Haserrea Katalunian, 'Gobernu legitimoa' espetxeratu dutelako
Carles Puigdemont presidenteak gogor salatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak bere gobernuko zortzi kontseilari kartzelatu izana.
“Kataluniako Gobernu legitimoa bere ideiengatik eta Kataluniako Parlamentuaren mandatua leialki betetzeagatik espetxeratu dute”, adierazi du Twitter bidez zabaldutako mezu batean.
“155aren klan amorratuak espetxean nahi gaitu. Kataluniako herritarren aldarri lasaia askatasunarena da”, erantsi du.
Carmen Lamela epaileak espetxeratze-agindua eman ostean, Oriol Junquerasek ondoko mezua argitaratu du bere Twitter kontuan: “Egin ezazue egunero zuen eskuetan dagoen guztia, abenduaren 21eko hauteskundeetan ongiak gaizkia garaitu dezan. Zutik, irmotasunez eta garaipenera arte”.
Josep Rull kargugabetutako Lurralde kontseilariak ere mezua zabaldu du Twitter bidez: “Mezu hau ikusten baduzue, hautestontziei leiala izateagatik kartzelatu nautelako da”. Joan den urriaren 1eko erreferendumean botoa ematen ageri da Rull, esaldi horrekin batera argitaratu duen argazkian.
Raul Romeva Nazioarteko Gaietarako kontseilari kargugabetuak ondokoa idatzi du Twitterren, espetxeratua izan aurretik: “Demokraziaren bidea hartu genuen eta ez dugu bide hori utziko. Abenduaren 21ean topatuko gara berriro. Hautestontziek gainezka egin dezatela”.
Antonio Comin Osasuneko kontseilari kargugabetua Bruselan dago, Carles Puigdemontekin batera. Mezu hau idatzi du Twitterren: “Ez dugu atsedenik hartuko zuei askatasuna bueltatu arte. Zuen ausardia izango da gaurtik aurrera gure borrokaren motor indartsua. Demokraziaren, justiziaren eta duintasunaren aldeko borroka”.
ERCk nabarmendu du demokrazia kartzelatu dutela gaur, baina ezinezkoa dela askatasuna espetxeratzea.
“Gaur Kataluniako Gobernu legitimoa kartzelatu dute. Gaur demokrazia kartzelatu dute. Baina ez dakite askatasuna espetxeratzea ezinezkoa dela!”, adierazi dute Twitter bidez.
Carles Riera CUPeko parlamentari ohiaren iritzian, ahalik eta azkarren greba orokorra deitu behar da Katalunian, kargugabetutako gobernukideen eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omnium elkarteetako buruzagiek askatasuna lortu bitartean, “mobilizazioa jendetsua eta iraunkorra izan dadin”.
“Gaur gertatutakok agerian uzten du bermerik gabeko epaiketa politikoa izan dela eta Espainian ez dagoela botere banaketarik, ezta demokraziarik ere”, salatu du.
“Justizia Estatuaren interesen eta bere konplizeen (Ciudadanos eta PSOEk, adibidez) mesedetan ari da”, kritikatu du.
Rierak erantsi du Kataluniako Gobernu legitimo bakarra Auzitegi Nazionala epaitzen ari dena dela.
Nicola Sturgeon Eskoziako ministro printzipalak esan du “akatsa” dela herritarrek aukeratutako agintari politikoak espetxeratzea.
“Kataluniari buruzko iritzia albo batean utzita, herritarrek aukeratutako agintari politikoak espetxeratzea akatsa eta demokrata guztiek salatu beharreko da”, adierazi du Twitter bidez.
“Kataluniaren etorkizuna buruzko desadostasuna politikoa da eta, beraz, konponbideak demokratikoa behar du izan, ez arerio politikoak kartzelatzea”, erantsi du.
Carmen Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak azpimarratu du gaur kartzelatutako kontseilariak “demokratikoki” aukeratuak izan zirela eta, hortaz, Carmen Lamela epailearen erabakia “bidegabea” eta “indezentea” dela erantsi du.
Horrez gain, espetxeratutako lagunei eta haien senideei bere babesa eta elkartasuna helarazi dizkie.
Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak gogor kritikatu du Espainiako Auzitegi Nazionala: “Eskuin muturreko gizatxarrak zarete”.
“Kataluniako Gobernu legitimoa epaitu duzue. Doilorrak zarete”, idatzi du Twitter sare sozialean.
