Legealdi honetarako dituzten helburu nagusiak aurreratu dituzte sailburuek, euren lehen agerraldietan
Ohiturari eutsiz, Eusko Jaurlaritzako lantalde berria osatuko duten sailburuek euren helburuak zeintzuk diren aurreratu dituzte, karguaren zina egin ondorengo agerraldi laburretan. Ajuria Enean izan da ekitaldia, eta jauregiaren atarian agertu dira hedabideen aurrean 15 sailburuak; horietatik 11k euskaraz eta gaztelaniaz eman dituzte azalpenak, eta lauk gaztelania hutsean. Aurretik, Imanol Pradales lehendakariak "ausardia" eskatu die euren eginkizunetan.
Hitza hartzen lehendabizikoa Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua izan da. Hemendik aurrera kudeatzea dagozkion kultura eta euskara "gizartea eraldatzeko" erreminta "oso indartsuak" direla nabarmendu du. Baita, ongizatean hobera egiteko ere. Bere helburuen artean aipatu ditu euskararen erabilerak gora egitea eta euskara Europan hizkuntza ofizial izatea.
Ondoren, Mikel Torres bigarren lehendakariordearen eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu sozialistaren txanda izan da. Besteak beste, eragile sozialekin berehala harremanetan jarri eta akordioetara iristeko konpromisoa agertu du. Kalitatezko enpleguaren alde "jauzi" bat egiteko unea dela iritzi dio, eta hor jarriko omen du begirada legealdi honetan. "Zenbaki makroekonomiko handiak" errealitate txikietara ekarri nahi ditu, "enpresetara, denda txikietara eta familietara".
Horren atzetik etorri da Noël d'Anjou Olaizola Ogasun eta Finantza sailburuaren agerraldia."Geroz eta globalagoa den mundu batean, tokikotasunetik lehiatzea" da bere erronka nagusia. "Finantza intentsitate handiko ziklo bat ireki" dela esan du, eta "Euskadi hobeago bat lortzeko" lan egingo duela hitzeman du, "lan dosi handiak eskainiz eta eskuzabaltasunez".
Bere aldetik, Maria Ubarrechena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak nabarmendu du autogobernuan aurrera egiteko legealdia dela parez pare dagoena, eta "ausardiaz" jokatuko duela agindu du. "Autogobernuan sakontzeko momentua iritsi da, Gernikako Estatutua osorik betez". "Gizarteari entzunez eta enpatiaz" lan egingo duela ere esan du Jaurlaritzaren eledun berria ere badenak. Gobernantza eredu berri bat, herritarren parte-hartzea eta administrazioaren digitalizazioa sustatzea ditu ardatz.
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua agertu da ondoren. Horren arabera, industria da "Euskadiren indarra, kalitatezko enpleguaren iturri eta gure lehiakortasunaren ardatza". Uste du Europak "berpizkunde bat" bizi duela eta "Euskadik lidergoa" hartzeko aukera duela. Halaber, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak dakarren "aukera ahalik eta gehien aprobetxatzeko" eskatu du, "industriaren eremuan energia-eraginkortasunean inbertitzeko, energia berriztagarrien garapena bultzatuz eta Euskadiko biodibertsitate ekologikoa lehengoratuz".
Segurtasun sailburu gisa egin duen aurreneko hitzartzean, Bingen Zupiriak azaldu du segurtasuna dela autogobenuaren oinarririk sendoenetako bat. Halaber, nabarmendu du EAJ-PSE akordioaren oinarrietan herritarren ongizatea hobetzeko proposatu diren irizpideen artean kokatu dutela Segurtasuna. "Erakundeek segurtasunaren alorrean egiten dituzten politikak herri politikak dira". Bestalde, agindu du Ertzaintzako sindikatuekin hitz egingo duela, lan-gatazka konpontzeko, "arrazoizko akordioak" bilatuz.
Hitza hartzen hurrena, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua izan da. Jaurlaritzarentzat Hezkuntza "apustu estrategikoa" dela esan ondotik, aurreko legealdiko "konpromisoei forma ematea" du helburu. "Ekitatearen eta inklusioaren alde lana egiten jarraituko dugu, etengabeko berrikuntzarako tresna berriak ezarriz. Pertsona guztiei hezkuntzarako aukera berdinak eskaini nahi dizkiegu". Ziurtatu du "eragile guztiekin akordioetarako prest" agertu dela beti, eta lankidetza horri eutsi nahi dio legealdi honetan hezkuntzako komunitatea osatzen duten eragile guztiekin.
