Atxiloketaren aurka
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hamar lagun atxilotuta eta 100 zaurituta Bartzelonan izandako liskarretan

Milaka lagunek parte hartu dute Bartzelonan izandako manifestazioan, Puigdemonten atxiloketaren aurka protestatzeko.
18:00 - 20:00
Hamar atxilotu eta 100 zauritu, Kataluniako istiluetan

100 pertsona inguru zauritu ziren eta 10 atxilotu zituzten atzo, igandea, Bartzelonako kaleetan izan ziren istiluetan, ANCk arratsaldean deitu zuen manifestazioa, Carles Puigdemonten atxiloketa eta ostiraleko espetxeratze aginduen aurka, eta gero.

Manifestazioaren ostean, Espainiako Gobernuko Ordezkaritza parean elkarretaratzea egin zuten ehunka pertsonek, eta mobilizazio horretan tentsio uneak izan ziren. Esquadra Mossoek ezarritako segurtasun-hesia gainditzen saiatu ziren manifestariak, eta arrautzak, ke-boteak eta pintura horia bota zizkieten agenteei. Ondorioz, hainbat polizia-karga izan ziren.

Hala, istiluetan 10 lagun atxilotu zituzten Esquadra Mossoek, aginteari aurre egitea leporatuta, eta beste 100 bat zauritu ziren, guztiak arinak: horietako 92 Bartzelonako protestatan zauritu dira (23 mossoak dira), beste 7, berriz, Lleidan, eta beste bat Tarragonan. 22:00ak aldera zonaldea husten eta elkarretaratzea sabakanatzen saiatu ziren Mossoak, eta orduan kargak izan ziren berriro, manifestariek aurre egin zietelako.

Era berean, ehunka pertsonak bat egin zuten Espainiako Gobernuak Gironan duen Ordezkaritzan. Leku horretan, Errepublikaren Defentsarako Batzordeek eta La Forja gazte organizazioak protestak egin zituzten eguerdian.

Poliziek manifestariei oldartu zaizkie Espainiako Gobernuko Ordezkaritza parean. Argazkia: EFE

Errepideetan

Bestalde, hainbat manifestari taldek C-14 errepidea moztu zuten arratsaldean Lleidako Ponts herrian, bi noranzkoetan. Horren ondorioz, auto-ilarak sortu ziren Kataluniako zenbait errepidetan, kargugabetutako presidentearen atxiloketagatik protesta egiteko.

Kataluniako Trafiko Zerbitzuaren datuen arabera, pertsona batzuek C-14 errepidea moztu zuten 17:30 aldera, eta hiru kilometroko pilaketak eragin zituzten.

Halaber, A-2 errepidean ere martxa motelak egin zituzten 17:30ean, Sosesen (Lleida); N-340 errepidean, Alcanarren (Tarragona); C-32an, Sant Pere de Ribesen (Bartzelona). Horietan ere autoen zirkulazioa oztopatu zuten.

Aurreko manifestazioa

Liskarren aurretik, milaka lagunek parte zuten ANCk Bartzelonan arratsaldean deitu zuen manifestazioan, Carles Puigdemonten atxiloketa eta behin-behineko kartzelaratzea salatzeko, baita ostiralean beste 5 buruzagi independentista espetxeratzeagatik ere.

Han izan ziren, besteak beste, Elsa Artadi, Laura Borras eta Quim Torra (JxCat); PDeCATeko presidente Neus Munte; Ernest Maragall eta Gerard Gomez del Moral (ERC); Carles Riera eta Mireia Boya (CUP); Joan Rigol Parlamenteko presidente ohia eta Toni Castella(Democrates); Elisenda Paluzie (ANC) eta Marcel Mauri (Omnium Cultural).

17:00etan hasi zen manifestazioa Grazia pasealekutik, Europar Batasunak Bartzelonan duen egoitzaren aurretik, eta Ramblak igarota, Alemaniako Kontsulatuaren aurrean amaitu zen, hondartza ondoko bi dorreetako batean.

Elisenda Paluzie ANCeko presidente berriak adierazpenak egin zituen martxa hasi aurretik eta Europar Batasunari, oro har, eta Alemaniari, zehazki, Puigdemont ez estraditatzeko eskatu zien. "Gertakizun guztiak faltsutzen ari den Justizia autoritario bati ez entregatzeko" eskatu zuen.

Espainiak Carles Puigdemontentzat 30 urteko kartzela-zigorra eskatzen duela gogorarazi zuen Paluziek: "hilketa bat egin izan balu baino askoz ere gehiago". Eta ildo horretan, "gertatzen ari dena eta gertatu daitekeena oso larria" dela nabarmendu zuen.

Manifestazioaren burua. Argazkia: EFE

Paluziek une honen larritasuna azpimarratu zuen eta "Europar Batasuna sortzeko erabili ziren irizpideei erreparatzeko" eskatu zuen: "oinarri demokratikoa eta bakezaletasunaren balioak".

Europar Batasunaren barruan "preso politikoak" daudela berretsi zuen, Madrilen kartzelaratu dituzten buruzagi subiranistei erreferentzia eginez: "eta inbentatutako delituengatik, errelato okerretan oinarrituta, eta inoiz egon ez den indarkeria bat egon dela esanda" amaitu zuen.

Bartzelonako Udalaren arabera, 55.000 lagun inguru izan ziren oro har hiriko mobilizazio guztietan.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X