Espainiako Gobernuak datorren astean onartuko du Loiolako kuartelen lurzorua Donostiari saltzeko akordioa
Loiolako kuartelen salerosketak badu data: azaroak 7. Astearteetan egin ohi du jarduneko Espainiako Gobernuak ministroen kontseilua, eta hain justu, datorren astekoan onartuko du lursailak Donostiako Udalaren esku uzteko akordioa, Eneko Goia Donostiako alkateak iragarri duenez.
Luzaroan esperotako data —akordioa duela urtebete itxi zuten— iragartzeko urteko politika orokorreko eztabaida baliatu du Goiak. Hitzaldian zehaztu duenez, 73,3 milioi euro ordainduko dituzte Loiola auzoko 20 hektareako lurzoru horren truke, eta, hori bereganatuta, bertan 1.500-1.700 etxebizitza eraikitzeko proiektuari heldu ahalko dio Udalak.
Goiak azaldu duenez, Margarita Robles Defentsa ministroak joan den astean jakinarazi zion berria Aitor Esteban EAJko diputatuari, eta azken horrek egin du Alkatetza operazioaren jakitun.
Ministroen Kontseiluak ituna onartu eta "berehala" bost milioi euroko transferentzia egingo dio Udalak, lehen ordainketa gisa. Sei hilabeteko epean, notario baten aurrean izenpetuko dituzte salerosketaren eskriturak.
Alkateak pozarren hartu du albistea, eta azpimarratu "Loiolako kuarteletako lursailak Urumeako ibarrean zehar hiria hedatzeari eranstea funtsezko elementua" dela.
Gogora ekarri behar da Defentsa Ministerioak lau urteko epea eman zuela eremua uzteko. Gero, ibaiaren bestaldean dagoen gunera, Hipikara, mugituko dira militarrak (lursail hori ere Armadarena da).
Zure interesekoa izan daiteke
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"