Depeche Modek kontzertua eskainiko du BECen datorren urteko martxoaren 21ean
Euskal Herrian geldialdia egingo du Depeche Mode talde britainiarrak "Memento Mori" izeneko biran. Zehazki, BEC Bilbao Exhibition Centre erakusketazokako Bizkaia Arenan (Barakaldo, Bizkaia) joko du datorren urteko martxoaren 21ean, Last Tour kontzertuen sustatzaileak jakinarazi duenez.
Sarrerak uztailaren 17an egongo dira salgai, aurresalmentan, livenation.es webgunean, eta bi egun geroago, 19an, egongo dira eskuragarri ohiko salmenta puntuetan (lasttour.org, livenation.es, Ticketmaster eta El Corte Ingles).
Musika elektronikoko taldeak 29 data berri erantsi dizkio "Memento Mori" birari, aurtengo udan eta udazkenean Europan, Mexikon, Kanadan edo AEBn izango dituenei batuta. 2024ko kontzertu egitaraua Londresko O2 Arena aretoan abiatuko da, eta apirilaren 5ean bukatu Kolonian (Alemania). Tartean Berlinen, Parisen, Madrilen, Bartzelonan edo Milanen arituko dira.
Depeche Modek 100 milioi disko saldu ditu, eta mundu osoko 35 milioi ikus-entzuleren aurrean jo du. "Etengabeko bilakaeran dagoen eta aparteko eragina duen talde musikala da", kontzertuen sustatzaileak nabarmendu duenez.
Taldeak martxoan atera zuen "Memento Mori" diskoa, euren ibilbideko 15.ena.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko