Katalunia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Tanke batetik mehatxu egin zion gizona ikertzeko eskatu du Puigdemontek

Bideoan, “Espainiaren arazoei konponbidea bilatzen” ari zaiola dio gizon batek murrikaz, eta “Puigdemonti ezusteko bat” emango diola.
18:00 - 20:00
Bi gaztek Puigdemont eta Iglesias mehatxatu dituzte tanke bat erabilita

Tanke baten gainean mehatxu egin zion gizonaren inguruko “ikerketa” bat abiatzea eskatu dio Carles Puigdemont presidentak Mariano Rajoyren Gobernuari. Era berean, “barkamena” eskatu beharko lukeela esan dio Puigdemontek Espainiako Exekutiboari. Bideoa berehala zabaldu da sare sozialetan.

Bideoan, “Espainiaren arazoei konponbidea bilatzen” ari zaiola dio gizon batek murrikaz, eta “Puigdemonti ezusteko bat” emango diola, bitartean kamerarekin tankea enfokatzen du eta mehatxu egiten dio, baita Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiari ere: “Maitasun eta demokrazia hutseko 70 tona. Motosdun, hurrengoa zu zara, kabroia. Gora Espainia!”.

Espainiako Gobernuari gertakariak argitzeko eskatu dio Puigdemontek Twitter sare sozialean, ingelesez: “Espainiako soldadu batek tanke baten gainean mehatxu egin digu Pablo Iglesiasi eta niri. Europar Batasunean onartezina da. Espainiako Gobernuak barkamena eskatu eta ikerketa abiatu beharko luke”.

Cospedalen agerraldia eskatu dute ERCk eta PDeCATek

Maria Dolores de Cospedal Defentsa ministroari azalpenak eskatuko dizkiotela iragarri du Joan Tarda ERCren Kongresuko bozeramaileak. Egileari “kargu hartu” beharko lioketela adierazi du Tardak; izan ere, irudiak “ageriko” mehatxu “inplizitu eta esplizituak” dira.

Estatuak Puigdemonti eta Iglesiasi barkamena eskatu beharko liekeela uste du PDeCATek. Miriam Nogueras Defentsa Batzordeko PDeCATen bozeramaileak iragarri duenez, bere alderdiak Cospedalen agerraldia eskatuko du, “militar izan ala ez, errespetu falta horretarako norbaitek material militarra erabili ahal izatea onartezina da”.

PP: “Ez du inolako justifikaziorik”

Bideoan agertzen diren bi zibilen aurkako kereila aurkeztu ala ez Fiskaltzak erabaki beharko duela esan du Rafael Catala Justizia ministroak.

Gertakariak “inolako justifikaziorik ez” duela uste du PPk, eta Defentsa Ministerioak erantzukizunak argitzea espero du. Fernando Martinez Maillo PPko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, “ez du inolako justifikaziorik”, baina “gertakari bakana” eta “inguruabar oso zehatza” da, eta Defentsa Ministerioak “ez du zerikusirik horretan”.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X