PPren Bizkaiko egoitza 'B kutxa'rekin ordaindu zen, Poliziaren arabera
Espainiako Poliziaren Delitu Ekonomiko eta Fiskaletarako Taldeak (UDEF) PPren Bizkaiko egoitza ordaintzeko erabili zen 'B kutxa' berri bat aurkitu du, Pablo Ruz epaileari bidalitako txostenean agertzen denez.
Horixe agertzen da epaileak Angel Acebes PPren idazkari nagusi ohia inputatzeko kaleratu duen autoan. Luis Barcenasek EAEko PPrentzat beste 'b kutxa' bat eratu zuela agertzen da bertan.
Epaileak dioenez, Barcenasek "beste kontabilitate bat sortu zuen, 'Sede Vizca' izenekoa" operazioa ordaintzeko, milioi bat euro ingurukoa operazioa ordaintzeko, alegia.
Orain arte enpresarien dohaintzak eta goi-kargudunek jasotako dirutzak ikertzen ari ziren, baina orain beste 'b kutxa' bat aurkitu omen dute, 1999tik 2005era arteko diru-mugimenduekin.
"Kontu hori esku-dirutan hornitzen zuten", eta gero PPk Banco Vitorian eta Baneston dohaintzak jasotzeko zituzten kontuetan sartzen zuten, Ruzen arabera.
Oraingoz, UDEFek dohaintza bakarraren jatorria asmatu du, Emilio Alvarez Lopez Bruesa eraikuntza enpresako zuzendaritzako kidearena, 36.000 eurokoa.
Ezkutuko diru hori EAEko PPri ematen zitzaion, eta Barcenasen kontuetan "diru irteera" bezala agertzen zen.
Ondorio horretara iristeko, Poliziak B kutxa berriaren datuak PPk Kontuen Auzitegian aurkeztutako datuekin eta alderdiak EAEn dituen kontuekin alderatu ditu.
Dohaintzetatik iritsitako dirua bi bidetatik iristen zen EAEko PPren eskuetara. Batetik, transferentziak egiten zituzten Madrileko egoitzatik EAEkora, eta dirua hipoteka ordaintzeko erabiltzen zen. Bestetik, esku-dirutan ematen zioten Ignacio Aguirre Lafuente EAEko PPren gerente ohiari, horrek dirua kontuan sar zezan.
Euskadiko PPk akusazioa ukatu du
Bestalde, Euskadiko Alderdi Popularrak berretsi egin du Bilbon daukan egoitza PPren zuzendaritza nagusiaren laguntzarik gabe ordaindu zuela, eta gogora ekarri dute Luis Barcenas diruzain ohiak egoitza horren inguruko ‘B kontabilitatea’ baldin bazuen, lehendabiziko kaltetua Euskadiko PP izango zela.
Euskadiko Alderdi Popularreko iturriek EFE agentziari azaldu diotenez, oraingoz Pablo Ruz epaileak ez die inolako informaziorik eskatu.
Horrez gain, epaileak gaur ezagutarazitako autoak ez du ezer berririk esaten, Barcenasek 2013an epailearen aurrean egindako deklarazioarekin alderatuta.
Barcenasek orduan aitortu zuen Bilboko egoitzaren hipotekaren zati bat zenbait enpresa eraikitzailek Alderdi Popularrari emandako diru-laguntza ilegalen bidez ordaindu zen.
Zure interesekoa izan daiteke
Jaurlaritzak adierazi du adingabeen harrera zentroen sistema "tentsionatuta" dagoela; Garmendia Ceutako haurrak hartzearen alde dago
Zapaterok epaileari jakinarazi dio bere bulegoan aurkitutako bitxiak Saudi Arabiako erregeak oparitu zizkiola 2007an
PPk ez du baztertzen EAJ eta PSErekin zerga erreforma adostea
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek, presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri