Herriko tabernen auzia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Sortu: 'Epaiak ezker abertzalearen porrot politikoa antzeztu nahi du'

Pernando Barrena Sortuko bozeramailearen hitzetan, auzitegiak "Estatuaren mendekuari amaiera eman" nahi dio. Zigortuek prentsaurrekoa emango dute ostegun honetan, Donostian, 11:30ean.
Iragarkia
18:00 - 20:00
Sortuk erabat baztertu du 'herriko tabernen' auziaren inguruko epaia

Herriko tabernen auziko epaiak "ezker abertzalearen porrot politiko bat antzeztu" nahi duela ziurtatu du gaur Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak, "baina euskal gizarteak porrot hori ukatzen du hauteskundeetan". Zigortuek prentsaurrekoa emango dute ostegun honetan, Donostian, 11:30ean.

Barrenak eta Maite Ubiria buruzagiak agerraldia egin dute Donostiako Sorturen egoitzan. 20 pertsonari ezarritako zigorren balorazioa egin dute.

Zigortu batzuek prebentzioko espetxeratzean denbora gehiago eman dutela goraipatu du bozeramaile abertzaleak. Auzitegi Nazionalak gaur ezarritako zigorrak txikiagoak dira, alegia.

Sortuko bozeramailearen hitzetan, auzitegia "kontaketa ofizialaren abangoardia" bilakatu da eta "ezker abertzalearen zuzendaritzetan parte hartu duten guztien aurkako Estatuaren mendekuari amaiera eman" nahi dio.

EAJ

EBBren hitzetan, epaia "iraganeko ebazpen bat da, eta salbuespenean du oinarria". Sententzia "guztia ETA da" tesian oinarritzen dela salatu dute jeltzaleek. Irizpide horiek "sekula" ez dituztela onartu azaldu du EAJk.

Gainera, "iraganeko inertziak" gainditzea eta "Euskadin bake eta elkarbizitzaren alde" lan egitea eskatu du EBBk agiri batean. Jeltzaleen esanetan, "ebazpen judiziala beste atzerapauso bat da Euskadik bizi duen normalizazio politikoa lortzeko prozesuan".

Aralar

Bestalde, sententziaren aurrean, ebazpen judizial horrekiko "erabateko kontrakotasuna" agertu du Aralarrek agiri batean.

"Jardun soilik zibil eta politikoengatik zigor erantzukizunak eskatzen dituzten legeak eta sententziak beti izan dira bidegabeak; kasu honetan, gainera, terrorismoarekin lotutako delituak egozten dira jardun politikoak, sozialak eta zibilak egiteagatik", azaldu du koalizioak.

Alternatiba

Asier Vega Alternatibako bozeramailearen ahotan, sententzia "bakearen eta normalizazio politikoaren aurkako enegarren erasoa da; gatazkaren mamuari heltzen diotenek erasoa egin dute gatazkari errentagarritasuna ateratzen jarraitzeko".

Zentzu horretan, "kartzelan dauden euskal politikarien zerrenda luzatzearekin Estatuak zer lortu nahi du", galdetu dio Vegak Espainiako Gobernuari.

EA

Eusko Alkartasunaren esanetan, epaiak "izaera politiko nabaria du; izan ere, ezker abertzaleak bide politikoekin hartutako konpromisoa zalantzan jarri nahi du Espainiako iritzi publikoaren aurrean, eta Euskal Herrian zabaldutako garai politiko berrian emandako aurrerapausoak ukatu nahi ditu".

"Espainiako Estatuak Euskal Herria fase politiko berri batean dagoela onartzen ez duela agerian utzi du" epaiak, EAren ahotan. "Euskal gizarteak bakearen eta normalizazioaren aldeko apustua egin du", gogorarazi du.

ELA

ELA sindikatuaren hitzetan, sententzia "lotsagarria eta zentzugabekeria" da. "Izaera politiko markatua" duen epaia dela erantsi du sindikatuak agiri batean.

Sententziak "gure herriak bizi duen normalizazio prozesuari oztopoak jarri nahi dizkio", salatu du ELAk. Zentzu horretan, epai "bidegabea errealitatetik urrun" dagoela gaineratu du.

Lokarri

Era berean, Lokarri epaiaren aurka agertu da agiri batean. Auziaren luzapena salatu du: "Sumarioa 2002an abiatu zuten eta 12 urte igaro dira sententzia ezagutzeko; tarte horretan epaitutako pertsonen bizitza eta jarduera politikoa baldintzatu dituzte".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X