Kongresuko Mahaiaren gakoak: zer da eta zergatik da hain garrantzitsua?
Datorren abuztuaren 17an, ostegunarekin, eratuko dira Espainiako Gorte Nagusiak, U23ko hauteskundeen emaitzak oinarri hartuta. Saioan, Behe Ganberaren organo nagusia aukeratuko da: Kongresuko Mahaia. Hala, organo horren osaera negoziatzen ibili dira asteon alderdi politikoak. Hartu-eman biziak izaten ari dira, Mahaia kontrolatzea baitute helburu alderdi nagusiek. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, Mahaia Estatuko hirugarren erakunde garrantzitsuena baita. Hortaz, Kongresuko presidentea Espainiako Estatuko hirugarren agintaria da, erregearen eta Gobernuko presidentearen ostetik.
Baina zer da Kongresuko Mahaia? Nola dago osatuta? Zeintzuk dira horren funtzioak eta zergatik da horren garrantzitsua? Honatx erantzunak:
Zer da?
Diputatuen Kongresuko Mahaia "Ganberaren zuzendaritza organoa eta kide anitzeko ordezkaritza organoa" da, hura arautzen duen legearen arabera. Bestela esanda, Ganberaren egunerokoa gidatzen du, osoko bilkuren eta batzordeen jarduna zehaztuta, baita horien egitaraua ere.
Nortzuk osatzen dute eta nola aukeratzen dituzte?
Bederatzi kide ditu: presidentea, lau presidenteorde eta lau idazkari. Kongresua eratzen den egun berean aukeratzen dute, bozketa bidez.
Presidentea hautatzen dute aurrena. Diputatuek euren hautagaiaren izena idazten dute paper batean. Gehiengo osoa duena (176 boto) aukeratuko dute presidente. Babes hori lortu ezean, boto gehien jaso dituzten bi pertsonen artean hautatzeko beste bozketa bat egingo da. Kasu horretan, gehiengo sinplea nahikoa da hautatua izateko.
Ondoren, presidenteordeak aukeratzen dira, antzeko sistema baliatuta. Izenak boto paperetan idazten dituzte diputatuek, eta lau presidenteordeak botoen araberako hurrenkeran aukeratzen dira. Idazkariekin, beste horrenbeste.
Mahaiaren ordezkari kopurua (bakoitia) ez da ausaz aukeratutakoa, berdinketak saihesteko pentsatua baitago. Hori horrela, organo horretan gehiengoa izateak hura kontrolatzea dakar. Eta hori da, hain zuzen ere, alderdi politikoen lehen borroka: zein bloke, aurrerakoia ala eskuinekoa, gailentzen den.
Zeintzuk dira horren egitekoak, eta zergatik da horren inportantea?
Kongresuko Mahaiak osoko bilkuren eta eztabaiden erritmoak eta edukiak ezartzen ditu. Legeak eta taldeen proposamenak tramitera onartu ala ez erabakitzen du. Ondorioz, ekimen parlamentarioak azkartzeko edo moteltzeko eskumena du. Adibide ugari daude: PSOEk denbora errekorrean onartu zituen sedizio delituaren edota "Bakarrik bai da bai" legearen erreformak. Ifrentzuan, eskuineko gehiengoak (PP+Cs) PSOE eta Unidas Podemosen hainbat lege-proposamen (Memoria Historikoarena edota Eutanasiarena) geldiarazteko erabili zuen.
Organo horri dagokio, bestalde, Ganberak zenbat talde parlamentario izango dituen ebaztea —talde propioa edukita diru gehiago eta hitz egiteko denbora tarte handiagoa dutela diputatuek—. Mahaiak erabakitzen du batzorde kopurua, eta ikerketa batzordeak sortzea ere bere egitekoen artean dago.
Mahaiak Behe Ganberaren aurrekontua erabaki, onartu eta kontrolatzen du, eta aurrekontua kontrolatuta, gastuak zehazten ditu. Ildo berean, berari dagokio diputatuen soldatak eta komisioak ebaztea, baita gainerako funtzionarioenak ere.
Kongresuko Mahaiaren presidenteak, azkenik, eztabaidak gidatzen ditu. Diputatuei hitza eman edo kentzeko eskumena du, eta baten bati hiru aldiz kargu eginez gero, Ganberatik kanpora dezake.
Nola daude negoziazioak?
Eserleku gehien eskuratu dituen taldeak izan ohi du Presidentetza, baina ez beti. Horixe da negoziazioen eta itunen gakoa. Talde handiek (PSOE eta PP) presidentea eurena izatea negoziatzen dutenean, talde txikiagoei Presidenteordetzak edo Idazkaritzak utzi ohi dizkiete, baina badira hortik kanpo geratzen diren trukeak ere.
Parlamentuko iturriek Europa Pressi zehaztu diotenez, sozialistak buru dituen bloke aurrerakoiaren asmoa da Mahaiaren 9 kideetatik 5 eurenak izatea: presidentea (PSOE), bi presidenteorde (bat PSOErentzat eta bestea Sumarrentzat) eta bi idazkaritza (PSOE eta En Comun).
Presidentea sozialista izan dadin, batzorde jakin batzuk gidatzea edota talde parlamentarioa bermatzea eskaintzen ari da PSOE.
Hori omen da ERCren eta Juntsen kasua. Kataluniako bi indar horiek ez dituzte legez eskatutako baldintza guztiak betetzen, eta Mahaiak egin lezakeen interpretazioaren menpe daude. Errepublikanoek esana dute PSOErena izan behar dela Presidentetza. Horien ustez, "hori da agenda katalan batean aurrera egiteko modu bakarra". Teresa Jorda ERCren diputatuak atzo esan zuenez, talde parlamentarioa nahi dute, eta bizpahiru batzorde gidatzea.
