Azkena Rock Festival: rock-and-rolla besterik ez, baina atsegin dugu
Ziurtasunak garesti dauden honetan, garai lanbrotuetan, Azkena Rock Festival jaialdia apustu segurua da: distortsioa, erritmo biziak, punka, hard rocka, amerikar sustraiko musika eta herri musika biziaren beti-betiko ereserkiak jasoko ditu, baiki, Mendizabalako eremuaren ateez haratago egiten duenak; gehiago ere bai, seguru antzean, radarretik kanpo zuen talde batekiko jakin-nahia hain segur, baina rock-and-rolla erruz, zalantzarik gabe.
Hiru eguneko programazioa ostegunean hasiko da, eta The Hives suediar talde bizizalea izango da lehen eguneko kartelburua; sorpresa handirik ez du emango garagea, rocka eta Pelle Almqvist kantariaren melodia gogoangarriak batzen dituen taldeak, baina nekez eutsiko die geldirik festibalari geldoenak ere beraien erritmoari eta "Hate To Say I Told You So"ren gisako kantuen indarrari.
Imelda May abeslari irlandarrak, bestalde, rockabilly, blues eta soul haizeko rock-and-rolla taularatuko du, ohikoa duen indarraz, Darrel Higham gitarristaren alboan; klasikozaleenek izango dute noski —lehen paragrafoan agindu bezala— zer gozatu: The Adicts punkaren mitoen agur bira Gasteizera iritsiko da, eta Corrosion of Conformityren harrizko metalak Mendizabala gortuko du. Nhil gipuzkoar taldeak, gainera, soul eta funka ordezkatuko ditu.
Ostiraleko izen nagusia Alice Cooperrena izango da; estatubatuar hard rockaren erregeetako baten emanaldian ez da faltako, asmatu baietz, antzezkizunik, ikusgarritasunik eta, esate baterako, "Poison" klasikoa eta beste batzuk kantatzen duen eztarririk.
Cooperrekin batera, Sugar, Circle Jerks eta Evaristo punkaren ikurrak eta Old Crow Medicine Show estatubatuar folk talde dotorea arituko dira ostiralean Azkena Rock Festivalen, baina ez ahaztu Trashville karpako rock zikinagoaren proposamena eta Hällas suediar taldearen 70eko rock progresibo berrikusiaz gozatzea.
Larunbatean, Excel orri bat erabili beharko du ikustekoak diren guztiak ikusi nahi dituenak. Eta koadro horretan, noski, letra lodiz eta horiz azpimarratuta egongo da Social Distortionen izena. 2022an ere jo zuten Mendizabalan Mike Nessenek, baina oraingoan, punk rocketik amerikar rock pausatuago batera eraman dituen ia 50 urteko bidea nahikoa ez bada-edo, Born to kill disko berri azpimarragarria dute Gasteizera agertzeko aitzakia.
Hamabost urteko isilaldi diskografikoa hautsi du disko berriak, eta berorretako kantuetako batzuk entzungo dira seguru (“No way out” eta “Born to kill” ez dira aukera makalak), “Reach for the sky”, “Don’t drag me down” eta “Story of my life” mitikoekin batera.
Ezinbesteko kontzertu horretaz gain, nolanahi den, ikusgai egongo dira ARF jaialdiko azken egunean Lepora ilunak, Rodeo stonerrak, biak ere euskaldunak, Superchunk power popak, Sleaford Mods post punk elektroniko ingelesak, Jason Isbell & The 400 Unit hunkigarriak, Discharge punkaren eta thrasharen bidegurutzean kokatzen den talde historikoa, Carpenter Brut taldearen synthpop gozagarria, Therapy? irlandarrak Troublegum diskoa osorik jotzen eta Alcalá Norte madrildarrak.
Rock-and-rolla besterik ez, baina gutxiago ere ez.
Zure interesekoa izan daiteke
BIMEk musika arloko ehunka profesional bildu, eta 70 kontzertu eskainiko ditu Bilbon
Honela trebatzen dira kantu klasikoko belaunaldi berriak Donostiako Musikene zentroan
Latzen taldearen "Laztana" kantuak 30 urte bete ditu
Exkixuren bideoklip berria: “Amaiur” (2026)
Exkixu taldea itzuli da
Igor Arzuaga musikaria zendu da