Ikusmin handia, hautes-lehiaren atarian
Iritsi da hauteskundeetako "super igandea". Igande honetan, maiatzak 26, udal hauteskundeak ospatuko dira Espainiako Estatu osoan. Gainera, foru hauteskundeak izango dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Nafarroan, kontzejuetarako hauteskundeak zein Nafarroako Parlamentua aukeratzeko bozak izango dituzte. Eta hori guztia gutxi balitz, Europako Parlamenturako hauteskundeak ospatuko dira Euskal Herri osoan: EAEn, Nafarroan zein Iparraldean.
Hiru gutun-azal mota egongo dira botoa emateko: txuriak udaletarako, sepia edo laranja foru aldundietarako edo Nafarroako Parlamenturako, eta urdinak Europako Parlamenturako. Nafarroan, gainera, laugarren sobre bat ere izango da, berdea, kontzejuak aukeratzeko. Kontzejuak udal baten menpe dauden baina konpetentzia propio batzuk dituzten udalerri txikiak dira.
09:00etan irekiko dira hauteslekuak eta 20:00arte zabalik izango dira. Botoa emateko NANa, pasaportea edota gidatzeko baimena erakutsi beharko da.
Azken boto-asmoei buruzko galdeketen ondoren, ikusmin izugarria piztu da. Izan ere, badaude udal zein lurralde batzuk boto-kopuru txiki baten arabera "kolore bat edo beste" har dezaketenak: Gasteiz, Gipuzkoa eta Nafarroa, esate baterako. Hala, aukera erreal bat baino gehiago mahai gainean egoteak jakinmin handia piztu du maiatzaren 26ko gauerako.
Hauteskundeak EAEn
251 udalerritan, 2.651 zinegotzi aukeratuko dira igande honetan Euskal Autonomia Erkidegoan: 112 udal Bizkaian, 88 Gipuzkoan eta 51 Araban. Gainera, Bizkaian 4 entitate lokal txiki hautatuko dira eta Gipuzkoan 2.
Alderdi politikoen zerrendei, independenteenak gehituta, 1.006 udal zerrenda aurkeztu dira hauteskunde horietara: 216 zerrenda Arabako 51 udaletarako, 294 zerrenda Gipuzkoako 88 herrietarako eta 496 zerrenda Bizkaiko 112etarako. Gutxienez botoen % 5a eskuratu beharko dute ordezkaritza izateko.
Gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak aukeratuko dira. Foru ganbera bakoitzak 51 ordezkari ditu eta horiek lurralde bakoitza banatuta dagoen barrutien arabera hautatzen dira: Araban 3 barruti daude eta 22 zerrenda aurkeztu dira, Gipuzkoan 4 barruti daude eta 24 zerrenda aurkeztu dira eta Bizkaian, 4 barruti daude eta 37 zerrenda aurkeztu dira.
Espainiako Gobernuaren ardura da udal hauteskundeak eta europarrak antolatzea, eta diputazioen esku dago, berriz, foru hauteskundeen antolaketa.
1.723.052 herritarrek dute udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea eta 1.795.411 herritarrek europarretan (kanpoan bizi diren 74.072 euskal herritarrek botoa eman dezakete Europako hauteskundeetan, baina ez udalekoetan).
Posta bidezko botoa asko igo da azken hauteskundeekin alderatuz gero: % 45 hain zuzen ere. 44.932 eskaera izan ziren 2015ean eta 65.184 aurten. Igoera handiena Araban eta Bizkaian izan da, Jaurlaritzak emandako datuen arabera.
Presentzialki botoa emango dutenentzat 722 hautesleku prestatu dituzte. Horietan 2.667 mahai izango dira eta 8.001 presidente eta bokal izango dira. Bizkaian 338 hautesleku daude, Gipuzkoan 284 eta Araban 100.
355 emakume eta 661 gizon izango dira zerrendaburu udal hauteskundeetan, 2015ean baino 42 emakume gehiago.
Hauteskunde hauen ostean, Espainiako Estatuak 270,90 euro emango dizkie lortzen duten zinegotzi bakoitzeko alderdiei, eta 54 zentimo eskuratzen duten boto bakoitzeko.
Hauteskundeak Nafarroan
Nafarroan 358 hautesleku irekiko dituzte maiatzaren 26an eta 976 mahai osatuko dira horietan.
Batetik, udal hauteskundeak egingo dituzte 272 herritan (horietako 31tan ez da inor aurkeztu) eta, bestetik, kontzeju-hauteskundeak izango dira 60 udalerriren baitan dauden 346 kontzejutan. Foru Erkidegoko administrazio lokalaren berezitasuna dira kontzejuak, eta guztira, 1.124 ordezkari hautatuko dira horietan.