EH Bilduk (6 ordezkari) ez ei du Mahaian egoteko interes berezirik, eta aurreko legegintzaldian ez zuten batzorde bakar bat zuzentzeko eskatu. Koalizio subiranistak gauza bakarra nahi du: organoak gehiengo aurrerakoia izatea.
EAJrentzat (5 diputatu) interesgarriagoa omen da batzorde bat zuzentzea Mahaian leku bat izatea baino.
Argitu ez den beste kontu bat: PSOEk nor proposatuko duen Kongresuko presidente izateko. Meritxel Batetek aurrekoan iragarri zuenez, ez da berriro aurkeztuko.
Eskuineko blokean, PPk iragarri du Coalicion Canariaren aldeko botoak eskuratzear dituela (Voxekoak ere zenbauta, 171). Nolanahi ere, ultraeskuinak ez ditu bere botoak doan emango: Mahaian gutxienez leku bat eskatu du. Gainera, alderdi independentistak (batez ere Junts) hizpide hartuta, esan du ez dela tartean dauden edozein negoziaziotan sartuko.
Nuñez Feijooren alderdikoen esanetan, EAJrekin hitz egiteko prest daude, baina ez dute Juntsekin negoziatuko. "Gauza bat da denekin hitz egitea, eta beste bat, dena onartzea", adierazi du Elias Bendodo PPko koordinatzaile nagusiak.
Zure interesekoa izan daiteke
Madrilgo Auzitegiak berretsi egin du herri-epaimahai batek epaituko duela Begoña Gomez, eta kautelazko neurriak kendu dizkio
Ihes egiteko arriskurik ez dagoela iritzita kendu dizkio aurretik ezarritako kautelazko neurriak; hau da, Espainiatik irteteko debekua, pasaportea entregatzea eta 15 egunean behin agintaritza judizialaren aurrean sinatzeko betebeharra, nahiz eta auzitegiak ezartzen duen lokalizatuta egon behar duela une oro.
Lehendakaria harremanetan jarri da Puigdemontekin eta adierazi du president ohia itzultzeko garaia dela
EAJk auzitegiei eskatu die "legea behingoz aplikatzeko", eta EH Bilduk azpimarratu du gatazka politikoak ez direla "auzitegietan konpontzen, ezta errepresioaren bidez ere".
Lehendakariak Euskal Polizia "integralaren" alde egin du, segurtasun arloan etengabe sortzen diren erronkei "bermeekin aurre egiteko" sare gisa
Imanol Pradalesek Basque Segurtasun Foroa: Segurtasun Integrala eta komunitatea EHUren udako ikastaroaren inaugurazioan parte hartu du, eta gizartean "aginte-printzipioa zalantzan jartzeagatik edo balioak galtzeagatik" dagoen kezka nabarmendu du. Bere hitzetan, arazo horrek "Ertzaintzari eragiten dio, baina baita irakasleei, autobus-gidariei eta osasun-langileei ere", eta funtsean "pertsonenganako eta ondasun publiko eta pribatuen gaineko errespetua galtzea" du atzean.
Puigdemontek adierazi du amnistia geldiarazteak "Europaren kontra egitea" dakarrela
Kataluniako presidente ohiaren hitzetan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia independentismoaren "garaipen irmoa eta politikoa" da.
Sarek eta Etxeratek mobilizazioak deitu dituzte 11 hondartzatan, uda sasoiko azken hitzordua izateko helburuarekin
Elkarteek defendatu dutenez, espetxe-politika arrunta ezartzeak ETAko presoen gradu-progresioa ahalbidetuko luke eta, ondorioz, baita erregimen itxitik behin betiko ateratzea ere. Halaber, bizikidetza baketsuarekiko konpromisoa berretsi dute.
Espainiako Gobernua amnistiari buruzko epaia ospatzen ari da, eta "kritikoek ere ez liekete fruituei uko egin nahiko", esan du
PPren esanetan, "eztabaida da ea presidente batek pribilegio penalak negoziatu ditzakeen gehiengo parlamentario baten truke".
Illa presidenteak eta Kataluniako alderdiek amnistia legea berehala aplikatzeko eskatu dute: "Aitzakiarik ez dago jada"
Salvador Illak galdetu du "zer gehiago" behar den amnistia legea aplikatzeko, eta azpimarratu du jada ez dagoela "legea aplikatzea eragozten duen ezer".
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiako amnistia legea babestu du
Luxenburgoko auzitegiak ebatzi du, batetik, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortutakoei amnistia legea aplikatzeak ez liekeela kalte egingo EBren funtsei; eta, bestetik, terrorismo delituak egotzi zaizkienei amnistia aplikatzeak bat egiten duela Europako araudiarekin.
Albiste izango dira: Amnistia Legea, Baionako besten bigarren eguna eta samina Erronkarin
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Pradalesek diasporako gazteei esan die "Euskadiren ezinbesteko parte" direla
Imanol Pradales lehendakaria Euskal Herriko eta diasporako (AEB, Kanada, Argentina, Uruguai eta Australia) 200 bat gazterekin elkartu da Tolosan, euskal komunitate globalaren erronken inguruan hausnartzeko. Gaztemunduri Ateak Ireki programako eta EuskarAbentura espedizioko gazteek hartu dute parte topaketan.