Sinadura
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Veronica "La Juani" izan zenekoa

Segidako testua ez da zendu berri den Veronica Echegui aktore eta zinemagilearen ohorez idatzitako hil-kanta, bizi-gomutagarria, zeluloide-hil-mezu bizia baizik.

Ez diot heriotza-oharrik egingo. Sekula ere ez dut egiten. Inori ez. Heriotza dator eta bizitza doa. Edo aldrebes. Edo, batek daki, bataren etorrerak ez du zertan ekarri bestearen suntsipena.

Segidako testua ez da, beraz, zendu berri den Veronica Echegui aktore eta zinemagilearen ohorez idatzitako hil-kanta, bizi-gomutagarria, zeluloide-hil-mezu bizia baizik.

Sustraiak, sustrai sendo eta zaharrak, Gipuzkoan zituen Veronica Fernández de Echegaray 2006an deskubritu nuen nik ere, denok bezala, markaz fuerakoa izan zen Bigas Luna zuzendariaren Yo soy la Juani izenburuko zinema artefaktu hartan, zeina poligonoetan, plastikozko txandalez jantzita, legez kanpoko kotxe lasterketetan parte hartzen duten legerik gabeko mutilekin amodio (edo) kontuetan ibiltzen diren nesken laudorio ikaragarria den. Bai, neska horien aldeko potreta itzel eta balenta, desairez ‘txoni’ deitutako emakume gazte horien alabantza gazi-gozoa.

Hantxe maitemindu ginen denok Veronica Echeguirekin. Zergatik? Zaila oso, azaltzen. Hobe duzue Yo soy la Juani, fotogrametako aldarrikapen sutsua, ikusi. Filmin plataforman da eskuragarri. Ez ahaztu, inolaz ere, ze maila altuko zinema sortzailea izan zen Bigas Luna. Aurki ezazue, sareetan ere, harrituko zaituzten Bilbao izenburuko bere lana. Ez, ez da Bizkaiko hiriburuaren isla titaniozkoa, baizik eta psikopata baten inguruko  kontakizuna. Orduan zergatik deitzen da Bilbao? Striptease saioak burutzen dituen dantzari baten izengoitia da. Psikopata berarekin zoratzen da seko…

La Juani eta Veronica ikasi genuen maitatzen. Pasa ziren urteak, pasa ziren pelikulak, pasa ziren telesailak eta jarraitzen genuen guk minbiziak jota 42 urtez hil berri den aktorea miresten. Derrepentean, 2021ean  zuzendari afanetan ibilia zela, bazuela Tótem Loba izeneko lan kristona esan ziguten. Poztu ginen. Ikusteko irrikan geunden. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zen.

Ez zen kokapen txarra, baina, aterpe edo erakusleiho moduan, egokia suerta zitekeen era berean Donostiako Beldurrezko Astea. Edo Bilboko FANT jaialdia. Zergatik? Totem Lobak izua duelako zeluloidezko erraietan. Herriko festetan parte hartzera gonbidatu du lagunak Estibaliz. Ondo pasatzeko beta zoragarria dirudi. Badakizue, baina, herri askotako tradizioak ilun samarrak suerta daitezkeela. Bai, herri gehienetakoak. Bai, Euskal Herriko inauteak barne (egia esatearren, bereziki gure inauteriak…)

23 minutu dirau Totem  Lobak. Echeguik aise, trebe, airos, zuhur maneiatzen du kamera, irudiak eta soinua nahasten iaioa ematen du arras, eta muntaia gobernatzen, primerakoa. Ez zen batere arraroa izan Goya saria eskuratzea.  Dudarik baduzue, film labur izuzko hau, barrenetan salaketa gordina gordetzen duena, ere Filminen da….

Testu hau ez da ez hil-kanta, zuek Veronicarekin ez ahazteko edo Echegui ezagutzeko akuilu gisa erabilitako hitzak baizik.

Izan dadila zuretzat pisu gutxikoa lurra, Veronica.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

'Azken agurra'ren lehen irudiak: Koldo Almandozen film berriaren trailerra estreinatu dugu

Euskaraz filmatutako dramedia existentzialistak bizitza eta heriotza ditu ardatz, ironia, samurtasuna eta umorea uztartuz. Iñigo Azpitarte eta Izaro Nieto dira protagonistak, hileta zibilak antolatzen dituen enpresa baten jabea eta bertan praktikak egiten dituen gaztea hurrenez hurren. 'Azken agurra' Zinemaldiko Sail Ofizialean, Proiekzio Berezien barruan, aurkeztuko da, eta Koldo Almandozen hirugarren film luzea da, Sipo Phantasma eta Oreina lanen ondoren. Garabi Films eta Txintxua Films ekoiztetxeen koprodukzioa da, Frakasa Films AIEren bitartez, eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, EITBren babesa eta partaidetza izan du.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Zinemaldiak "Subijana, más allá de un bigote" estreinatuko du, sukaldaritzako maisuaren bizitzara eta suetara hurbiltzeko lana

Jorge Fernandez Mayoralen eta Jesus Javier Ruiz Aquerretaren ez-fikziozko lan berria Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dute, Culinary Zinema sailaren barruan. Subijana, más allá de un bigote izenburupean eta EITBren parte-hartzearekin, Pedro Subijana sukaldari gipuzkoarraren kontakizun intimo eta pertsonala eskaintzen du filmak; gure gastronomiaren eraldaketa eta modernizazio handian funtsezko irudia eta Euskal Sukaldaritza Berriaren bultzatzaile nagusietako bat izan denaren erretratua, hain zuzen ere. Gainera, dokumentala euskal zinemaren Irizar sarirako hautagaia ere izango da jaialdian.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X