Era berean, kargugabetutako eta esperatutako kontseilariei ere zuzendu zaie: “Zuekin eta zuen familiekin gaude. Atsekabetuta, triste eta haserre gaude”.
Ada Colau Bartzelonako alkateak “fronte bat” irekitzea eskatu du, “preso politikoen askatasuna” lortzeko.
“Egun beltza Katalunian. Hauteskundeetan demokratikoki aukeratutako Gobernua, espetxera. Ezinbestekoa da fronte komun bat egitea preso politikoen askatasuna lortzeko”, adierazi du Twitterren.
Amnistiarik gabe eta 155. artikulua ezarrita, “normaltasuna berreskuratzea ezinezkoa” dela berretsi du.
PP, PSC eta Ciudadanos, erabakia errespetatuz
Bitartean, Alderdi Popularrak esan du “Espainia botereen arteko banaketa” existitzen dela eta, beraz, epaileen erabakiak “onartu eta bete” egin behar direla.
“Justiziaren esparrua paraleloa da eta ez da inoiz erabaki politikoekin gurutzatzen”, esan du Xavier Garcia Albiol Kataluniako PPko buruzagiak.
Kataluniako Alderdi Sozialistak ere Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia errespetatzen duela esan du, neurria “gehiegizkoa” iruditzen zaion arren.
“Gaurkoa egun tristea da Kataluniarentzat eta Espainiarentzat. Kataluniako sozialistok lanean segituko dugu zentzua eta elkarrizketaren bidea berreskuratzeko, negoziazioa eta akordioa berreskuratzeko, betiere legearen eta Zuzenbide Estatuaren baitan”, jakinarazi du agiri baten bidez.
Ines Arrimadas Ciudadanoseko buruzagiak ere errespetua agertu du kargugabetutako Generalitateko kideak espetxeratzeko aginduaren aurrean eta abenduaren 21eko hauteskundeen ostean normaltasuna nagusituko dela adierazi du.
“Epaileek legea betearazi behar dute eta politikariok politika egin behar dugu”, gaineratu du.
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak esan du lotsa eragin diola Carmen Lamela epailearen erabakiak eta preso politikoak askatzea eskatu du.
“Lotsarazi egiten nau nire herrian oposizioko jendea kartzelatzeak. Ez dugu Kataluniaren independentzia nahi, baina aldi berean hau esaten dugu: askatasuna preso politikoentzat”, azpimarratu du Twitter bidez.
Urkulluren eta Barkosen kritikak
Iñigo Urkullu lehendakariak “erabat neurrigabea” da Kataluniako Gobernuko kide izandakoak espetxeratu izana eta hau guztia Espainiako Estatuaren “inteligentzia politiko faltaren” ondorio dela erantsi du.
“Hartu zitekeen erabakirik okerrena da”, adierazi du Kanadatik, egunotan herrialde hartan egiten ari den bisita instituzionalean.
“Politikaren judizializazioak eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpenak eragiten zizkidan iritzi okerrak baieztatu dira gaur”, esan du.
Lehendakariaren esanetan, honek guztiak agerian uzten du “justizia politizatuta” dagoela, izan ere, Estatuko Fiskaltza Espainiako Gobernuaren menpe dago.
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak azpimarratu du Kataluniak bizi duen egoerari ezin zaiola Generalitateko kideak espetxeratuta erantzun.
“Legea errespetatzen dut, baina erantzuna ezin da izan Kataluniako Gobernuko kideak kartzelatzea. Gaur inoiz baino gehiago, nire apustua politika eta elkarrizketa dira”, adierazi du Twitter bidez.
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak esan du euskal herritarrok Katalunian gertatzen ari dena zorrotz jarraitu behar dugula, “Estatuaren inboluzioa abian dagoelako eta gure herriari ere eragingo diolako”.
Otegi ez da harritu espetxeratzeko aginduarekin, “batetik, oso ondo ezagutzen dugulako Auzitegi Nazionalaren funtzionamendua zein den, eta bestetik, Felipe VI.ak bere agerraldiarekin mugimendu independentistaren eta demokraziaren kontra ari den bloke erreakzionarioa babestu zuelako”.
