Nafarroako aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa itxi dute Foru Gobernuak eta EH Bilduk
Aurreko zazpi urteetako formula bera erabiliko dute: EH Bilduk abstentziora joko du, egitasmoak aurrera egitea errazteko.
Nafarroako Foru Gobernuko eta EH Bilduko kideak, akordioa sinatu ondoren. Argazkia: EFE.
PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa alderdiek osatzen duten Nafarroako Foru Gobernuak akordioa lortu du EH Bildurekin 2027ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Lege Proiektua onartzeko. Azken urteetan bezala, ezker abertzaleak aurrekontu proiektua onartzea erraztuko du behin betiko bozketan abstentziora jota.
Nafarroako Jauregian sinatu dute akordioa. Bertan egon dira Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Gobernuko hiru presidenteordeekin batera, eta Laura Aznal EH Bilduko bozeramailea, Adolfo Araiz legebiltzarkidearekin batera.
Ondoren, Arasti kontseilariak Unai Hualde Nafarroako Parlamantuko presidenteari eman dio Aurrekontuen proiektua.
Ostiral honetan sinatu duten akordioak jasotzen duenez, EH Bilduk konpromisoa hartzen du edozein talde parlamentariok aurkez ditzakeen osoko zuzenketen aurka bozkatzeko. Horrez gainera, lege proiektua onartzea erraztuko du azken bozketan abstentziora jota. Hau da, azken zazpi urteetan erabilitako formula berari eutsiko diote.
Laura Aznal Nafarroako Parlamentuko EH Bilduren bozeramailearen hitzetan, “ez dira EH Bilduk egingo lituzkeen aurrekontuak”, baina “aurkeztutako aurreproiektua hobetu” dutela uste du.
2027ko aurrekontuen proiektua 7.284,8 milioi eurokoa da. 2026ko aurrekontuekin alderatuta, % 8,1 egin du gora, eta erdia baino gehiago gizarte gaietara bideratuko da.
Behin Foru Parlamentuan entregatuta, eta aurreikusitako epeei jarraituz, proiektua abenduaren 17an onartzea espero da.