M.A. Jiménez: 'Itxaropena zabaltzea da ‘Una ventana al mar’en bokazioa'
Maria (Emma Suarez) 55 urteko bilbotarraren bizitza goitik behera aldatuko da Nisyros Greziako uhartea bisitatu ondoren. Hori du abiapuntu “Una ventana al mar” EiTBren parte hartzea duen eta asteazkenean, irailak 25, Zinemaldiko EiTB Galan ikusi ahalko den drama bitalistak.
Miguel Angel Jimenezekin (Madril, 1979) hitz egin dugu Euskal Herrian (Bilbo, Getxo eta Portugalete) eta Grezian, Nisyrosko hondartza, labar eta itsaso ederretan.
Luis Gamboak, Luis Moyak eta zuk idatzi duzue gidoia. Zerk bultzatu zintuzten “Una ventana al mar” idaztera?
2013ko udan, Nisyros uhartean scooter baten gainean nengoela, zorionekoa nintzela pentsatu nuen, lanari esker inguru eder asko ezagutu ditudalako. Eta gogoan hartu nuen gure ama hilberriak tratamendua utzi behar zuela pentsatu zuela behin, eta urrun, oso urrun, eramateko eskatu zidala. Dena ezerezean gelditu zen gero. Badakit, baina, Nisyros asko gustatuko zitzaiola.
Horrela sortu zen. Itsasbazterrari jarraitzen zion bide bazterrean gelditu, eta scooterretik jaitsi nintzen. Luis Moya, nire gidoilaria, aurretik zihoan beste scooter batean, eta istorioaren ernamuina kontatu nion. Hiru urte pasatu arte ez nituen lortu indar eta distantzia nahikoak istorioarekin amaierara arte konprometitzeko.

2006 eta 2010 bitartean, Bilbon egon nintzen lanean. Maite dut hiria, eta ordu asko igaro ditut Gorka Gomez Andreu bazkide eta argazkilaritza zuzendariarekin garabien aurrean zigarroak erretzen, Lutxanako moila txikietan, San Ignazioko “amerikar etxeen” aurrean, inoiz Portugaleteko Bizkaia zubian pelikula bat hasiko genuen ametsarekin.
Hartara, gidoiari ekitea erabaki genuenean, Bilborekiko maitasun zinematografikoak eta istorioa kontatzeko nik behar nuen distantziak Maria ekarri zuten, Euskalduna jauregiko mandataria, zeina, zirkunstantzia zailen aurka, bere senari jarraitzen dion eta Grezian bere buruari azken aukera bat emateko gai dela erakusten duen. Luis Gamboak Bilboko pertsonaiei behar zuten nortasuna ematen lagundu zigun.
Filmean, gaztelaniaz, grezieraz, ingelesez eta euskaraz hitz egiten dute. Nola landu zenuten alderdi hori?
Oso naturala izan zen dena. Greziar pertsonaia uhartean bizi zen pertsona batean oinarrituta zegoen: AEBko jatetxe batzuetan lanean zegoela, gaztelaniaz ikasi zuen. Moyak eta biok adiskide egin genuen, eta, filmean, ingelesa gehiegi erabiltzea saihestu ahal genuen horrela.
Bestalde, isilaldi franko dago filmean. Nola landu dituzue?
Beti gustatu izan zaizkit ikuslea pantailarekin bakarka gelditzen den une horiek, ahalik eta modurik bareenean, istorioaren bidea modu bereziago batean, barrurago, sentituko duen ustean. Musika ere ahalik eta gutxien erabiltzea erabaki dut.
Zelan joan ziren Greziako filmatze lanak?
Grezian filmatzea ederra izan zen. Gure greziar bazkideak, Heretic, oso lankide onak izan dira, eta, nahiz eta denbora eta dirua beti izaten diren faltan, uhartean lanean egin genituen lau asteak betiko izango ditut gogoan. Nisyros oso uharte berezia da: bertan sortu zen istorioa, eta lau urte geroago, idazten ari ginela, bazter guztiak genituen buruan.
Emma Suarez filmeko protagonista nagusia da. Bera buruan zenutela idatzi zenuten gidoia? Nolakoa izan da berarekin lan egitea?
Zorionekoa naiz Emma Suarez dudalako protagonista, gure Maria maitea gorpuzten. Haren samurtasuna, duintasuna eta edertasuna gurekin zeuden gidoia idazteko eta uhartean imajinatzeko orduan. Beti pentsatu genuen berarengan, hasiera-hasieratik. Gero, gidoia besapean genuela berarekin hitz egin genuenean, dena emanda babestu gintuen.
Espero dut proiekzioa bukatutakoan bere irribarrea gure erretinan gelditzea begiak ixteko orduan, zerbaiti begira gaudela eguzkiak itsutzen gaituenean bezala. Halaber, espero dut istorio honek luzaroan laguntzea ikus-entzuleari, etxerako bidean, itsasoaren soinuak eta istorio polit eta soil honen oihartzunak bezala.

