Katalunia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Konstituzionalak ez ditu onartu Puigdemontek inbestidurarako aurkeztutako alegazioak

Junts per Catalunyaren Generalitaterako hautagaiak inbestidura-saioan Kataluniako Parlamentuaren aurrean agertzeko beharraren aurka aurkeztu zituen alegazioak.
Konstituzionalak ez ditu onartu Puigdemonten alegazioak. Argazkia: EFE.
Konstituzionalak ez ditu onartu Puigdemonten alegazioak. Argazkia: EFE.

Auzitegi Konstituzionalak erabaki du ez onartzea Carles Puigdemontek eta Junts per Catalunyako diputatu hautatuek astelehen arratsaldean aurkeztutako alegazioak; Generalitaterako Puigdemonten hautagaitza debekatu zuen Auzitegiak, Kataluniako Parlamentuan ez bazen agertzen (larunbatean ebatzi zuen hori).

Konstituzionala 13:00etan batzartu da, asteartean, eta alegazioen aurkako epaia eman du Bilkurak, ordu eta erdiren buruan.

Kautelazko neurriek, hortaz, indarrean jarraituko dute; balizko inbestidura telematiko bat, edo boto delegatuaren bidez egindako bat, debekatzen dute, eta behartzen dute hautagaiak epailearen baimena izatera Ganberara joateko.

Konstituzionaleko epaileek, bildu orduko, bazekiten zein zen Roger Torrent Kataluniako Parlamentuaren presidentearen erabakia, alegia, inbestidura-saioa bertan behera geratuko zela, bermetako auzitegiaren hurrengo erabakien berri izan arte behintzat. Bilkuran hamaika epaile izan dira (Andres Oller ez da egon, berriro ere, osasun-arrazoiengatik), eta aho batez hartu dute erabakia.

Kataluniako Parlamentuak ez du alegaziorik aurkeztu, horretarako deia bazuen ere; Estatuko Abokatutzak, aldiz, aurkeztu egin ditu.

Konstituzionalak argudiatzen du ez dagoela defentsa-gabeziarik; haren iritziz, inbestidurarako ezarrita dauden baldintzak baliogabetzeko moduko arau-hauste prozesalik ez da izan. Halaber, Gobernuak ere dio Auzitegi Konstituzionalak duela gaitasuna kautezlako neurriak hartzeko, inpugnazio bat onartua izan aurretik, larunbatean egin zuenez.

Parlamentu-autonomia ez da urratu

Hortaz, epaileek guztiz berresten dute larunbatean emandako autoa, eta arbuiatzen dute adostutako kautelazko neurriek parlamentu-autonomia urratzea, edo JxCateko diputatu hautatuek defentsa gabezia pairatzea. Horien defentsa-eskubidea behar bezala babestu dutelakoan daude epaileak; izan ere, prozesuan agertzeko aukera eman egin diete.

Bilkurak adierazi du Konstituzioaren 161.2 artikuluak Gobernuari ematen dion ahalmena errespetatu behar duela; alegia, helegitea jarriz gero, Autonomia Erkidegoetako ebazpenak bertan behera uzteko ahalmena. Bestalde, gogorarazten du botere publikoek, parlamentu-ganberek ere, Auzitegiaren ebazpenak bete behar dituztela.

"Argudiatzen dutenaren aurka, larunbatean emandako autoak ez du ekitaldirik bertan behera utzi; horren helburu bakarra da ohartaraztea ekitaldia baliorik gabekoa izan zitekeela, men egiten ez bazitzaion neurriei".

Gobernuaren eskumena errespetatu da

Beste alegazio batean, esaten zen Konstituzionalak ez duela eskumenik "Kataluniako Parlamentuaren Araudia interpretatzeko"; epaileek diote ez dutela interpretaziorik egin, eta berresten dute bakarrik egiaztatu dutela Auzitegiak eskumena duela bertan behera uzteko ekitaldiak horiek tramitera onartu aurretik (aurrekariak daude, ildo horretan). Ekitaldia bertan behera uzteko Gobernuak duen eskumena errespetatu dutelakoan daude.

"Botere publikoak Konstituzioaren mendean egon behar dira" dio Auzitegiak; hortaz, ohartarazi diote Torrenti men ez egiteak ondorioak ekarriko lituzkeela, "eta hori ez da Ganberaren autonomia urratzea, edo funtzioak usurpatzea, eta ez da botere-bereizketaren aurkakoa".

Puigdemonten beste alegazio baten arabera, ez dago boto-eskubidea mugatzerik epai finkorik ez badago; Auzitegiaren arabera, kautelazko neurriek aipatutako eskubidean izan litzakeen balizko ondorioek “ezin zaizkie egotzi, inolaz ere ez, auzitegi honi, ekitaldi prozesala da eta”.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X