Eusebio Poncela aktorea hil da, 79 urte zituela
Madrildarra zazpi hamarkada inguru egon da interpretazioari lotuta, eta 2001ean Aktore Protagonista Onenaren Goya Sarietan izendatu zuten.
Eusebio Poncela aktorea, Pedro Almodovarren La ley del deseo filmeko protagonista, hil da asteazken honetan, 79 urte zituela, Zinema Akademiak jakitera eman duenez.
Aktore, ekoizle eta gidoilari espainiar beteranoa, 2001ean Aktore Protagonista Onenaren Goya Sarietan izendatua izan zen Intacto filmarengatik.
Margolaria izateaz gain, 70 urte inguru eman ditu antzerkia, zinema eta telebista egiten. Besteak beste, Los gozos y las sombras, Las aventuras de Pepe Carvalho eta Águila roja telesailetako protagonista izan da, baita Esto no es La casa de Bernarda Alba eta El beso de la mujer araña antzezlanetako protagonista ere.
Bere bizitza profesionalean "marikoiagatik, txiroagatik, artistagatik, yonkiagatik" zentsuratua izan dela esan zuen elkarrizketa batean. Madrilen jaio zen 1945eko irailaren 15ean eta diktadura frankista betean hazi zen Vallecas langile-auzoan.