Zinebi jaialdiak Pablo Berger eta Esther Garcia sarituko ditu
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 67. edizioa azaroaren 21ean abiatu, eta hilaren 28an itxiko dute, amaiera-gala eta sari-banaketa eginda.
Zinebik "Llámame Sinsorga" EITBren parte-hartzea duen filmaren Euskal Herriko estreina egingo du
ZINEBI Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko Jaialdiaren 67. edizioa azaroaren 21ean, hasiko da, Arriaga Antzokiak hartuko duen inaugurazio-galarekin. Jaialdiak azaroaren 28ra arte iraungo du, eta egun horretan egingo dute, hortaz, amaiera-ekitaldia eta sari-banaketa.
Zortzi egunean, 156 film ikusi ahalko dira guztira (132 labur, 6 ertain eta 18 luze, horietatik 41 euskal ekoizpenak) Sail Ofizialean eta gainerako ataletan.
Sail Ofiziala film laburren nazioarteko lehiaketa da, funtsean. Gainerakoak, berriz, Beautiful Docs–Munduko Dokumentalen Panorama (Werner Herzog, Gianfranco Rosi, Rita Azevedo Gomes...); Bertoko Begiradak, Euskadin ekoitzitako film labur eta luzeek osatua; eta beste saio berezi batzuk dira.
Sail Ofizialerako, 58 film aukeratu ditu Zinebik, 19 fizkio, 19 dokumental eta animaziozko 20 lan, tartean euskal ekoizpen hauek: El cuerpo de Cristo (Bea Lema, 2025), Geratzen den hori (Aitor Gametxo, 2025), Habana industrial (Ainhoa Ordoñez Yralagoitia, 2025), Le prime volte (Giulia Cosentino & Perla Sardella, 2025) eta Ultramarino (Maren Zubeldia & Silvina Guglielmotti, 2025).
Jaialdiak, halaber, Pablo Berger bilbotar zinemagilearen eta Donostia saria jaso berri duen Esther García espainiar ekoizlearen ibilbide profesionala azpimarratuko du, sari bana emanda.
Zinemaldia
Esther Garcia ekoizleak Donostia Saria jaso du
Segovian jaiotako ekoizleak Agustin eta Pedro Almodovar anaien eskutik jaso du saria, haiekin egin baitu lan bere ibilbide profesionalaren zati handi batean. Hitzaldian, Ukrainan eta Gazan egun duten indarkeria gaitzetsi, eta eskubideen defentsa sutsua egin du, batik bat emakumeen eskubideena.
Bertoko Begiradak. Miradas desde Euskadi ataka Euskal Herrian ekoitzitako bost film dokumental eta 33 labur eskainiko ditu. Film luzeak hauek izango dira "Llámame Sinsorga" (Marta Gómez eta Paula Iglesias), "Petrus" (Helena Bengoetxea), "Txillarreko Sukaldaria" (Asier Ibaibarriaga eta Edurne San Martín), "Eloy de la Iglesia, adicto al cine" (Gaizka Urresti) eta "Akelarre: marearen kontra" (Xabier Zabala eta Carlos Iglesias).
Film laburrei dagokienez, Arriaga antzokiak lau saio hartuko ditu, eta Sail Ofizialean lehiatuko diren bost lanak eta 28 pelikula gehiago ikusi ahalko dira, tartean Lara Izagirre, Lur Olaizola, Maider Fernández Iriarte, Ander Reviejo, Pablo Palomera eta Aitor Abio zinemagileen lanak.
Elkarrizketa
Lur Olaizola: “Zerbait polita dago unerik gogorrenekin zerbait sortzeko keinuan”
Labur horiek sari hauek jaso ahalko dituzte: EITB Publikoaren Saria (3.000 euro), Epaimahai Gaztearen Saria (2.000 euro) eta (H)emen – Mirentxu Loyarte Saria (2.000 euro).
Zinebik azaroaren 28an iragarriko du bere palmaresa, eta jaialdiko sarrera eta bonuak salgai daude dagoeneko. Gainera, Zinebik EITB Primeran doako plataforma digitalera zabalduko ditu bere proiekzioak: plataforma horrek zinemaldiaren aurreko edizioetan proiektatu diren euskal ekoizpeneko filmen aukeraketa bat jarriko du herritar guztien eskura.