Nafarroako Parlamentuaren osaketa ere berrituko da igande honetan, eta hortik irtengo da Nafarroako presidente berria. 50 diputatu aukeratuko dira eta 11 alderdi aurkeztu dira hauteskunde horietara. Ordezkaritza lortzeko gutxienez botoen % 3a lortu beharko dute.
482.379 herritarrek izango dute Nafarroan botoa emateko eskubidea.
Hiru hitzordu horiez gain, Europako Parlamenturako bozketetan ere parte hartu ahal izango da igande honetan.
Hauteskunde osteko epeak udaletan
Maiatzaren 26ko bozketen ostean, ekainaren 15erako osatuta geratuko dira udal gehienak, baina uztailaren 5era arte atzeratu daiteke prozesua helegiterik baldin badago. Ahaldun nagusien kargu-hartzeak, berriz, ekainaren amaierara arte edo uztailera arte luzatuko dira.
Igandean bozak kontatu ostean, batzorde elektoralek zenbaketa ofiziala maiatzaren 29 eta ekaineran 1era artean egingo dute. Eta data horren ondoren, hainbat epe daude behin betiko izendapenera arte.
LOREG legearen arabera, udal korporazioak saio publikoan osatzen dira, hauteskundeak izan eta hogeigarren egunean (ekainak 15). Helegiterik izan bada, berrogeigarren egunean izango litzateke (uztailak 5).
Udala osatzen den egunean hautatzen da alkatea. Horretarako, gehiengo osoa behar da lehen bozketan, eta inork lortuko ez balu, boto gehien lortu zituen zerrendako lehen hautagaia izendatuko dute alkate.
Berdinketa egonez gero, zozketa bidez aukeratuko da alkatea.
Batzar Nagusietan ezberdina da prozedura
Arabako Batzar Nagusietako Batzorde Iraunkorrak osoko bilkura deitu beharko du hauteskunde batzordeak balizko helegiteak argitu eta aldarrikapena egiten duenetik 10 eguneko epean, gehienez. Osoko bilkura horretan Mahaiko kideak hautatuko dira, inkonpatibilidadeen batzordeko ordezkariak aukeratuko dira eta, hurrengo 15 egunen baitan, hautatuen konpatibilitate ebazpena onartu beharko dute. Egun horretan beste osoko bilkura bat deituko da ahaldun nagusia izendatzeko, gehienez 30 eguneko epean.
Bizkaiko Batzar Nagusietan osaketa 51 batzarkidetatik 17 (herena) akreditatzen direnean hasten da. Zazpi eguneko epean osoko bilkura deitu beharra dago eta inoiz ere ez hauteskundeak izan eta hilabete baino beranduago. Lehen bilkura horretan, osatuta geratzen dira Batzar Nagusiak, Mahaia hautatzen da eta Inkonpatibilidade batzordea izendatzen da. Hurrengo osoko bilkura batean inkonpatibilitate ebazpena bozkatzen da eta ondoren beste osoko bilkura baterako data ezartzen da, aurrez epe mugarik ez duena, Bizkaiko ahaldun nagusia hautatzeko.
Gipuzkoan ere diputatuen herena akreditatzen den momentutik hasten da atzera kontaketa. Hurrengo 15 egunetan Batzar Nagusiak osatzeko bilkura bat deitu beharra dago, Mahaia osatzeko eta, han, beste osoko bilkura baterako data ezarriko da Inkonpatibilidadeen batzordea izendatzeko. Batzorde horrek zazpi eguneko epea izango du ebazpena emateko eta Batzar Nagusiak eratu direnetik 10 eguneko epea izango du bozketara eramateko. Ahaldun nagusiaren izendapen bilkura ere Batzar Nagusiak eratu eta gehienez 15 egunera izango da.
Legearen arabera, gehiengo osoa beharko luke ahaldun nagusiak lehen bozketan, baina lortu ezean, gehiengo sinplez atera daiteke bigarren bozketan.
Bigarren bozketa horretan bi hautagairen arteko berdinketa balego, hauteskundeetan boto gehien lortu dituena izendatuko litzateke ahaldun nagusi.
Nafarroako Parlamentuaren osaketa
Nafarroako Parlamentuaren osaketari dagokionez, maiatzaren 26ko gauean jakingo da nola geratuko diren banatuta 50 eserlekuak. Talderen batek 26 lortuko balitu, gehiengo absolutua izango luke eta Nafarroako Gobernua bere esku geratuko litzateke. Kopuru horretara iritsi ezean, akordioak egin beharko dituzte.
Ekainaren 19an izango da berez Parlamentuaren osaketa eta egun horretan izendatuko dituzte Ganbera horretako Mahaiko bost pertsonak: presidentzia, bi presidenteordetzak eta bi idazkaritzak.
