Katalunia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Puigdemont: 'Espainiak barregarri ez geratzearren baliogabetu du euroagindua'

Presidentearen hitzetan, euren kontra emandako agindua "lardaskeria" izan da, eta agerian utzi du Belgikara joatearen erabakia 'estrategia egokia' izan zela.
18:00 - 20:00
Puigdemont: 'Barregarri geratzeak beldurra eman dio espainiar Estatuari'

Carles Puigdemont presidenteak nabarmendu duenez, "beldurrez" eta "barregarri ez geratzeagatik" baliogabetu du Auzitegi Gorenak beraren eta lau kontseilari kargugabetuen aurkako euroagindua. Presidentearen aburuz, Auzitegi Nazionalak emandako bilatzeko eta atxilotzeko agindu europarra "lardaskeria hutsa" izan da, eta horrek "agerian utzi du auzi politiko baten aurrean gaudela".

Puigdemontek eta berarekin batera Bruselan diren lau kontseilari kargugabetuek agerraldia eskaini dute gaur Bruselan, Auzitegi Gorenak euren kontrako euroaginduak bertan behera utzi eta biharamunean.

Presidentearekin batera, Lluis Puig, Toni Comin, Meritxell Serret eta Clara Ponsati kontseilari kargugabetuak izan dira prentsaurrekoan .

"Agindua eman eta 30 egunera, barregarri geratzeko beldurra izan du Espainiako Estatuak, galtzeko beldurra", esan du Junts per Catalunya alderdiko zerrendaburua ere badenak.

Horren hitzetan, Belgikara joateak auziaren "fokua nazioartean" jartzea eta "askatasunez defendatzea" ahalbideratu zuen, eta Gorenaren erabakiak erakutsi du "estrategia egokia, baliagarria izan zela".

"Belgika ez da ausartu euroagindua gauzatzera, jakin badakielako ez dela onargarria ezta Europako arauen araberakoa ere", azpimarratu du. Europaren bihotzean "espetxean diren gure kideek izan ez duten errespetua eta duintasuna" izan dutela erantsi du.

Ildo beretik mintzatu da Toni Comin ere, kargugabetutako kontseilarietako bat: "Gaur agerian geratu da Belgikara etorri ginen eguna ona izan zela guretzat, eta txarra Espainiako Gobernuarentzat eta bere jarraitzaileentzat".

Hauteskundeen ostean itzultzea hausnartzen ari da

Kataluniara itzultzeko asmorik ote duen galdetuta, presidenteak argitu du abenduaren 21eko hauteskundeen ondoren bueltatzea hausnartzen ari dela diputatu akta jasotzera, baina "erabakia hartu baino lehen ondo pentsatu" behar duela azpimarratu du.

"Aukeratuak garenok diputatuak izango gara eta kargua hartuko dugu, hauteslekuetan irabazi dugulako", esan du.

Urriaren 30etik daude Puigdemont eta bere kontseilariak Belgikako hiriburuan.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X