Derrepentean, Rocío
Gogoan dut. Gogoan oso. Bilbon ikusi nueneneko gaua. Bilbon behar zuen. Ezin Donostian. Ezin Bitorixen. Urte haietan gaizki ikusita zegoen eta. Ez zen horren erraza segun eta zein gizarte esparrutan esplikatzea, azaltzea. Aitortzea. Ez. Aldatuko ziren gero garaiak. Eskerrak. Egun Donostiara etortzen den bakoitzean, mukuru betetzen du Kursaal Raphaelek, eta runbaren erregeak diren Los Chichos (kontuan izan beti, zinema kinkia definitzen duen musikarik bada, beraiek sortua dela, Yo, El Vaquilla 1985ean estreinatu zenetik, baita aurretik ere) Gipuzkoan ikusi ahal izateko bronkak izan ziren duela gutxi, edukiera eskasekoa baitzen jo eta kantatu behar zuten DOKA aretoa. Denek nahi zuten sartu. Eta ezin…
Aldatu dira, bai, garaiak. Baina kontatzera noakizuen pasadizoarenak bestelakoak ziren. Maite behar zenituen (eta benetan diotsuet, estima handian genituen) Euskal Rock Erradikala eta euskal kantautore guztiak. Baita ska estiloan edo Jamaikako reggaean hasita ziren horiek, Euskadi Tropikala aldarrikatzen zuten haiek. Eta benetan diotsuet berriro, gogoko genituen. Biziki begiko.
Baina bera bezalakoei mira zeniela esatea ez zen zuzena. Ez zen egokia. Gaizki begiratzen zintuzten, aitortzen bazenuen. Egun bastante ahazturik, eskerrak, dauden irainak botatzen zizkizuten aurpegira. Egia esatearren, ederra zen zure maitasuna sekretuan gordetzea. Zertarako azaldu? Inork ez luke, bada, ulertuko…
Bilbora zetorrela jakin genuenean, Bizkaiko hiriburuarekin genuen atxikimendua areagotu zen. Jakin bagenekien Euskal Herriko metropoli libre, zabala, inori kontuak eskatzen ez dizkioten hiri horietako bat zela. Beraz, normala zen, oso, berak kontzertua ematea bertan.
Berak? Nork? Rocío Juradok. Rocío Handiak. Emakume puska eta aske hark. Berandu konturatu zarete zuek akaso, baina bere abestiak emakumearen aldeko aldarriak dira. Bere kantuen protagonistak ez daude inoiz inoren aurrean belauniko. Eta bikote batean amodioa hausten denean, aio eta kito. Malkorik gabe.
Bilbora joan ginen iragan mendean Rocio Jurado entzutera. Leporaino, aretoa. Sekulakoa, emozioa. Bukatutakoan, bueltako autobusa hartu genuen. Kasik ezkutuan.
Urte andana pasa dira harrezkero. Gaurko emakume abeslari gazte eta libre askok (Buikak, esaterako) Jurado andrearen kanten bertsio berriak, garai hartakoak baino furfuriatsuagoak ere, plaza zein agertokietan abesten dituzte airos.
Are, are gehiago. Maite, miresten eta saritzen ditugun zenbait pelikulatan, egileek kanta horiek erabiltzen dituzte kontakizuna indar bereziaz apaintzeko. Eta gu harro, kontent, zorionak eroturik.
Adibiderik nahi? Bada, ezinbesteko bi jarriko dizuet oraintxe bertan. Txile, Frantzia, Belgika eta Alemaniaren arteko ekoizpena baden arren euskal ekoizleak dituen Diego Cespedesen La misteriosa mirada del flamenco izugarriak Donostiako Zinemaldian bereganatu zuen Gazteriaren Saria, inoiz sariketa horretan izan den puntuazio altuena lortuz. Badu errealismo magikoz tindaturiko ipuin mindu-alai horrek Canneseko Un Certain Regard saileko epaileen aitortza ere.