Presidentziak 10 eguneko epea izango du alderdiekin kontsulta errondari ekiteko eta Gobernu forala gidatzeko hautagairik ba ote dagoen ikusteko. Baiezko kasuan, inbestidura plenoa deituko du. Hautagaiak gehiengo osoa beharko du lehen bozketan (26 boto) edo gehiengo sinplea bigarrenean (aldeko boto gehiago kontrakoak baino). Gutxienez, 24 orduko tartea egon beharko da bi bozketen artean.
Zure interesekoa izan daiteke
Hauteskunde orokorrak 2027an izango direla berretsi du Sanchezek, udal hauteskundeekin bat egin gabe
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak berretsi du hauteskunde orokorrak 2027an izango direla. Ildo horretatik, ziurtatu du ez direla maiatzeko hauteskunde autonomikoekin eta udalekoekin bat etorriko, baina ez du zehaztu aurretik edo geroago izango diren.
Euskararen lurgunea gero eta zabalagoa da Nafarroan, baina estuturik dauka Euskararen Legeak berak
Euskararen Foru Legeak 40 urte betetzen ditu aurten eta euskara lekua irabazten joan den arren legeak bere horretan dirau, lurraldea hiru eremutan banatzen, bai eta nafarren hizkuntza eskubideak mugatzen ere. Euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzea askoren aspaldiko eskakizuna da, baina tramite administartiboaz harago, borondate politiko argia eta negoziazio gaitasuna eskatzen ditu prozesuak.
Hauek dira Zapaterok Plus Ultra auziko epailearen aurrean egindako deklarazioaren pasarte nabarmenenak
Espainiako Gobernuko presidente ohiak ukatu egin zuen Plus Ultra aire konpainiaren erreskatean inolako esku hartzerik izan zuela eta bere bulegoan egindako miaketan aurkitutako bitxien inguruan erantzutea saihestu zuen.
Iraolak EAJren eta EH Bilduren "inkoherentzia" salatu du Eibarko sokamuturraren auzian
Eibarko sanjuanetan sokamuturra berreskuratzea herritarren eskaria izan dela esan du Jon Iraola Eibarko alkateak (PSE-EE). Gaiak eragin duen polemika dela eta, EAJren eta EH Bilduren "inkoherentzia" salatu du, eurek gobernatzen duten udaletan beste jarrera bat omen dutelako. Hauteskunde interesen arabera jokatzea egotzi die biei.
Euskararen alorrean harago joateko eskatu dio Barkosek Chiviteri eta zonifikazioa kentzeko
Nafarroako presidente ohiaren ustez, euskara berezko hizkuntza gisa aitortzeak "ez luke ezer aldatuko", eta hizkuntza lurralde osoan ofizial egitea aldarrikatu du.
Getxoko Irurak Bat jauregia eraistearen inguruko ikerketarekin jarraitzea zalantzan jarri du epaileak
Epaitegiak bertan behera utzi ditu hainbat eginbide, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak duela gutxi emandako epai bati buruzko iritzia eskatu die aldeei, ikertutako gertakarien balorazio penalean eragina izan dezakeelakoan.
Peinado epaileak pieza berri bat ireki du Begoña Gomez auzian, eta beste bi delitu egotzi dizkio Sanchezen emazteari
Sumarioaren zati nagusiari buruzko atariko entzunaldia astelehenean egin zuen magistratuak, eta pieza berri bat zabaltzea erabaki du orain, prebarikazioa eta EBri iruzur egitea egotzita.
Diez Antxustegik espero du enplegu publikoaren legea onartzea eta gerora "ebaluazio bateratua" egitea proposatu dio EH Bilduri
EAJk Legebiltzarrean duen bozeramailearen hitzetan, jeltzaleek egindako proposamena "zuhurragoa" da eta segurtasun juridiko handiagoa ematen du. Behin onartuta, "ebaluazio bateratua" egitea proposatu dio EH Bilduri, "nahikoa ez bada" hartu beharreko neurriak aztertzeko.
Otxandiano, Enplegu Publikoaren Legeaz: "Akordiorik ez badago, lehendakariarekin bilera bat eskatuko dut egoera desblokeatzeko"
"Akordioaren parametroak argi daude", Otxandianoren ustez, eta "akordiorik eza ez da aukera bat eta arduraz jokatzeko momentua da", erantsi du. "Lirika eta erretorikaren gainetik, Agirre lehendakariaren izpiritua eta ondare politikoa hiru herrialde hauetan benetan praktikan jartzeko borondatea dago", EH Bilduko bozeramailearen arabera.
18 pertsona hil dira Israelgo Armadak Libano hegoaldearen aurka egindako bonbardaketetan
AEBrekin lortutako akordio-memorandumari eutsiz, Iranek eskatu du Israelek atzera egiteko eta erasoak bertan behera uzteko. Israelgo Gobernuak, bere aldetik, behin baino gehiagotan adierazi du akordio horrek ez duela bera lotzen.