"Los domingos" eta euskal aktoreak garaile, Feroz sarietan
Alauda Ruiz de Azuaren lanak film onenaren, gidoi onenaren, zuzendari onenaren, aktore protagonista onenaren eta bigarren mailako aktore onenaren sariak lortu ditu. Gizonezko aktore onenen sariak Jose Ramon Soroizek eta Kandido Urangak eskuratu dituzte.
Alauda Ruiz de Azuaren Los domingos filmak 5 golardo eskuratu ditu Feroz sarietan, eta irabazle nagusia izan da bart ospatutako galan.
Pontevedrako Pazo da Culturan egindako ekitaldian, Espainiako Zinema Informatzaileen Elkarteak (AICE) film dramatiko onenaren, zuzendari onenaren (Alauda Ruiz de Azua), emakumezko aktore protagonista onenaren (Patricia Lopez Arnaiz), bigarren mailako emakumezko aktore onenaren (Nagore Aranburu) eta gidoi onenaren sariak eman dizkio pelikulari.
"Hau miraria da. Horrela sentitzen dut", adierazi du zuzendariak, eta erantsi du filmak ez direla "bakarrik" egiten, "taldean" baizik.
Lopez Arnaizek laugarren Feroz saria lortu du. Pertsonak nahi duten modukoak izan daitezen horretarako tokia uzteko beharra nabarmendu du, eta "adingabeen aurkako tratu txarren dinamikak" gaitzetsi ditu.
Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas filmak (EITBren parte-hartzea du) 2 sari lortu ditu: aktore protagonista onenarena Jose Ramon Soroizi eman diote, eta bigarren mailako gizonezko aktore onenarena, Kandido Urangari.
"Berme bat da Moriartirekin lan egitea. Sari hau munduko Vicente guztiei eskaini nahi diet; zuen lekua aurkitzea nahi dut", adierazi du Soroizek.
Oliver Laxe galiziarrak zuzendutako Sirat filmak arreta handia bereganatu du aste honetan, Oscar sarietan atzerriko film onenaren eta soinu onenaren sarirako izendatu ostean. Feroz sarietan, jatorrizko musika onenaren saria jaso du Kangding Rayk, eta trailer onenarena Aitor Tapiak.
"Modu okerrean teknikari deitzen diegun horiek erreibindikatu nahi ditut, artista handiak eta artisau handiak dira", adierazi du Laxek.
Manuel Gomez Pereiraren La cena lanak komediako film onenaren saria lortu du, eta Telebista atalean, Yakarta eta Poquita fe izan dira garaile nagusiak, hiruna sari eraman baitituzte etxera.
Zure interesekoa izan daiteke
Patrick Stewart 'Star Trek' unibertsoko aktore ospetsua hil da
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da