Ura Bere Bidean laugarrenez, urrian BECen: Jorge Drexler, ETS, Olaia Inziarte, Kalakan…
Laugarren urtez, Ura Bere Bidean kontzertuak euskal musikarien kantuak eta herri kantuak musika sinfonikoarekin uztartuko ditu, bi egunez, urriaren 25 eta 26an, BEC Barakaldoko erakustazokako Bizkaia Arena pabilioian.
Artista hauek kantatuko dituzte Fernando Velazquezen egokitzapenak, getxoztar zuzendariaren beraren gidaritzapean: Süne, Olaia Inziarte, Janus Lester, Idoia, Bulego (Tom Lizarazu), Esti Markez, Zetak (Pello Reparaz), Olatz Salvador, Nøgen, Maren, Huntza (Josune Arakistain eta Uxue Amonarriz), Izaro, Eñaut Elorrieta, ETS En Tol Sarmiento (Iñigo Etxezarreta), Kalakan, Gatibu (Alex Sardui eta Haimar Arejita), Zea Mays (Aiora eta Piti), Mikel Urdangarin, Sorotan Bele, Mikel Markez eta Su Ta Gar (Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida).
Aurtengo edizioan, gainera, Euskal Herritik kanpoko gonbidatuak izango dira, iaz Rozalen egon zen bezala: Celtas Cortos Valladolideko folk taldea, Reincidentes sevillarrak eta Jorge Drexler uruguaiar musikaria.
Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Elkarteak lagunduko ditu musikariok zuzenean.
Urriaren 26ran sarrerak agortuta daude dagoeneko, eta hilaren 25eko, ostiraleko, sarrerak baino ez daude salgai, jaialdiaren webgunean, 28 eta 93 euro arteko prezioan.
UBB kontzertuan entzungo diren egokitzapenak moldatu egiten dira urtero, abesbatzetarako eta hainbat instrumentutarako, abesbatzok eta musika irakaskuntzako zentroek erabil ditzaten.
Gainera, Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Elkarteak abestiok grabatzen dituzte, parte hartzen duten artistekin batera.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko