Ika-mika
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gogora Institutuko izendapenen harira informazio okerra zabaltzea egotzi diote EAJk eta EH Bilduk elkarri

Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, Joseba Diez Antxustegi jeltzaleak "gezurra" esatea egotzi dio EH Bilduri. Oihana Etxebarrietaren bitartez berehala erantzun dio EH Bilduk, eta informazioaren erabilera "gaiztoa" egitea aurpegiratu dio.
Gogora Institutuaren Zuzendaritzako kideak aukeratzeko bozketa Eusko Legebiltzarrean
Gogora Institutuaren Zuzendaritzako kideak aukeratzeko bozketa Eusko Legebiltzarrean. EITB Media

Eusko Legebiltzarrak Gogora Institutuaren Zuzendaritzako kide berriak izendatu zituenetik ia astebete igaro bada ere, alderdien arteko ika-mikak bere horretan jarraitzen du. Gaur hori berriro agerian gelditu da, EAJk eta EH Bilduk informazio okerra zabaltzea egotzi baitiote elkarri.

Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin dioten elkarrizketan, Joseba Diez Antxustegi EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak "gezurra" esatea leporatu dio EH Bilduri Gogora Institutuaren Zuzendaritzako kideen izendapenaren harira. Berehala erantzun dio EH Bilduk, Oihana Etxebarrieta legebiltzarkidearen bitartez, eta informazioaren erabilera "gaiztoa" egitea aurpegiratu dio. 

"Egia esan behar da eta beste egunean EH Bilduk ez zuen egia esan, gezurra esan zuen", adierazi du Diez Antxustegik. Legebiltzarrak Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluko bost aditu independente izendatzeko eskumena du, eta, legebiltzarkide jeltzaleak azaldu duenez, EAJk eta PSE-EEk bina kide eta EH Bilduk bakarra izatea proposatu zioten koalizio subiranistari. Orduan, Oihana Etxebarrieta EH Bilduren talde parlamentarioaren koordinatzailearekin hitz eginda, EH Bilduri aukera eman omen zioten koalizio subiranistak proposatutako bi hautagaietako baten alde egiteko, baina "esan zidan ez zutela erabakiko, guk erabaki behar genuela".

Gauzak horrela, EAJk eta PSE-EEk Paco Etxeberriaren aldeko botoa eman zuten, eta Pilar Garaialde Triple A eskuin muturreko taldeak hildako taxista baten alaba kanpoan utzi. "Gure erabakia izan zen Paco Etxeberriari botoa ematea arrazoi sinple batengatik: orain arte Paco Etxeberria zegoelako kontseiluan eta ulertzen genuelako orain arte zeuden beste bi kideek jarraitzen bazuten Pacori ere aukera eman behar geniola jarraitzeko", esan du Diez Antxustegik.

20241001101432_joseba-diez-antxustegi-eaj_
18:00 - 20:00

EITB Mediak EH Bilduren erreakzioa jaso du. Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, "onargaitza" da Diez Antxustegik esandakoa. Horrez gain, informazioaren erabilera "gaiztoa" egitea eta Legebiltzarreko gehiengoak "mespretxatzea" egotzi dio EAJri. Dena den, fokoa "garrantzitsua" den horretan jarri nahi izan du Etxebarrietak: "Estatu terrorismoaren biktimak ordezkaritzarik gabe gelditu dira Gogoran, EAJk eta PSE-EEk horrela nahi izan dutelako". 

Pasa den asteazkenean, Eusko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubide Batzordeak Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseilua osatuko duten bost pertsona aukeratu zituen. Sei hautagai zeuden (EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk bina aurkeztu zituzten), eta kanpo geratu zena Pilar Garaialde Triple A eskuin muturreko taldeak hildako taxista baten alaba izan zen. Hori dela eta, Memoria Institutuko Zuzendaritzan Estatuko biktimak "diskriminatzea" egotzi die EH Bilduk EAJri eta PSE-EEri. 

Zure interesekoa izan daiteke

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre 'Anbotori' espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrek beste edozein presoren tratamendu bera jaso du, eta ez da inolako neurri diskrezionalik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragin ahal izan dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek birgizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X