Espainiako Gobernuak espetxe politika aldatuko duen itxaropenarekin agurtu da Currin
Harremanetarako Nazioarteko Taldeak amaitutzat eman du Euskal Herriko baketze prozesuan zuen egitekoa eta hala adierazi du Donostiako Aiete Jauregian arratsalde honetan egin duten ekitaldian.
ETAren borroka armatuaren bukaera ekarri zuen Aieteko goi-bileraren zazpigarren urtemuga aukeratu du Brian Currinek zuzendutako taldeak agur esateko.
Bere hitzartzean, Hegoafrikako abokatuak esan du agurra "gazi-gozoa" dela, oraindik hainbat gai konpondu gabe daudelako, hala nola "preso politikoen auzia". Ildo horretan, Pedro Sanchezen Gobernuak espetxe-politika aldatuko duenaren itxaropena baduela azpimarratu du.
Harremanetarako Nazioarteko Taldearen ibilbidea amaitutzat emateko ekitaldian EAJ, EH Bildu eta Podemoseko ordezkariak izan dira, baita ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako arduradunak ere.
Duela bost hilabete ETA behin betiko desegin bazen ere, presoen auzian urratsik emango ez zela uste zuen gehiengoak Espainiako Gobernuan inork espero ez zuen aldaketa bat ematen ez bazen behintzat, "eta aldaketa hori gertatu da", azpimarratu du Currinek.
Bere iritziz, Espainiako Gobernua PSOEk zuzenduta badago "itxaropenerako tartea", Diputatuen Kongresuko hainbat taldek –EAJ, Kataluniako independentistak, EH Bildu eta Podemos aipatu ditu- Pedro Sanchezen Exekutiboari "babes morala" eskaini diezaieketelako.
"Bloke horrekin uste dugu badagoela aukera presoen gaian aurrera egiteko", esan du. Halaber, gogora ekarri du biktimen zenbait elkarte euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea ulertuko luketela adierazi dutela.
Biktimen auzian ere urrats gehiago eman behar direla adierazi du. Alabaina, pozik agertu da "ETAk eta Estatuaren indarkeriak eragindako biktimen arteko elkarrizketan aurrerapenak izan direlako".
Poliziaren bortizkeriak eragindako biktimak aitortzeko legea sortu izana ere nabarmendu du.
Bestalde, Currinek azpimarratu du Euskal Herrikoa izan dela gizarte zibilak, gatazkan inplikatutako gobernuen parte-hartzerik gabe, gauzatu duen lehen bake prozesua. "Kasu bakarra da munduan; horrelakorik ez da gertatu; eredu hau beste gatazka batzuk konpontzeko erabili ahal izango da aurrerantzean", azaldu du.
Aieteko konferentzian, Brian Currinekin batera, Harremanterako Nazioarteko partaide guztiak izan dira: Raymond Kendall Interpoleko zuzendari ohia, Nuala O’Loan ipar-irlandarra, Alberto Spektorowski israeldarra, Pierre Hazan irakasle suitzarra eta Silvia Casale kriminologo britainiarra.

Anaiz Funosas (Bakea Bidea), Brian Currin eta Paul Rios (Lokarri). Argazkia: EFE
Aieteko Jauregiko konferentzia hasi aurretik, Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak eskertu egin du Harremanetarako Nazioarteko Taldeak "diskrezioz" eta "denbora luzean" egindako lana, eta talde horretako kideak "injustuki egurtu" zituztela kritikatu du.
Horrez gain, ETA aldebikotasun prozesu batetik aldebakartasunera igaro izanaz gogoeta egin du: "ETAk inoiz ez zuen sinetsi aldebakartasunean, beti sinetsi zuen aldebikotasunean; Espainiako Gobernuarekin aurrez aurre negoziatu izan zuen beti, Estatuko botereekin eta hasiera batean Espainiako Armadarekin berarekin ere".
"Espainiako Gobernuarekin aldebikotasuneko eskema ezarri eta negoziatzeko aukera izan zuen, baina euskal gizarteak urteak zeramatzan amaitu zezala eskatzen", erantsi du. "Aldebikotasunetik aldebakarreko prozesu batera igarotzeko urrats erabakigarria ezker abertzaleak emanarazi zion, (borroka armatua) amaitu zela erabaki zuenean".
Duela zazpi urte Aieten egindako nazioarteko konferentziaren balio ere azpimarratu du, "ETAren behin betiko bukaera ekarri zuelako eta orain borroka armatuaren ondorioez hitz egiten egotea ahalbidetu zuelako horrek".
Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak ere eskertu du Harremanetarako Nazioarteko Taldeak Euskal Herrian egindako lana eta egungo agertokia duela zazpi urtekoa baino "askoz hobea" dela esan du, baina ohartarazi du "gai asko zintzilik" geratu direla eta, ondorioz, "lan handia" dagoela egiteko.
"Haiek egindako lana gabe gaur ez ginateke egoera honetan egongo", adierazi du urte luze hauetan Currinen taldeak izan dituen arazoak eta oztopoak gogora ekarrita.
Hala ere, "lanean jarraitu behar dugu, Euskal Herrian erabateko bakea izateko eta bizikidetza bermatzeko", gaineratu du.
Lander Martinez Euskal Autonomia Erkidegoko Podemosen idazkari nagusiak gizarte zibilak "terrorismoa eta indarkeriari zilegitasuna kentzeko" egin duen lana goraipatu du, eta, ildo horretan, Lokarri edota EPK bezalako erakundeek egindako ekarpena jarri du adibidetzat.
Nolanahi ere, Martinezen iritzian, "gazteek Euskadin hamarkada luzeetan bizi izan dugun indarkeria ahazteko arriskua dago". Hortaz, "ezinbestekoa da indarkeria bidegabea eta krudela izan zela transmititzea eta terrorismoari eta indarkeriari zilegitasuna kentzea, bizikidetzaren eta oroimenaren bideak aurrera egin nahi badugu".
Bide horretan jendartearen eta antolatutako gizarte zibilaren papera "inoiz baino garrantzitsuagoa" izango dela gaineratu du.
BIDEOA | Harremanetarako Nazioarteko Taldeak egindako lan diskretuaren laburpena
Sorturekin y Jean-Rene Etchegerayrekin bilerak
Atzo, Harremanetarako Nazioarteko Taldea Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu zen Gasteizen, eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin Bilbon. Gaur goizean, berriz, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiarekin batzartu da Donostian, eta Jean-Rene Etchegaray Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoko presidentearekin Baionan.
Sortuko buruzagiak Euskal Herrian bakea eta bizikidetza egindako lana eskertu die, "nazioarteko bakearen artisauak" direla esanda.
Sortuk Donostian duen egoitza bildu dira. Ezker abertzalearen ordezkaritzan, besteak beste, Rufi Etxeberria eta Sonia Jacinto izan dira.
"Ia helburu guztiak bete dituztela eskertu nahi diegu. Aitortu behar dugu helburu guztiak ez direla bete, Espainiako eta Frantziako estatuek nazioarteko irizpideetan oinarritako konponbide prozesu batean parte hartzeari uko egin dietelako", kritikatu du.
Hala ere, "blokeo horren gainetik, gatazkaren ondorioak konpontzeko bidean aurrera egiteko estrategia berriak diseinatzen eta garatzen lagundu digu Harremanetarako Nazioarteko Taldeak", azpimarratu du Rodriguezek.
Bestalde, Jean-Rene Etchegaray Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoko presidenteak Baionan hartu ditu Brian Currin eta bere taldea, eta bakean alde Euskal Herrian egin duten lana eskertu die.
"Egoera blokeatuta zegoen mugaren bi aldeetan. Harremanetarako Nazioarteko Talderik gabe, ezinezkoa zen ezer egitea. Lan erabakigarria egin dute", nabarmendu du.
Nolanahi ere, Etchegarayk ohartarazi du bizikidetza ez dela erabatekoa eta oraindik asko dagoela egiteko biktimen eta presoen gaietan.
Aro berri honetan Espainiako eta Frantziako estatuek parte hartuko dutenaren itxaropena ere agertu du.
BIDEOA | Jean-Rene Etchegaray Harremanetarako Nazioarteko Taldearekin bildu da
Zure interesekoa izan daiteke
Italiatik datozen bidaiarien kontrol aleatorioak egiten jarraitzen dute Bilbon
Larunbat goizean ezarri dituzte kontrolak Bilbon, Malagan, Sevillan, Alacanten, Valentzian, Balearretan eta Kanarietan. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan, aldiz, ordu batzuk lehenago hasi ziren ausazko kontrolak egiten.
Vivasek Ceutako mugaren kontrola indartzeko eta gutxienez 1.000 agente izateko eskatu du
Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko indarrak nabarmen handitzeko eta uztailaren 30eko sarrera masiboa berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Ceutako presidenteak Espainiako Gobernuari.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.