Txileko basamortuan gaude. Meatze-herri galdu batean. Trabestiak bizi dira hor (hitz hori erabiltzen dut beraiek, horrela definitzen baitute bere burua). Gaixotasun arraroa hedatu da biztanleen artean, eta trabestiei botatzen diete denek errua. Askoren esanetan, batek begietara begiratzen badizu, kutsatu egiten zara… Alta, bada pelikulan emoziorako, ilusiorako, maitasunerako, mendekurako beta ere. Adi, azaldutako inguru horretan gaudela, festa giroan, trabestien artean ederrena, denek desiratzen duten hori play-backean ari da abesten, Miss Alaska txapelketa irabazteko ametsetan. Eta zer abesten du Flamenco izengoitiaz ezaguna den gizaki bete-bete horrek? Manuel Alejandrok Rocio Juradorentzat sorturiko Ese hombre, non emakume batek amorante izan duen gizajo ziztrin, beldurti, jeloskorraren kontra esan beharreko guztia esaten duen…
Agertuko da hortik Flamencoren maitalea izandakoa, eta berak, trabesti balentak, pistola aterako du…
Bi adibide agindu dizkizuet. Hurrengoa Donostiako Beldurrezko Astean dastatzeko parada ezin hobea izango duzue laster. Eduardo Casanova egile fin eta atrebituak Silencio izeneko telesaila egin du. Hiru atalekoa. Locarnoko zinemaldian estreinatu zen. Abuztuan.
Banpiroak dira protagonistak. Banpiro emakumeak. Milurtekoak zeharkatzen dituzten izaki miresgarriak. Izurrite guztietatik salbu daudenak… Gizakiak, berriz, biktimak dira. Izurrite anitzen biktimak. Baita norberaren desirenak ere. Umore beltzez (arrosaz ere) da tindatua proposamena. Dantzaz ere. Kantaz. Eta haien artean… Bai, asmatu duzue, Rocio Juradoren beste askatasun oihu bat: ¡Muera el Amor!, Hil bedi maitasuna!
Ikusten? Gutako askorentzat Rocio egon da beti gure bizitzaren soinu bandan. Ez ginen, baina, ausartzen esatera. Orain, sortzaile primerakoek bere abesti braboak aukeratzen dituzte beren pelikulak biribiltzeko. Pozten gara. Pozten gaituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
21 film ariko dira 74. Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera Saria irabazteko lehian
Maria Alche eta Benjamin Naishtaten 'Pedro en el país' filmak emango dio hasiera sekzioari, eta Isaki Lacuestaren 'Jaleos' filmak itxiko du. 13 film luze, 7 labur eta film ertain bat borrokatuko dira saria eskuratzeko, eta ikus-entzunezko performance bat izango da lehiaketatik kanpo, Albertina Carri zinemagile eta idazlearen eskutik.
Michaël R. Roskamen 'Le Faux Soir' filmarekin emango diote amaiera Zinemaldiari
II. Mundu Gerran Belgikako Erresistentziaren operazio batean gertatutakoa azaltzen duen filma lehiaketatik kanpo proiektatuko da irailaren 26an, Kursaalen, palmaresa iragarri ondoren.
Fatih Akinen "Ghost Song" filmak inauguratuko du Zinemaldiko Sail Ofiziala
Zuzendari alemaniarraren film berriaren mundu mailako estreinaldiak irekiko du irailaren 18an Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioko Sail Ofiziala. Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Kursaal Auditorioan proiektatuko da filma, eta Akinek Urrezko Maskorra lortzeko lehian parte hartuko duen lehen aldia izango da.
Los Javis, Araujo, Dhont edo Hamaguchiren film berriak eskainiko dituzte Zinemaldiko Perlak sailean
Guztira 16 film luze proiektatuko dira Perlak sailean eta guztiak, Olivier Nakache eta Eric Toledanoren 'Juste une illusion' izan ezik, Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko lehiatuko dira.
Zinemaldiko Belodromoko saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko
Donostiako belodromoak 'Karateka' eta 'Muguruza FM 40 Tour' filmen mundu mailako estreinaldiak hartuko ditu, baita 'Go! azen' telesailaren denboraldi berriaren lehen atala ere.
Hayden Panettiere aktorea hil da, 'Scream' eta 'Heroes'-eko protagonista, 36 urte zituela
Aktorearen ordezkariak baieztatu du albistea, baina oraingoz ez dute jakinarazi zergatik hil den.
Zinemaldiak Urrezko Maskorra lortzeko lehian arituko diren sei film gehiago iragarri ditu
Jesse Eisenbergen eta Fred Cavayeren lanak, besteak beste, aurretik iragarritako hamar izenburuei batuko zaizkie Zinemaldiko Sail Ofizialean.
Leihoa irekita izan arren, pantailarik ez
Werner Herzog, Donostia saria
Zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktore alemaniarrari Zinemaldiko ohorezko sari ospetsuenetako bat emango diote. Herzogek inaugurazio-ekitaldian jasoko du saria, eta bere azken filma aurkeztuko du: Bucking Fastard.
Manolo Solo espainiar aktorea hil da
Andaluziar aktoreak, "Cerrar los ojos" eta "Una quinta portuguesa" flimen protagonistak, 62 urte zituen.