Carlos Mazon "berreskuratzea gidatzeko" geldituko da, eta gai ez bada, ez da berriro bozetara aurkeztuko
Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak ostiral honetan Valentziako Parlamentuan iragarri duenez, urriaren 29ko tanta hotzak Valentzian hondatutako eremuak berreskuratzeko gai ez bada, ez da hurrengo hauteskundeetan hautagai aurkeztuko.
"Ez ditut ezkutatzen Generalitatearen akatsak, aitortzen ditut, neure egiten ditut, barkamena ere eskatzen dut, eta nire gain hartu behar ditudan erantzukizunak ez ditut saihestuko; lehena izan behar dut horretan. Valentziak, kaltetutako eremuak, susperraldi hori behar du, eta susperraldi horren buru izan behar dugu irmotasun osoz, eta horretarako gai ez banaiz, nire gain hartuko ditut ardurak eta ez naiz berriro hautagai izango", ziurtatu du.
Ostiral honetan Parlamentuan egin den saioan Mazonek talde parlamentarioei erantzunez egin du iragarpena. Zehazki, PSPV-PSOEren bozeramaile Jose Muñozi zuzendu zaio, eskatzeko bere alderdia susperraldian inplikatzeko eta orain "besaulkiez eta dimisioez" hitz egiteari uzteko.
Hain zuzen ere, Diana Morant PSPV-PSOEko idazkari nagusiak PPri eskatu dio Carlos Mazon Generalitateko presidente kargutik ken dezala eta jar dezala kargu horretan beste pertsona bat, "teknikari eta trantsizioko" gobernu berri bat osatzeko, tanta hotzaren osteko berreraikuntza ardatz izango duena. Horretarako, boto sozialista guztiak eskaini dizkio PPri, "trukean ezer eskatu gabe". Esan duenez, sozialistek ez dute ez besaulkirik ez kargurik nahi. "Ez gara Gobernu horretako kide izango", ziurtatu du.
"Egoerak ahalbidetzen duenean" eta "normaltasuna berreskuratzen denean", hauteskundeak 2025era aurreratzea proposatu du Valentziako sozialisten buruak, "herritarrek erabaki dezaten etorkizuna".
Joan Baldovi Compromisen bozeramaileak adierazi duenez, berarentzat eta "ehunka mila valentziarrentzat" Carlos Mazonek "gure presidentea izateari utzi dio betiko". "Bere herria abandonatzen duen presidente batek ez du merezi Generalitateko presidente izatea. Gure herriak edukitzea erakutsi duen duintasunaren zati txiki bat izango balu, honezkero mahai gainean legoke dimisioa", esan du Baldovik.
Jose Maria Llanos Voxek Valentziako Parlamentuan duen bozeramaileak "arduragabekeria kriminala" leporatu dio Espainiako Gobernuari, eta "sorosteko betebeharra ez betetzea" leporatu dio. Valentziako Gobernuarentzat ere izan du hitz zorrotzik: "Zuk (Mazoni zuzenduta) hartu zenuen agintea CECOPIra joatean, eta agerikoa da kalearen aldarria. Zuek kudeaketaren alderdia zaretela saldu izan diguzue beti, baina non dago kudeaketa?".
Hiru orduko hitzartzea
Dimisiorik ez du eman Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak, eta ez du inor kargugabetu goialdeko depresioaren kudeaketaren kontura. Kontrara, gertatutakoaren argibideak eskatu ditu, eta iragarri du PPk Valentzia kolpatu duen Goi-geruzetako Depresio Isolatuaren (GOIDI) inguruko ikerketa batzordea sortzea proposatuko duela Valentziako Gorteetan. Kongresuan ere beste bat eratzeko eskatu du; izan ere, "valentziarrek gertatu zena jakin behar dute, ezin da iraganetik ikasi benetan gertatu zena jakin gabe".
Mazonek hiru orduko agerraldia egin du Valentziako Parlamentuan, goialdeko depresioaren kudeaketaren inguruan azalpenak emateko. Agerraldia atzo egitekoa zen, baina Aemetek iragarritako abisu gorria tarteko, gaurko atzeratu zuen. Saioa minutu bateko isilunearekin abiatu da, 216 hildako eta 16 desagertutakoen omenez.
Valentzian 2024ko urriaren 29an gertatutakoa "1962tik Espainian izandako uholderik larriena da, eta Europan izandako hondamendi natural handienetakoa" izan zela esanda hasi du bere hitzartzea Mazonek. Ondoren esan duenez, prebentzio sistemak "huts egin" zuen eta ez zion tragediaren tamainari "ondo erantzun". "Gauza gehiegik egin zuten kale. Sistema guztiak egin zuen huts", erantsi du. Ingurumari horretan, Generalitateak "ahal bezain ondo egin zuen, eskura zuen informazioarekin".
Bestalde, barkamena eskatu die "laguntza heltzen ez zela edo nahikoa ez zela sentitu zuten herritarrei".
Hitzaldiaren azken partean, iragarpena egin du Mazonek. Esan duenez, Valentziako Gobernuak Berreskuratzerako Presidenteordetza bat eta Barne eta Larrialdietarako Kontseilaritza bat sortuko ditu.
Jucarko Konfederazio Hidrografikoarekiko kritiko
Mazonek nabarmendu du ez diela "erantzukizunei iskin egingo" eta bere gobernuak "autokritika" egin duela: "Gauza batzuk ez ziren ondo egin".
Dena dela, gogor kritikatu du Jucarko Konfederazio Hidrografikoak hondamendiaz egindako kudeaketa, eta Generalitateari emandako informazioa "zatitua, zehaztugabea eta berantiarra" izan zela salatu du. "Mezu elektroniko soil bat bidali ziguten" Poyoko sakanan uholde "izugarria" zegoenean. Horren esanetan, Valentziako larrialdi zerbitzuek, berriz, Konfederazioaren 83 mezu elektroniko jaso zituzten egun hartan.
Halaber, horren hitzetan, Foratako presa "apurtzeko zorian" zegoenean ebatzi zuten ES-Alert sistemaren bidez sakelakoetara mezua bidaltzea. Hori izan zen, Mazonen esanetan, ohartarazpena igortzeko arrazoia, ez beste bat.
Agendari eutsi ziola aitortu du
Hondamendiaren aurreko egunaren eta GOIDIaren egunaren kronologia zehatza egin du Mazonek. Egun horri buruz, aitortu du aurreikusita zuen agendari eutsi ziola "egoeraren jakitun" zelako eta "Justizia kontseilaria (Salome Pradas) aginte postuan zegoelako eta Espainiako Gobernuko ordezkariarekin zegoelako".
"Egoera zailtzen ari zela ohartarazi zidatenean, Ekintzak Koordinatzeko Zentro Integratura (CECOPI) joan nintzen. Ez zen bidaia erraza izan eguraldi txarragatik, baina heldu nintzenean ez zidaten ezeren berri eman behar izan, eta nire egitekoak ez ziren segundo bakar batez atzeratu", esan du.
Era berean, onartu du "akatsa" izan zela bere X kontutik mezu bat ezabatzea. Txio hartan "GOIDIa Cuencarantz mugituko" zela jakinarazi zuen Mazonek, Aemetek emandako informazioa oinarri. Argudiatu duenez, mezua kendu bazuen "nahasgarria suerta zitekeen informazioa kentzeko izan zen".
"Bakarrik ez uzteko" eskatu dio Espainiako Gobernuari
Hitzaldiaren azken partean, Mazonek "lankidetza" eskatu dio Espainiako Gobernuari. "Ez utzi bakarrik", galdegin du. Horren ildoan, triskantzari aurre egiteko Sanchezen gobernuari eskatutako 31.000 milioi euroak eskatu ditu berriro ere. Horren hitzetan, kopuru hori "ez da zifra soil bat, berreskuratzen hazteko lehen kalkulu zorrotza da".
Mazon agerraldia egiten ari zen bitartean, Valentziako Gorteen kanpoaldean 100 bat pertsona bildu dira presidentearen dimisioa eskatzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Grande-Marlaskaren eta Roblesen kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularreko idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroaren eta Margarita Robles Defentsa ministroaren kargugabetzeak eskatu ditu, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.
Ceutan, desagertutako senideen bila ari dira familia ugari, eta gorpuak identifikatzeko toki bat ireki dute
Oraingoz, 72 hildako zenbatu dituzte, baina urpekariek gorpu gehiago aurkitu dituzte.
Ceutako muga normaltasuna berreskuratzen ari da pixkanaka, baina hildakoak 67 dira jada
Migratzaile batzuek esan dute berriro saiatuko direla, eta "Poliziaren estrategia" kritikatu dute, saltokiei ixteko eskatu dietelako. 50.000 etorkin inguru itzuli dira Marokora.