batean, pianistak Beethoven eta Schuberten obrak interpretatuko ditu eta gasteiztar maisuak "Arriaga harrigarria" kontzertua zuzenduko du.
Sun Ra Arkestra eta Snarky Puppy, Gasteizko jazz jaialdiko kontzertu nagusiak ixteko
Ruben Blades, Gretchen Parlato, Take 6, The Bad Plus, Irene Reigen laukotea eta Magali Sare eta Manel Fortiá bikotea arituko dira Mendizorrotzan. Sarrerak bihar, hilak 27, jarriko dituzte salgai.
Pablo Martín Caminero, Merina Gris eta “Xorieri” Izaroren kantua saritu dituzte MIN sarietan
Carlos Aresek eta Valeria Castrok hiruna sari eraman dituzte musika independentearen Espainiako sarietan; Al cantek jazz álbum onenaren saria eraman du, Zuloak euskarazko disko onenarena eta Izaroren eta Baiucaren arteko lankidetzaren emaitzak ekoizpen onenaren saria, Alejandro Guillanen lanari esker.
Gernikako “lekuek”, musikaz gainezka martxoaren 25etik 29ra
Lekuek festibalak hamaika kontzertu, aurkezpenak, dokumentalak, ikastaroak, DJ saioak eta kale ekimena proposatuko ditu bost egunez: Mourn, Olaia Inziarte, Xiberoots, Guadalupe Plata, Janus Lester…
Sigur Rós talde islandiarrak Bilbon joko du irailaren 15ean
Emanaldia Euskalduna Jauregian izango da, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera. Kontzertua Robert Ames zuzendariarekin eta tokian tokiko orkestrekin egiten ari diren biraren parte da.