Fiskaltzak bi urtera jaitsi du Arraizen kontrako zigor-eskaera
Hasier Arraiz Sortuko presidentearen kontrako epaiketa gaur goizean hasi da EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, Batasuna berreraikitzea egotzita. Ezker abertzaleko buruzagiak leporatutakoa aitortu du epailearen aurrean, baita biktimei egindako kaltea ere.
Horrenbestez, aldeek galdeketarekin jarraitzea baztertu dute eta Fiskaltzak zigor-eskaera aldatu du: hasiera batean, sei urteko espetxealdia eskatu zuen, baina orain bi urtera jaitsi du eskaera.
Hala ere, Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek 10 urteko espetxe-zigorra berretsi dute, eta azken horrek 5 urteko eskaera egin du, alternatiba moduan, prozesu judiziala asko luzatu delako.
Arraizen kontrako sumario berean beste 35 lagun auzipetu zituzten, baina akordioa lortu zuten Fiskaltzarekin, AVT eta Dignidad y Justicia elkarteekin: akusatuek leporatutakoa onartu zuten, kartzelara joan behar izatea eta inhabilitazio zigorrak saihestuz. Urte eta erdi eta bi urte arteko espetxe-zigorrak ezarri zizkieten. Hasiera batean sei urteko zigorrak eskatu zituzten guztientzat.
Arraizen kontrako epaiketa, berriz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian egin behar dute, legebiltzarkidea delako.
Iñigo Iruin abokatuak Auzitegi Nazionalean egindako akordio bera proposatu zuen Sortuko presidentearen kasuan, baina Dignidad y Justiciak uko egin zion.
Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak esan du Auzitegi Nazionalean izandako akordioa ez errepikatzea “zentzugabekeria” dela eta “berdintasun” printzipioaren kontrakoa izango litzatekeela.
Bakea, guztiontzat
Azken hitzartzean, Hasier Arraizek bere jarduera politikoa ekarri du gogora eta Alderdien Legea salatu du, “ilegalizazioek eszenatoki gaiztoa eragin zutelako eta herri honetako pertsona asko eta asko ideia politikoengatik jazarri zituztelako, proiektu independentista eta ezkertiarra arriskuan jarrita”.
Testuinguru horretan, ezker abertzaleko buruzagiek, tartean berak, jarduera politikoarekin jarraitzeko hautua egin zutela esan du, “horretarako obligazio etikoa geneukalako”. “Eta horixe da egin duguna”, erantsi du.
Horrez gain, 2011ko urrian ETAk bere jarduera armatua betirako amaitzea erabaki zuela iragarri zuenetik gauza asko onerako aldatu direla azpimarratu du. Ildo horretan, berak eta sumario berean auzipetutako gainerako kideek “eszenatoki aldaketa” gauzatzen lagundu zutela adierazi du.
“Garrantzitsuena bakearen eta demokraziaren egonkortzean urratsak ematen segitzea da; guk horretan lagundu du eta benetako bakea izan dadin guztiontzako izan beharko du, indarkeria mota ezberdinetako pertsona askok, tamalez, ikusi ezin izango duten arren”, gaineratu du.
Horrenbestez, Arraizek esan du biktima guztiei “memoria, errekonozimendua eta erreparazioa” aitortu behar zaiela. Era berean, bere jarduera politikoak biktimen sufrimendua “arintzeko balio izana” espero duela nabarmendu du.
Guziontzako bakea aldarrikatzeaz gain, bizikidetza “guztion artean” eraiki behar dela esan du eta horretarako “denok beharrezkoak” garela azpimarratu du.
Horrez gain, gaurko epaiketan berak emandako pausoak “beste batzuek ere urratsak emateko” eta kartzelak “behingoz husten hasteko” baliagarri izan daitekeelakoan dago.
“Bizikidetza denok artean egin behar dugu. Uste dut gero eta gehiago garela herri honetan indarrak batu nahi ditugunak bakea eta bizikidetza demokratikoa lortzeko. Eta agintari politikook horretarako obligazio etikoa daukagu”, gaineratu du.

(Hasier Arraiz, Andoni Ortuzar, Pello Urizar eta Arnaldo Otegi ondoan dituela. Argazkia: EFE)
Arraiz, Otegik eta Ortuzarrek babestuta
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak babesa helarazi dio Hasier Arraiz Sortuko presidenteari, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Batasuna berreraikitzea egotzita epaituko dute gaurtik aurrera ezker abertzaleko buruzagia.
Ortuzar Sabin Etxetik bertaratu da epaitegira, eta Arraizekin hitz egin du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren atarian.
“Suposatzen dut batzuk eskandalizatu egingo zirela, baina han egon nahi nuen, nire izenean, Hasierri elkartasuna adierazteko”, esan du Ortuzarrek sare sozialetan.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Nagua Alba Ahal Duguren diputatuak esan du Hasier Arraizen kontrako epaiketa “injustua eta anomaloa” dela eta ezin zaiola “justizia” deitu “zazpi urteko atzerapenarekin iritsi den epaiketa bati”.
Dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute “epaiketa politikoak” salatzeko. Tartean izan dira Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusia, Rufi Etxeberria, Pernando Barrena eta EH Bilduko Pello Urizar eta Oskar Matute.
Pernando Barrenak salatu du “militante independentistek pairatu behar duten enegarren epaiketa politikoa” dela gaurkoa. “Jarduera politikoa eta oinarrizko eskubideak epaitzen ari dira”, kritikatu du.
Auzitegi Nazionalean epaitutako kasu bera dela eta, beraz, Harraizen kontrako epaiketa akordio batekin amaitu beharko litzatekeela adierazi du.
Barrenak “akordio judizialen dinamika” babestu du, “epaiketa politiko guztiak bukatzeko erreminta eraginkorra delako”.
“Horixe da gure jarrera. Epaiketa alde guztien arteko akordioarekin amaitzea eskatzen dugu, kartzela beste inor joan ez dadin”, erantsi du.

(Hamarnaka lagunek elkarretaratzea egin dute EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian. Argazkia: EFE)
Zure interesekoa izan daiteke
Madrilgo Ramon y Cajal Ospitalean itxaron-zerrendak manipulatu dituztela salatu dute
'El País' egunkariak argitaratu duenez, ebakuntzen itxaron-zerrendan zeuden herritarren lehentasuna aldatzea agindu zuten ospitaleko bi arduradunek, zirujaurekin hitz egin gabe.
Puigdemonten amnistia eskariari ezezkoa eman dio berriz Llarena epaileak, eta Konstituzionalaren erabakiaren zain geratu da
Goreneko epailearen ustez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen epaiak ez du aldatzen politikari katalana Amnistia Legetik kanpo uzteko Llarenak berak finkatutako lehenengo arrazoiaren oinarria.
Egian migratzaile bati egindako erasoa gaitzetsi du Insaustik eta "motibazio arrazista" dagoen ikertzen ari direla esan du
Jon Insausti Donostiako alkateak gaur azpimarratu duenez, larria da pasa den astean Egia auzoan migratzaile bati egin zioten erasoa, eta gorrotoak hirian lekurik ez duela berretsi du. Biktima gizarte zerbitzuen sistemaren baitan zegoen, eta gaueko zerbitzuen eta "Otorduak" programaren erabiltzailea da.
Aburtok akordioak defendatu ditu eta "politika onaren alde" egin du
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak elkarrizketan, akordioetan, zerbitzu publikoan eta bizikidetzan oinarritutako politika aldarrikatu du, Udalaren Egoerari buruzko azken osoko bilkuran.
Ubarretxenak azpimarratu du ez dela aldebiko batzordea elkartuko akordio garrantzitsurik lortu ezean
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan nabarmendu duenez, Jaurlaritzak "ez du amore emango", baina akordioak lortu ahal izateko "beste aldeak borondate politikoa erakutsi behar du".
Chivitek hauteskunde kutsua ikusi dio Geroa Bairi, Belateko lanen bileratik "sartu baino kezkatuago" atera zela esan ostean
Ezustean eta harriduraz hartu ditu Nafarroako presidenteak Geroa Baik atzoko bileraren ostean egindako adierazpenak. Izan ere, Gobernuko bazkideek Belateko tunelen egoera aztertzeko bart egindako bileraren ostean, Pablo Azcona bozeramaileak "sartu baino kezkatuago" atera zela esan zuen. Azpiegituraren etorkizunari buruz esan du "oraindik ez dagoela ezer itxita".
Anduezak "seriotasuna" eta "diskrezioa" eskatu ditu Estatutu berriaren negoziazioan, "pazientziak muga bat duelako"
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak pazientzia galtzeko arriskua dagoela ohartarazi die EAJ eta EH Bilduri. Ildo horretan, lehia eta ika-mikak alde batera uzteko eskatu die biei.
Aburtok Bilbon egindako ibilbidea aldarrikatu du, eta akordioetan oinarritutako politika defendatu: "Denak ez du balio"
Alkateak hiru agintaldien balantzea egin du, eta elkarrizketan, elkarbizitzan eta herritarren zerbitzura jardutean oinarritutako politika aldarrikatu du. "Pertsona ona izan nintzela gogoan izatea gustatuko litzaidake», esan du.
Albiste izango dira: lehendakariaren bilera Confebaskekin, Adimen Artifizialaren moteltzea eta Zinemaldia ate joka
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gazte batzuek Felipe VI .a erregearen irudi bati burua moztu ziotela eta
Gertakariak igandean jazo ziren, Ernaik faxismoaren kontra deitutako martxan. Donostiako alkateak eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak ekintzok gaitzetsi dituzte.