Koldo Almandoz “Azken agurra” komedia filmatzen hasi da
Donostiar zinemagilearen hurrengo filmak “ironiaz, samurtasunez eta zentzu humanista sakonez” begiratzen die bizitzari eta heriotzari.
Koldo Almandoz zuzendaria. Argazkia: © Pedro Momeñe
Koldo Almandoz donostiar zuzendaria (Zeru ahoak, Hondar ahoak, Oreina, Dinosaurioak…) film luze berri bat filmatzen hasi da, Azken agurra “autore komedia beltza edo errauts kolorekoa”.
Tomas Martínez 45 urteko “antiheroi maitagarria” da, “bizitzari ironiaz, samurtasunez eta zentzu humanista sakonez” begiratzen dion istorioaren protagonista, filmaren arduradunek azaldu dutenez. Hileta zibilen enpresa baten jabea da, aita dorpea eta laneko idazkari gaztearekin maiteminduta dago; bizitzan aurrera egiten du, baldarki.
Iñigo Azpitarte (Handia) eta Izaro Nieto debutaria dira filmeko protagonistak, eta ondoan dituzte Iñaki Beraetxe, Iraia Elias eta Josean Bengoetxea, baita Pako Sagarzazuren laguntza ere.
“Postaletan agertzen ez den Donostia batean", Irunen, Orion, Errenterian eta Pasaian filmatzen ari dira “umore lakonikoa” izango duen lana.
“Azken agurrak gizakion miseria txikiez hitz egiteko aukera eman dit. Gidoi existentzialista bada ere, ez da pelikula ezkorra inondik ere. Bizitzan badirelako, izan, salbatzen gaituzten keinu eta gertakariak. Errauts koloreko komedia esaten diogu, gure pertsonaiek, miseria eta berekoikeria ez ezik, samurtasuna, errukia eta maitatzeko gaitasuna erakusten baitituzte”, azaldu du Almandozek.
Euskarazko pelikulak EITBren parte-hartzea du, eta Garabi Films eta Txintxua Films ekoiztetxeak daude proiektuaren atzean.
Zure interesekoa izan daiteke
Patrick Stewart 'Star Trek' unibertsoko aktore ospetsua hil da
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da