Erreakzio andana eragin ditu Otegi kartzelatik ateratzeak
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagi historikoa kartzelatik atera dela eta, asko eta askotarikoak izan dira gobernu ezberdinek eta alderdi politikoek egindako adierazpenak.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak balorazio laburra egin du Otegiren askatzeaz. Gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoan nabarmendu duenez, gobernuak espero du "berak hala nahi badu behintzat, ahalik eta bizitza politiko normalena" eramatea eta horretarako inork "oztoporik ez jartzea". Otegi lehendakarigai izateko aukeraz galdetuta, "bizitza demokratikoaren adierazle dena" ez da buruhaustea Jaurlaritzarentzat.
Zabalago egin du berba Ana Ollo Nafarroako Gobernuaren eledunak. Ollok "ongietorria" Otegiren askatzeari. Haren ustean, "herri honek hainbeste behar dituen bakea eta elkarbizitzaren aldeko apustua egin du" ezker abertzaleko buruzagiak eta, ingurumaria horretan, "bakearen eta elkarbizitzaren kultura" horren alde dauden "indar politiko guztiekin lan egiteko prest" daudela azpimarratu du.
Ildo beretik mintzatu da Juan Maria Aburto Bilboko alkatea (EAJ). Adierazi duenez, Otegi aske geratzeak "Euskadin gaur egun dugun erronka handi horretan, elkarbizitzaren erronkan, sakontzeko balioko duelakoan nago, hala espero dut behintzat". Hala, "bizi izan duen egoera bidegabe hori" utzi duelako, "ongietorria" eman dio Aburtok Otegiri.
Logroñotik bertatik egin ditu adierazpenak Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideak, ezker abertzaleko beste kideekin batera Otegiri goizean egin dioten harrera ekitaldian izan baita. Haren hitzetan, gaur aske geratu dena "ez da beste preso politiko soil bat", baizik eta Estatuak "mito bihurtu duen buruzagi politiko bat da" . Lehendakarigai izateko barne prozesura aurkeztuko dela eta, hala egingo zuela bazekien Arraizek, "animalia politiko bat" delako eta "politika zainetan" daramalako.

ETBko kazetariak eginiko galderei erantzun die Arraizek.
PSE-EEk ez du balorazio ofizialik egin nahi izan. Jesus Egiguren alderdiko presidente ohi eta Otegiren laguna denak Radio Euskadiri esan dionez, ezker abertzaleko buruzagia aske geratzeak "amaiera" eman dio "bera protagonista nagusi izan zuen bake aroari". Egigurenen berbetan, protagonismoa izatearren "saria" eman zioten Otegiri: "zazpi urteko kartzelaldia". Horrez gain, azterketa politikoa egin du buruzagi sozialistak: "Arnaldo Otegi egoera batean sartu zen espetxera, eta irtetean, egoera oso bestelakoa da. Gogoeta egin beharko du zerotik, Podemos dutelako orain lehiakide eta azken hauteskundeetan boto ugari kendu dizkietelako".
Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteak uste du Otegi "gaitasungabetuta" dagoela euskal gizartean "erreferente politiko" izateko. Horren iritziz, buruzagi abertzaleak "lotsatuta" egon behar du, "iragan kriminala" duelako, ETArekin "lotura" izan duelako eta "erakunde terroristari obediente" izan delako.
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak bat egin du Alonsoren argudioekin, eta Otegi "politikoki eta demokratikoki gaitasungabetuta" dagoela, "ETAren ekintza kriminalak defendatu zituelako eta biktimei eraso egin zielako eta iraindu zituelako".
Sindikatuen arlotik, LABek ongietorria eman dio Otegiri, eta Rafa Diez euren idazkari nagusi ohia ere askatzea eskatu du. Agiri batean, zentralak nabarmendu du Otegi "bahituta" zegoela, eta haren eskubide zibilak eta politikoak "urratu" dituztela, haren "delitu bakarra" bakea "ekartzea" izan baita.
Beste erakunde eta alderdi batzuk
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordeak ohartarazi du "zaindu" egingo dutela terrorismoa goratzeko ekintzarik ez egitea, eta gogorarazi du Otegi talde kriminal bateko kide izatea egotzita kondenatu zutela eta "2021 urtea arte gaitasungabetuta eta oso ondo gaitasungabetuta" dagoela.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko jarduneko Barne ministroak esan du Otegi ez dela bake gizona edo heroia, eta ez litzatekeela hautagai izan behar Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. "Justiziarekin zuen zorra bete du, baina ez gizartearekin duena", adierazi du.
Neus Munte Kataluniako Generalitateko bozeramailearen esanetan, "Estatu demokratiko batean ezin da inor jazarri ideia politikoak defendatzeagatik".
Twitterren oihartzun handien izan duen erreakzioa Pablo Iglesias eta Albert Rivera Podemoseko eta Ciudadanoseko buruek izan duten tirabira da. Izan ere, Iglesiasek adierazi du "albiste ona" dela Otegi aske geratu izana, ezin baita inor kartzelatu "ideiengatik".
Riverak erantzun egin dio, eta Otegi "talde armatuko kide izateagatik" kondenatu zutela erantzun dio Iglesiasi. Are gehiago, "ideiengatik" kartzelatu zutena Leopoldo Lopez Venezuelako oposizioko burua dela ziurtatu du.
Horren ildotik, Iglesiasek gogorarazi dio Ciudadanoseko diputatuek saio batetik alde egin zutela Kataluniako Parlamentuan, "PPrekin batera", "frankismoa gaitzetsi behar ez izateko".
Antonio Hernando PSOEko bozeramaileak azpimarratu nahi izan du "demokraziaren historia osoan" ez dela "preso politikorik" egon. "Ez dugu onartuko hori esatea, iraina baita biktima eta terrorismoarekin sufritu duten pertsona guztientzat?, esan du.
Alberto Garzon IUko parlamentariaren esanetan, "albiste politiko ona" da Otegi espetxetik atera izana, eta hori "oportunitate bat" dela nabarmendu du.
Covite terrorismoaren biktimek elkarteak ohartarazi du ezin direla goratu "bakea inpunitatearen truke nahi dutenak", horrek "gorrotoa zabaltzen baitu gazteen artean?.
Zure interesekoa izan daiteke
Italiatik datozen bidaiarien kontrol aleatorioak egiten jarraitzen dute Bilbon
Larunbat goizean ezarri dituzte kontrolak Bilbon, Malagan, Sevillan, Alacanten, Valentzian, Balearretan eta Kanarietan. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan, aldiz, ordu batzuk lehenago hasi ziren ausazko kontrolak egiten.
Vivasek Ceutako mugaren kontrola indartzeko eta gutxienez 1.000 agente izateko eskatu du
Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko indarrak nabarmen handitzeko eta uztailaren 30eko sarrera masiboa berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Ceutako presidenteak Espainiako Gobernuari.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.