Zer da zuentzat filma Donostiako Zinemaldian estreinatzea?
Zorte handia da gurea bezalako film txiki eta soil batentzat. Nola edo hala, behin baino gehiagotan egon gara: “Ori” gure lehen pelikula Zabaltegira joan zen duela 10 urte, “Chaika”rekin ere 2012an joan ginen eta iaz “Y en cada lenteja un dios”ekin. Harro nago Maria eta bere uhartea jaialdira gerturatzeaz.
Filma ikusi berri duen pertsona baten buruan zer ideia ibiltzea gustatuko litzaizuke?
Hunkitzea espero dut. Nire ustez, itxaropena zabaltzea da “Una ventana al mar”en bokazioa. Uste osoa jarri dut gidoi honen eta maitasun istorio soil honen gainean, Mariak Nisyros uhartean, Stefanos lagunarengan eta Mediterraneo itsasoaren gainean jartzen duen bezala, filmak pantaila argitzen duen bitartean bederen horrenbeste zoritxarretik libra gaitzan. Elkarrekin, inongo jainkorik gabe, inongo mirari madarikaturi itxaron beharrik gabe, aurrera egiteko sostengua beste gizaki batengan aurkituz.

Zure interesekoa izan daiteke
'Maspalomas', film onena Zinemastearen 42. edizioan
Maspalomas, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako filma Zinemastearen 42. edizioko onena izendatu dute.
'Maspalomas', Zinemastearen 42. edizioko film onena
Zuzendari onenaren eta aktore onenaren sariak ere jaso ditu, azken hori Jose Ramon Soroizek egindako lanagatik.
Filmen soinuak non, emakumeak han
Pelikulak ikusi egiten dira. Pelikulak aditu egiten dira. Izan itzazue belarriak tente.
Miguel Garces aktoreak jasoko du Zinemastearen Gutako Bat saria
Garcesek larunbatean jasoko du Arabako zinemagintzako profesional nabarmenei ematen zaien golaroda, Zinemastea jaialdiaren amaiera galan.
"Los domingos" eta euskal aktoreak garaile, Feroz sarietan
Alauda Ruiz de Azuaren lanak film onenaren, gidoi onenaren, zuzendari onenaren, aktore protagonista onenaren eta bigarren mailako aktore onenaren sariak lortu ditu. Gizonezko aktore onenen sariak Jose Ramon Soroizek eta Kandido Urangak eskuratu dituzte.
Jacob Elordi 2026ko Oscar sarietarako izendatu dute, Gizonezko Antzeztaldeko Aktore Onenaren sailean
Sinners filmak markak hautsi ditu 16 izendapenekin eta Siratek Nazioarteko Film Onenaren izendapena jaso du. Emma Stone, Jessie Buckley, Rose Byrne, Timothee Chalamet, Leonardo DiCaprio eta Benicio del Toro izango dira izen nagusiak.
Elena eta Telmo Irureta Borjako eccehomoa zaharberritu zuen emakumeari buruzko filmaren protagonistak izango dira
Bixagu euskal ekoiztetxea eta Malagako La Cochera etxea Cecilia. La historia del Ecce Homo de Borja pelikulan lanean ari dira, Cecilia Gimenez Borja Zaragozako herriko elizan fresko bat asmo onez baina ahalmen urriz zaharberritu zuen emakumearen gaineko “begirada intimo eta hunkigarri” batean.
"Benetako istorioak", Fipadoc Biarrizko jaialdian
Bederatzi egunean, 150 film ikusteko aukera izango da Lapurdiko udalerrian. Espainiako eta Portugalgo lanei garrantzi berezia eman diete egitarauan, eta hainbat euskal ekoizpen izango dira, hala nola Idi film laburra eta Akelarre plaza taldearen inguruko dokumentala.
Gautu zen derrepentean Errenteriako Kapitanenea kalean
Jantzien Museoak zinemarekiko zerikusi erabatekoa duen aldi baterako erakusketa estreinatu du Errenterian. Lehenbizikoa! Hainbeste urte pasa eta gero!
Euskal zinemak garai eztia bizi du: zeintzuk dira arrakastaren gakoak?
Azken Goya sarietan 47 izendapen lortu dituzte euskal ekoizpenek. Hala ere, arrakasta hau ez da soilik azken urte honetako kontua. Duela urte batzutatik hona, ekoizpenak ugaritu egin dira eta aretoetan zein sariketetan emaitza onak lortzen ari dira.