"Gizarte-larrialdiari aurre egiteko jarrera" erdigunean jarrita heldu dio karguari Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak, etxebizitzaren alorrean dagoen arazoa konpontzeko miraririk ezingo duela egin aitortuta. Nolanahi ere, herritar guztiei eta, bereziki, egoera zaurgarrienean daudeni etxebizitza bermatzea izango da bere helburuetako bat. Gogora ekarri du gobernu-akordioan jaso dutela alokairu sozialera bideratutako 7.000 etxebizitza eraikitzea.
Lehen Arreta indartzeko helburua lehenetsi du Alberto Martinez Osasun sailburu berriak, bere lehen agerraldian, eta zenbait neurri ere iragarri ditu. Lehen Arretako medikuarekin hitzordua nahi duten herritarrek 24 orduko epean txanda hori izateko konpromiso irmoa agertu du. "Gehienez 48 orduko epean", gehitu du. Eta bide beretik, agindu du Osakidetzako espezialistekin hitzordua lortzeko itxaron zerrenda 50 egunera jaisteko lan egingo duela. Hala, iragarri du datozen egunotan Imanol Pradales lehendakariak osasun alorreko aditu eta eragileak deituko dituela, "herri mailako osasun akordioa" eraikitzen hasteko. Aitortu du bere "gabezietako bat" euskara ez hitz egitea dela.
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak egin du iragarpenik zehatzena gaurko agerraldian. Jakinarazi duenez, Euskal Agenda 2030 dokumentuan jasota dauden neurriak bere osotasunean ezarriko dira, eta, besteak beste, 24 hilabetera arte luzatuko dituzte amatasun eta aitatasun baimenak. Zaintzen alorra indartzea ere badela bere xedeetako bat erantsi du.
Bien bitartean, Susana Garcia Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak garraio publiko "eraginkorragoa eta eskuragarriagoa" jarri nahi du herritarren zerbitzura. Zentzu horretan, herritar ororen eskubideak kontuan hartuta lan egingo duela hitzeman du. "Euskadiko garapen sozial eta ekonomikoan eragina izango duten tren-azpiegiturak" bultzatuko dituela ere nabarmendu du, hala nola, Abiadura Handiko Trena, Bilboko Metroaren Galdakaorako 5. linea edo Gasteizko tranbia.
Unibertsitateen eta zientziaren "kalitatean jauzi bat" eman nahi du Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak. Iritzi dio Euskadi prest daogela "kalitatearen aldeko jauzia" emateko, azken urteotan ezagutzaren alorrean "pixkanaka" eman diren urratsei esker. Bere hitzetan, "ahalegin handiaren ondorioz" inoiz egon ez den agertoki batean dago Euskadi alor honetan.
Baldintza egokiak ikusten ditu, baita ere, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak turismoaren alorrean beste pauso bat eman, eta egonaldi turistikoen gaineko zerga ezartzeko. "Martxan jartzeko momentua da, beste erakundeekin elkarlanean", zehaztu du. Aurreko legeldiko kargu berean jarrituko duen sailburu bakarra da Hurtado
Jarraian, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapena eta Arrantza sailburuak eman ditu bere alorrari dagozkion azalpenak. Lehentasunen artean, "lehen sektorearekin etengabeko hartu-emana izatea" aipatu du, "parez pare dituzten erronkei aurre egiteko". Uste du "aukera handi" bat dagoela lehen sektore lehiakorra sustatzeko.
Azkena hitz egiten Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua izan da. Bere sailaren lehentasunetako bat izango da pertsona guztiek Justiziarako sarbidea izatea. Memoria inklusiboa eraikitzea eta indarkeria ekintzei eta giza eskubideen urraketei "zilegitasuna kentzea" ere aipatu ditu helburuen artean.
Zure interesekoa izan daiteke
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.
Sozialistak, Parisko Alkatetzari eusteko moduan
Emmanuel Gregoire buru duen ezkerreko koalizioak irabazi du, eta Anna Hidalgoren lekukoa hartzen saiatuko da bigarren itzulian.
Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua Madrilen bilduko dira aireportuen aldebiko kudeaketa negoziatzeko
Ubarretxenak argi utzi du Jaurlaritzak ez duela onartuko Estatuak ostiralean egindako kontra-proposamena, Jaurlaritzak egindako "eskakizun guztiak bertan behera" utzi baititu. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, ordea, baikor azaldu da, akordioa lortuko delakoan.