Sententzia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Arraizi bi urteko espetxe-zigorra ezarri dio EAEko Auzitegi Nagusiak

Sortuko presidentea ez da kartzelan sartuko, baina legebiltzarkide izateari utziko dio.
Arraiz, EAEko Auzitegi Nagusian. Argazkia: EFE
Arraizek hainbat buruzagi politikoren babesa izan zuen, tartean Andoni Ortuzarrena. Argazkia: EFE

Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideari bi urteko espetxe-zigorra eta kargu publikoan aritzeko debeku berezia ezarri dizkio EAEko Auzitegi Nagusiak, Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusiak eta Iñigo Iruin abokatuak adostu bezala. Epaia astearte honetan eman du jakitera Auzitegiak.

Arraiz 2007ko urrian atxilotu zuten Seguran (Gipuzkoa), ezker abertzaleko beste buruzagi batzuekin batera. ETAko kide izatea leporatu zieten denei, eta 04/08 sumarioan auzipetu zituzten. Arraiz foruduna denez, EAEko Auzitegi Nagusian epaitu behar zuten.

Hain justu, maiatzaren 9an egin zuten Sortuko buruzagiaren kontrako epaiketa. Fiskaltzak eta defentsak erdietsitako akordioari jarraiki, leporatutako delituak bere gain hartu zituen Arraizek. Trukean, hasierako zigor eskaera jaitsi zuen fiskalburuak. Horren arabera, Arraiz ez zen kartzelan sartuko, baina legebiltzarkide izateri utzi beharko zion, eta bi urtez, ezingo zuen hautagai izan.

Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegiko Arlo Zibileko eta Zigor-arloko Salako presidenteak eta Roberto Saiz eta Nekane Boladok osatzen duten epaimahaiak bi urteko zigorra ezarri dio, horrenbestez, Arraizi.

Kargu publikoan aritzeko debeku bereziari dagokionez, honako esparruetan ezarriko diote: udal, foru, autonomiko, Estatu eta Europa mailan.

19 orrialdeko epaian, Arraizi erakunde armatuko kide izatea egozteko erabilitako argudioak azaldu ditu epaimahaiak. Kasazio errekurtsoa aurkez daiteke epaiaren kontra.

Herri akusazioak ez du helegiterik aurkeztuko

Hain zuzen, epaiaren kontrako errekurtsorik aurkeztuko ez dutela iragarri dute AVT eta Dignidad y Justicia elkartek.

Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidenteak azaldu duenez, "esperotako" epaia da gaur EAEko Auzitegi Nagusiak emandakoa, "gaur egun Justiziak darabilen ildotik doana".

Porteroren esanetan, buru duen elkarteak "ez du errekurtsoa aurkezteak ekarriko dituen kostuak bere gain hartuko, jakinda irabazteko aukerarik ez dugula". "Jurisprudentziak oso argi utzi du gaia", argudiatu du.

Ildo beretik mintzatu da Antonio Guerrero AVTko abokatua ere. Epaia esku artean ez duela ohartarazi badu ere, "printzipioz" errekurrituko ez dutela esan du Guerrerok. "Zigorrak baloratzeko modu bat da, eta zaila da halakoetan irabaztea", esan du.

Aldeen arteko akordiorik ez

Ahozko saioa saihestea bazegoen, auzi beragatik Auzitegi Nazionalean epaitu behar zituzten ezker abertzaleko 35 buruzagiekin gertatu zen bezala, baina, kasu honetan herri akusazioak ituna baztertu zuten.

Arraizen epaiketan, 10 urteko zigorra eskatu zuten AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek. AVTko abokatuak, dena dela, bost urteko espetxe-zigorra planteatu zuen, bidegabeko luzatzea egotzita.

 

 

Zure interesekoa izan daiteke

CEUTA, 17/08/2026.- Comparece el presidente de la Ciudad Autónoma de Ceuta, Juan Jesús Vivas (c), este lunes, en compañía de varios miembros del ejecutivo local. EFE/Reduan
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

"Errealitatea makillatzea" egotzi dio Ceutako presidenteak Gobernuari, eta krisia konpontzeko 30 egun eman dizkio

Juan Vivasek gogor kritikatu du Gobernua uztailaren 30ean eta 31n Marokotik 70.000 pertsona inguru hiri autonomora sartu ondoren sortu den migrazio-krisiaren aurrean "erantzun ezagatik" eta "pasibotasunagatik". Agerraldi batean, Vivasek galdetu du ea Gobernuaren pasibotasunak Maroko "ez molestatzea" bilatzen duen, eta iragarri du botere judizialera eta beste estamentu batzuetara joko duela krisia 30 eguneko gehieneko epean konpontzen ez bada.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X