Kontzertu Ekonomikoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

'Euskadi solidarioa da, dagokiona baino gehiago ordaintzen du'

EAEko erakundeek adierazpen bateratua adostu dute, Kontzertu Ekonomikoaren alde.
EAEko erakundeen ordezkariak. EFE
EAEko erakundeen ordezkariak. EFE

Iñigo Urkullu lehendakariak ohartarazi du Kontzertu Ekonomikoa "funtsezkoa" dela "Euskadiren eta Espainiako Estatuaren arteko bizikidetza akordioan". Horrenbestez, euskal erakundeek defendatu egingo dutela nabarmendu du.

Lehendakariak; Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusiek eta Eudeleko presidenteak adierazpen instituzional bat adostu dute, Kontzertu Ekonomikoaren alde.

Azken asteetan Ciudadanosek, UPyDk eta PSOEko eta PPko hainbat buruzagik euskal Kontzertua kritikatu dutelako egin dute bat EAEko erakundeek.

Hori horrela, erakundeek gai hau "eztabaida alderdikoietatik eta hauteskunde interesetatik ateratzea" eskatu diete alderdiei. Gainera, Kontzertua "Euskadiren eta Espainiako Estatuaren arteko bizikidetza akordioan funtsezkoa" dela gogorarazi dute. Hori dela eta, euskal autogobernua "irmo defendatzeko" konpromisoa hartu dute.

Hainbat sektoretatik Euskadik "pribilejioak" dituela esan dutela eta, erakundeek azaldu dute EAEko sistema "solidarioa" dela Estatuarekin.

"EAEko herritarrek ez dute dirurik jasotzen Estatuaren partez, baizik eta eman egiten diote Estatuari", azpimarratu dute. Gainera, Kupoaren bitartez Euskadik Estatuaren gastu orokorrei ekarpena egiten diela gogorarazi dute.

Erakundeen esanetan, Estatuak "superabita" du Euskadirekin duen harreman ekonomikoan. Hori frogatzeko, datu hauek eman dituzte: Kupoaren arabera, Euskadik Estatuaren gastuen % 6,24 ordaindu behar ditu, transferituta ez dauden eskuduntzen kasuan, EAEko biztanleria Estatu osokoaren % 4,6koa bada ere.

"Euskadi solidarioa da, dagokiona baino gehiago ordaintzen du", amaitu dute.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X