Asier Altuna: '‘Amama’k ez du inor epel uzten'
Zinema aretoetara heldu da gaur “Amama”, Asier Altuna (Bergara, 1969) zuzendariaren lan berria. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu eta gero, publikoaren esku egongo da gaurdanik Altunaren film preziosista eta sinbolikoa.
Istorioaren oinarrian baserriko bizimodu zaharra eta mundu ikuspegi berriago baten arteko talka, “familiarteko istorio bat”, irudikatzen duen film iradokitzaileak ahogozo ona utzi zuen oro har Donostiako emanaldietan, eta publikoaren azterketari aurre egingo dio orain.
Estreinaldiaren aurretxoan, Asier Altunarekin hitz egin dugu, lanaren inguruko zertzelada batzuk irudikatzeko.
Baserriaren eta hiriaren, iraganaren eta etorkizunaren, arteko talka aurkezten du lehen planoan “Amama”k, baina hori baino gehiago ere bada, esan gabe doa. Zer aurkituko dute ikusleek pelikulan?
Familiarteko istorio bat, nekazaritza munduan kokatua: horixe da topatuko duena ikusleak “Amama”n. Gaur egun gertatzen den familia tradizional baten apurketa da.
Errealitateak, bizitzak, pertsonaia bakoitzaren bizkar jarritako geruzek, utzitako markek, pertsonaiok elkar ulertzea oztopatzen dute. Zerk gidatuta lerratzen gara gizakiok inkomunikaziora? Zerk isolatu eta mututzen gaitu? Zerk eragozten digu elkar ulertzea, hitz egitea?
Teilatu beraren azpian bizi diren pertsonak errealitate oso ezberdinetan bizitzera irits daitezke. Bakoitza modu batera kokatzen da munduan, eta askotan ez du ondokoarenarekin zerikusirik izaten. Hor inkomunikazioa ematea normala da.
Hain azkar aldatzen da orain bizitza, komunikatzeko moduak ere oso ezberdinak dira.
Filmaren alderik nabarmenenetakoa istorioan errealitateak eta fantasiak bat egiten dutela da. Zelan uztartu dituzu plano erreala, narratiboena, eta maila liriko edo onirikoagoari dagokiona?
Irudi hain ezberdinak pelikula berean elkarbizitzeko eman nuen lehen pausoa Amaia, etxeko alaba, irudi esperimentalekin lan egiten duen artista bisual bezala irudikatzea izan zen. Bere lanaren bitartez, hain kutunak ditudan irudi surrealista eta sinbolikoak pelikulan oso modu naturalean kokatuko zirela uste nuen. Hala ere, grabatzeko orduan kontziente nintzen gero montajean erabakiko genuela zer-nolako pisua izango zuten parte esperimental horiek narrazioaren barruan.
Super 8ko kamera batekin grabazio ikusgarri batzuk egin genituen; plazer handia izan zen ia gidoirik gabe, lantalde murritzarekin, libre, super 8ko kamerak grabatzean ateratzen duen zaratatxo polit hori bizitzea. Zinema egiten ari ginen, benetan.
Super 8an eginiko parte horiek montajeari ere espiritu oso librea eman zioten. Oso ondo egituratutako narrazioa apurtzeko aukera genuen, pelikula birizik zegoen eta poliki-poliki parte esperimental horiek bere tokia hartzen joan ziren pelikulan.
Eta heldu zen eguna oreka iritsi zena: zati onirikoak narrazioari mesede egiten hasi zitzaizkion. Une ederra da hori, intuizioak bideratuta pelikularen parte bakoitzak zentzua hartzen duenean. Magikoa da.
Alderdi ez-testualak, pertsonaien arteko elkarrizketez haraindi doanak, testuinguruak, garrantzi handia du istorioan: musikaren gorabeherak, begiradak, batik bat amamaren –beti egonean baina beti presente– eta aitaren pertsonaien kasuan erabat adierazkorrak diren isilaldiak… Nola landu duzu alderdi hori?
Pelikula bat egiteko erremintarik inportanteena gidoia da, baina gidoia ez da bakarrik ordenagailuaren aurrean idazten, montajeko azken planoa muntatzen duzunera arte gidoia idazten ari zara. Pelikula bat idazteko orduan, kentzea ipintzea baino inportanteagoa da.
Hasieran, istorioa idazten duzu, eta gauza asko ipintzen dituzu: ekintzak, elkarrizketak, informazioa… Istorioa jada gustuko duzunean, hor hasten da gidoilariaren lanik inportanteena: kentzen hasi behar duzu. Lehenengo, informazioa kentzen duzu, edo gaininformazioa, hobeto esanda, informazioa modu askotara eman baitaiteke pelikula batean, soinuarekin, irudiekin, begirada batekin...
Eta, azkenean, montajean bakarrik beharrezkoa dena uzten duzu. Hor dago, nik uste, zinemaren sekretua. Horregatik bukatu dut irudietan oinarritutako pelikula bat egiten, kentze prozesu hori oso serio hartu dudalako.
Gehienbat Ander Lipusek gorpuzten duen pertsonaiaren ahotan, umoreak istorioa zipriztintzen du. Oro har, zer zeregin jokatzen du umoreak, zure ikuspegitik, istorioak kontatzeko baliabide gisa?
Zinemak bizitza islatzen du, bizitza ere umorez josia egoten da askotan; horregatik, normala da zineman barrea edo irribarrea eragiten duten sekuentziak egotea.
“Amama”ren kasuan, umorea Xabiren pertsonaiarengandik dator. Pertsonaia oso ondo marraztua eta Ander Lipusek oso ondo antzeztua dagoela uste dut, batez ere hasierako pertsonaia barregarri horrek gauzak bere lekuan ipintzeko gaitasuna duela ikusten dugulako: bilakaera hori ederra da.
Berarekin barre egin baduzu, gainera, jada zuretzat pertsonaia atsegina denez, zuretzat oso positiboa bihurtuko da. Honetaz guztiaz aparte, zeini ez zaio barre egitea gustatzen?

Iraia Elias, "Amama"ko protagonista
Iraia Elias, Kandido Uranga ("Aitaren Etxea" ETBko telesailean ere ikus daiteke bere lana, besteak beste Nagore Aranburu filmean agertzen den beste aktorearenarekin batera) eta Amparo Badiola, kasualitatez kafetegi batean aurkitu zenuen aktore ez-profesionala, dira filmeko protagonistak. Zergatik aukeratu zenituen?
Kandido Uranga eta Klara Badiola oso argi nituen gidoia idazten ari nintzenean. Iraia aukeratu nuenetik hasi nintzen jada zinemako aktore ez hain profesionalak aukeratzen.
Amaia pertsonaiaren kolorea beltza da, horregatik behar nuen aktore beltzaran bat. Iraiaren begi handi ilun horiek arreta eman zidaten, eta, oholtza gainean antzerkia egiten ikusi nuenean, indarra ere bazuela konturatu nintzen. Ez zuen sekula pelikula batean parte hartu, baina intuizioak esaten zidan egokia zela.
Hortik aurrera, Manu Uranga Kandido aitaren antza izugarria duelako aukeratu nuen; Ander Lipus Xabiren papera egiteko oso egokia iruditu zitzaidan, eta Amparo Badiolak, amamak, nik uste berak aukeratu ninduela ni.
Zinemaldiko estreinaldiak eragin zuen zalapartatik apur bat aldentzeko beta izan duzun honetan, zer hausnarketa utzi dizkizu Donostian bizitako esperientziak?
Gozamena izan da, hainbeste lan egin eta gero, hainbeste zaindu eta goxatu dugun pelikula txikia horrelako jaialdi handi batean estreinatzea, ekipo guztiarekin hori bizitzea, publikoaren berotasuna sumatzea. Pelikula asko gustatu da, jendeari barruraino iristen zaio, eta hori igarri egiten da.

"Amama"ko hirukote protagonista, Zinemaldian. Argazkia: Efe.
Erromako jaialdian izango zara aurki, eta zinemetan estreinatuko da gaur filma. Zer bide aurreikusten diozu “Amama” lanari areto komertzial eta jaialdietan?
Gogo handia sumatzen dugu pelikula ikusteko, jendeari asko gustatzen zaio pelikula, hunkituta irteten da zinematik.
Zera eskatuko nieke ikusleei: gustatzen bazaie, ingurukoekin komentatzeko, hitz egiteko pelikulaz, sentitu dutenaz, esperientziak, zinema aretoko iluntasunean pelikula hau ikustea, bidaia eder hori bizitzea, merezi baitu.
Pelikula ikustetik irten berri den ikuslearen buruan zer-nolako pentsamenduak ibiltzea nahiko zenuke?
