Euskadiren etorkizunerako erronka demokratikoak aztertu dituzte akademiko, ikertzaile eta parlamentariek
Topaketa Euskadiko kalitate demokratikoa hobetzeko lantaldeak bultzatu du, eta adituak eta ordezkari politikoak bildu ditu herritarren parte-hartzeaz, berdintasunaz, politika publikoez eta demokraziaren krisiaz eztabaidatzeko.
Euskadiren etorkizuneko erronka demokratikoei buruzko jardunaldia, Legebiltzarrean. Argazkia: Eusko Legebiltzarra
Akademikoak, ikertzaileak eta ordezkari politikoak Eusko Legebiltzarrean bildu dira gaur, urriak 30, demokraziaren erronka nagusiak aztertzeko asmoz. Demokraziaren kalitatea indartzeko eta Euskadin horren etorkizuna bermatzeko proposamen eta ikuspuntuak izan dituzte bertan hizpide.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak inauguratu du jardunaldia, "Erronka demokratikoak Euskadiren etorkizunerako" izenburupean, eta sistema demokratikoaren defentsan herritarrek duten "ezinbesteko" papera nabarmendu du, autoritarismoaren eta populismoaren aurrean.
Kalitate demokratikoa hobetzeko bultzatu du topaketa hau Legebiltzarreko lantaldeak, herritarrek erakundeekiko konfiantza galtzeak eta horrek legitimitate demokratikoan dituen ondorioek eragindako kezkaren ondorioz.
Besteak beste, honako gai hauek izan dituzte hizpide: demokraziaren eta berdintasunaren arteko harremana, herritarren parte-hartzea, administrazio publikoen eraldaketa, politika publikoak edota Europar Batasunak balio demokratikoen defentsan duen zeregina.
Jardunaldi honetan, Juha Leppänen Demos Helsinkiko presidentea, Jule Goikoetxea, Marina Subirats eta Arantxa Elizondo adituek parte hartu dute, gaur egungo erronkei buruzko ikuspegi akademiko eta ikerketa ezberdinak eskainiz.
Programa amaitzeko, demokraziaren krisia, horren kausak eta Euskaditik datozen erronkak eztabaidatu dituzte EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP alderdietako ordezkariek.