Altsasu auzia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

'Hau ez da justizia!' lelopean manifestazioa egingo dute bihar Altsasun

Besteak beste, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Ezkerrak protestarekin bat egin dute, baita erakundeek eta sindikatuek ere. Manifestazioa 12:00etan hasiko da.
Iruñean egindako manifestazioa. Artxiboko argazkia: EFE
Iruñean egindako manifestazioa. Artxiboko argazkia: EFE

"Hau ez da justizia!" lelopean, manifestazioa egingo dute igandean Altsasun (Nafarroa), Auzitegi Nazionalak herriko zortzi gazteri ezarritako zigorrak salatzeko. 2016ko urrian bi guardia zibilekin izandako liskarrarengatik zigortu zituzten.

Manifestazioa Altsasu Gurasoak gazteen senideak biltzen dituen kolektiboak deitu du. Auzitegi Nazionaleko Apelazio Salak 2 eta 13 urte bitarteko espetxe-zigorrak berretsi zituen martxoaren 7an.

Manifestazioa 12:00etan abiatuko da Altsasuko Iruñea Etorbidetik.

Alderdiek, erakundeek eta sindikatuek mobilizazioarekin bat egin dute

Geroa Baik protestarekin bat egin du, “lehen unetik Altsasu auzia inguratu duen neurrigabekeria” salatzeko, eta “justizia eta proportzionaltasuna, beste behin ere, eskatzeko”.

Geroa Bairen hitzetan, kartzelan diren gazteen zigorrak baieztatu dituen Auzitegi Nazionalaren epaiak “auzi akastu baten aurrean gaudela agerian utzi du hasieratik; Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 49.3 artikuluak bermatzen duen zigorren proportzionaltasun printzipioa urratu dute”.

Era berean, EH Bilduk manifestazioan parte hartzeko deia egin du “Altsasuko gazteentzako justizia aldarrikatzeko”, eta zigorren “neurrigabekeria” salatu du agiri batean.

Auzitegi Nazionalaren “jatorrizko funtzio errepresiboa agerian utzi du Altsasu auziko epaia berretsi izanak, salbuespenezko auzitegia da”, ziurtatu du EH Bilduk.

Nafarroako Podemosen ordezkariek manifestazioan parte hartuko dute, “neurriz kanpoko zigorrak errefusatzeko”, koalizio moreak agiri batean azaldu duenez.

Guardia zibilei eta haien bikotekideei elkartasuna eta babesa adierazi die Podemosek, baina auziak “Auzitegi Nazionalera eraman zuten unean bertan bidezkoa” izateari utzi ziola uste du, “sekula Nafarroako Auzitegitik atera behar izan ez zelako”.

Ezkerrak protesta babestu eta manifestazioan presentzia izango duela iragarri du, “epaiak justizia egiten ez duelako”. Horregatik, “gazte zigortuak askatzea” eskatuko du.

Koalizioak sententzia kritikatu du agiri batean. Ez dituzte auzipetuak terrorismoagatik zigortu, baina “terroristak balira bezala zigortu dituzte”, salatu du Ezkerrak.

Azkenik, Nafarroako Ezker Sozialistak ere manifestazioarekin bat egin du.

Nafarroako Parlamentuak protesta babestu du adierazpen batean.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X