Ni ez naiz inor inoren pentsamenduetan eragiteko. Pelikula honek ikuslea ez du epel uzten. Askori barrenak mugitzen dizkie, hausnartzeko denbora behar izaten dute ikusle askok.
Eta konturatu naiz irakurketa oso ezberdinak eragiten dituela. Ederra da hori.
“Loreak”ek Oscarretarako bidean jarrita burutu du orain arteko bide arrakastatsua, eta azkenaldian euskal zinema langa batzuk apurtzen ari direla ematen du: zenbait euskal film estreinatu dira azkenaldian… Zelan ikusten duzu zuk?
Bada, uste dut esan dezakegula gauzak ondo egiten ari garela. Euskaraz egindako pelikulak Zinemaldiko sekzio guztietan estreinatzen ditugu, mundu osoko jaialdietara bidaiatzen dute eta sariak jasotzen dituzte. Zer ondo, ezta? Goazen zineman inbertitzera.
Zure interesekoa izan daiteke
Albiste izango dira: Oscar sariak, EAEko aireportuen kudeaketari buruzko bilera Madrilen eta udal hauteskundeak Ipar Euskal Herrian
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Aldarrikapen politikoek ez dute Oscarren bataila irabazi
Munduko egoera geopolitiko eta humano aldrebesak ez du Conan O’Brienek aurkeztu duen galako erdigunea hartu, Javier Bardem espainiar aktoreak gerraren kontra eta Palestinaren askatasunaren alde eginiko aldarri argiaz haratago.
Oscar sarien 98. edizioko palmaresa
One Battle After Another filmak sei Oscar lortu ditu, gaueko sari nagusia barne, film onenarena; Sinnersek, 16 ataletan izendatuta egonik, lau estatuatxo erdietsi ditu.
Oscar sarietako unerik onenak
Oscar sariek une gogoangarriak eta look apurtzaileak utzi dituzte. Hemen adibide batzuk.
“One Battle After Another” Paul Thomas Andersonen filma nagusi, Oscar sarietan
Estatubatuar zuzendariaren filma izan da Hollywoodeko sarien 98. edizioaren gaueko izarra, sei sari bereganatuta; besteak beste, film, zuzendari eta gidoi egokitu onenen ataletan irabazi du.
Gemma Cuervo aktorea hil da, 91 urte zituela
Antzokietako oholtza gainean egindako lanagatik eta telebistako programa zein telesailetan agertzeagatik oso ezaguna zen Bartzelonan jaio eta Madrilen hil den aktorea.
Hollywood, Oscar sarien 98. ekitaldirako prest
"Sinners" filmak markak hautsi ditu 16 izendapen jasota, eta "Sirat" Nazioarteko Film Onenaren saria jasotzeko izendatu dute. Emma Stone, Jessie Buckley, Rose Byrne, Timothee Chalamet, Leonardo DiCaprio eta Benicio del Toro izango dira galan protagonista nagusiak.
“Argi gorriak” seriea martxoaren 20an estreinatuko da Primeran plataforman
Itziar Ituño protagonista duen komedia garratza ordu erdiko zortzi atalez osatuta dago. Martxoaren 18an hiru atal estreinatuko dituzte, Kursaalen. Alex Merino, Alejandra Arróspide eta Alberto Gastesi dira seriearen sortzaileak, eta Gastesik berak zuzendu du. Antzeztaldea Iñigo Gastesi, Yangxi Chen, Iñigo Rodríguez, Klara Badiola, Miren Gaztañaga, Sara Cozar, Ziyi Yang, Guiomar Puerta, Aitor Beltran eta Jon Lukas Puertas aktoreek osatzen dute. Elena Mugika izeneko bikoizketako aktorearen rola betetzen du Itziar Ituñok. Bere urterik sutsuenak atzean utzita, errutinan murgilduta bizi da. Baina iktusa izan duen eta heriotza-mehatxu arriskutsu batean nahastuta dagoen senar ohiaren itzulerak dena aldatuko du.
Aranzazu Calleja musikagileak FANT zinema jaialdiaren ohorezko saria jasoko du
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdia La casa en el árbol Luis Calderonen filmak irekiko du.
Beren senetik irten diren pelikulen alde, topa
Adibiderik nahi, behar? Hona hemen txundigarri oso diren pare bat: Maggie Gyllenhaalen The Bride! eta Anders Thomas Jensenen The Last Viking.