Elena eta Telmo Irureta Borjako eccehomoa zaharberritu zuen emakumeari buruzko filmaren protagonistak izango dira
Bixagu euskal ekoiztetxea eta Malagako La Cochera etxea Cecilia. La historia del Ecce Homo de Borja pelikulan lanean ari dira, Cecilia Gimenez Borja Zaragozako herriko elizan fresko bat asmo onez baina ahalmen urriz zaharberritu zuen emakumearen gaineko “begirada intimo eta hunkigarri” batean.
Telmo eta Elena Irureta, 2023ko Goya sarietan. Argazkia: Efe.
Elena Irureta zumaiar aktorea Cecilia. La historia del Ecce Homo de Borja fikziozko filmaren protagonista izango da Telmo ilobarekin batera, Bixagu Entertainment eta La Cochera Producciones Audiovisuales etxeak ekoizten ari diren proiektuan.
Pelikularen ardatza “Cecilia Gimenez zena eta Borjako eccehomoaren atzean ezkutatzen den giza istorioa” izango dira. 2012an, adineko emakumeak bere gain hartu zuen, asmo onez baina emaitza txarrez, Elias Garcia Martinez XIX. mendeko pintoreak egindako Jesusen fresko bat zaharberritzeko ardura, eta emaitzak hautsak harrotu zituen han eta hemen.
Luken Hidalgok idatzi du Cecilia. La historia del Ecce Homo de Borja, eta Luis Beldak zuzenduko duen lehen film luzea izango da. Beldaren asmoa da “hedabideetako eta sareetako zalapartaren atzean zegoen emakumearen gaineko begirada intimo eta enpatikoa eskaintzea, karikaturatik aldendu eta alderdi pertsonal eta emozionalena jorratzeko”.
Gidoia bukatuta dago dagoeneko, eta finantzazio bila ari dira orain proiektuaren arduradunak. Elena eta Telmo Irureta ama-semeena egingo dute pantailan.
Cecilia Gimenez joan den abenduaren 29an zendu zen, 94 urte zituela, eta haren familiak eta filmeko lantaldeak proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki dute, “haren memoria omentzeko, kontu eta errespetu handiz”.
Zure interesekoa izan daiteke
Patrick Stewart 'Star Trek' unibertsoko aktore ospetsua hil da
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da