“Euskal herritarrok ez dugu bistatik galdu behar Felipe VI.ak, PPk, PSOEk, Ciudadanosek, komunikabideek, Eliza katolikoak eta Espainiako patronalak zuzendutako Estatuaren inboluzioa martxan dagoela eta ez dutela atzera egingo. Katalunia defendatzea, gu geu defendatzea da. Kontra-erreforma ez da Katalunian geldituko, gure herriari ere eragingo dio”, ohartarazi du.
EAJk “neurrigabetzat” jo du Auzitegi Nazionalaren erabakia eta Jose Manuel Maza Estatuko fiskal nagusia kargutik kentzea eskatu du, “gatazka politikoa konponbidean jarri beharrean, gatazka larriagotu egin duelako”.
Horrez gain, Koldo Mediavilla EAJren Harreman Instituzionaletarako arduradunak jakinarazi du 155. artikuluaren aurka larunbat honetan EH Bilduk, sindikatu abertzaleek eta Gure Esku Dagok deitutako manifestazioan parte hartzea aztertuko dutela.
Gaur goizean, Andoni Ortuzarrek iragarri du ez zutela parte hartuko, baina, orain, gertatutakoak gertatuta, EAJk berriro aztertuko du mobilizazioarekin bat egin edo ez.
EH Bilduk osoko bilkura utzi du
Espetxeratzeen berri izan dutenean, EH Bilduko legebiltzarkideek arratsalde honetako osoko bilkura bertan behera uztea eta adierazpen instituzional bat adostea eskatu dute, baina Bakartxo Tejeria Ganbera horretako presidenteak eta gainerako taldeek uko egin diote aukera horri.
Gauzak horrela, koalizio soberanistako parlamentariak euren eserlekuetatik altxatu eta joan egin dira.
Maddalen Iriartek hartu du hitza eta Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia “oso larria” dela ohartarazi du, “hemen ere gauza bera egin dezaketelako”.
Joseba Egibarrek ere larritzat jo du Generalitateko zortzi kontseilari espetxeratu izana, baina saioa etetearen beharrezkoa ez dela erantsi du.
Legebiltzarreko bozeramaileen batzordeak bilera egin du, baina osoko bilkura bertan behera uztea baztertu dute. Horrenbestez, EH Bilduko ordezkariek Ganberatik alde egitea erabaki dute, protesta moduan.
Zure interesekoa izan daiteke
Laugarren xedapen iragankorra indargabetzeko tramitea hasi du UPNk
Cristina Ibarrola UPNren presidenteak lege-proposamen bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan: Konstituzioa erreformatzea eta xedapena ezabatzea eskatu nahi die Gorte Nagusiei.
Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”
Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”.
Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"
Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.
Sanchezek Aznarren aurka egin du Espainia Irakeko gerran sartzeagatik, eta Iranekin "akats bera ez egitea" eskatu du
Espainiako Gobernuko presidenteak ohartarazi du Iran Irak baino askoz ere indartsuagoa dela militarki eta ekonomikoki, eta gerraren ondorioak larriagoak izango direla adierazi du.
GOIDIa ikertzen duen epaileak Mazon lekuko gisa deklaratzera deitu du
Horrez gainera, "borondatez" egun hartako telefono-deien zerrenda eta mezuak ikerketarako emateko eskatu dio. Biktimek espero dute presidente ohiak egia esateko "ohorea" izango duela oraingoan.
Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.
Autonomo txikiak BEZetik salbuestea da Juntsek jarri duen baldintza, krisiaren aurkako dekretua babesteko
Miriam Nogueras Juntsek Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile aurreratu du krisiaren aurkako dekretuaren alde bozkatuko dutela, baldin eta PSOEk neurrien artean sartzen badu 80.000 euro baino gutxiago fakturatzen duten autonomoek BEZ zerga ez ordaintzea.
Eusko Jaurlaritzak adierazi du EHUk iragarritako protokoloa “labur" geratzen dela “mehatxu-jarrerei” aurre egiteko
Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak jarrera horien ardura duten taldeak ez aipatzea aurpegiratu dio Errektoretzari, eta IAS aipatu du.
Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"
EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.
Pradalesek eta Sanchezek Irango gerra, Euskadi iparraldeko muga gisa hartzea eta medikuen greba aztertuko dituzte
Transferentziak eta Tubos Reunidosen zorraren berregituraketa izango dira landuko dituzten beste gai batzuk. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aldebiko batzordearen laugarren bilera egingo dute ostiralean Moncloan.