Euskadi eta Nafarroaren arteko 'harremanaren oinarriak' jarri dituzte
Euskadi eta Nafarroaren artean "errespetuzko harreman adeitsu baten oinarriak" jartzeko aurrerapausoa eman dute gaur Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak eta Iñigo Urkullu lehendakariak. Gaurkoa bi agintariek egin duten lehenengo bilera izan da.
Nafarroako Jauregian batzar laburra egin dute Urkulluk eta Barcinak, eta, ondoren, kazetarien aurrean azaldu dira. Euskadiri eta Nafarroari dagozkien arazo nagusiei elkarrekin aurre egiteko helburuarekin "harreman normala abiatzeko oinarriak" jarri dituztela nabarmendu dute.
Bilera egin ondoren, Pirinioetako Lan Batzordearen Goi Bilerara joan dira elkarrekin. Bi agintarien esanetan, osasun sistema, garapen ekonomikoa eta enplegua izan dituzte hizpide, baita Estatuarekin dituzten hitzarmen ekonomikoak ere.
Urkulluk hurrengo bilera Gasteizen, Ajuria Enean, egiteko gonbidapena egin dio Barcinari. Gaurkoa "auzokoak diren bi erkidegoren arteko bilera" izan dela adierazi du Barcinak. "Errespetutik, bi erkidegoentzat garrantzitsuak diren gaiak aztertu ditugu", esan du.
"Oso modu azkarrean, etorkizunean bi erkidegoen arteko harremanei esker sakonago aztertuko ditugun gai batzuk aipatu ditugu gaur", esan du. "Zenbait gaizkiulertu" egon direlako ez dute lehenago aldebiko bilerarik egin, Barcinaren esanetan, eta aurrerapen bat egin du: "Berriro bilduko gara, horretan geratu gara".
Yolanda Barcina Nafarroako presidentea eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE
Nobedadea Urkullu eta Barcina elkarrekin ikustea dela esan du, baina Eusko Jaurlaritzako sailak eta Nafarroako Foru Gobernuko departamenduak "harremanetan" daudela zehaztu du. Nolanahi ere, hemendik aurrera harreman hori "sakonagoa" izango dela nabarmendu du, batez ere, "Nafarroako eta EAEko herritarrentzat ona izan daitekeen guztia aztertzeko".
Iñigo Urkulluren hitzetan, gaur egin duten bileran "errespetua eta adeitasuna" izan dira nagusi, eta etorkizunean ere elkartuko direla baieztatu du lehendakariak.
Euskadiko eta Nafarroako presidenteak aurreko legegintzaldian bildu ziren azkenengoz. Patxi Lopezek eta Miguel Sanzek elkarlanerako protokoloa sinatu zuten orduan.