Narbonak eta PSOEko organo nagusietako beste hiru kidek zuzenduko dute alderdia Batzorde Federalera arte
UCOren txostena argitaratu eta bost egunera, eta Santos Cerdanek dimisioa aurkeztu ondotik, PSOEren Batzorde Exekutibo Federala bilduta dago astelehen honetan, alderdiaren hurrengo urratsak erabakitzeko. 13:00etarako dago Pedro Sanchez PSOEko buruaren agerraldia deituta Ferrazen, baina alderdiko iturriek dagoeneko hainbat berrikuntza aurreratu ditu.
Datorren uztailaren 5ean Cerdanen ordezkoa aukeratzeko egingo den Batzorde Federalera arte, trantsizio talde baten ardura izango da alderdiaren Antolakuntza-idazkaritza eramatea. PSOEko lau kidek zuzenduko dute talde berri hori: Cristina Narbona alderdiko presidenteak, Ana Maria Fuentes PSOEko gerenteak, Montse Minguez Lan, Ekonomia Sozial eta Lan Autonomoko idazkariak eta Borja Cabezon Ekintza Demokratiko eta Gardentasuneko idazkariak.
Alderditik aurreratu duten beste berritasunetako bat da PSOEren Batzorde Exekutibo Federalak Jose Luis Abalos alderditik kanporatzea erabaki duela, Antolakuntza idazkari eta Garraio ministro ohiari espedientea zabaldu eta 15 hilabetera.
Santos Cerdanek gaur entregatuko du diputatu akta
Bien bitartean, dena ondo bidean, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak gaur bertan egingo dio uko bere diputatu aktari. Pasa den astean, Leopoldo Puente Goreneko magistratuak diputatu akta uzteko asmoari eusten ote zion galdetu zion militante sozialistari, eta gaur bidalitako idatzi batean Cerdanek adierazi du gaur egingo diola uko bere diputatu aktari eta, hortaz, forudun izateari utziko dio.
Horren aurretik, baina, gaur goizean Cerdanek PSOEtik baja ematea eskatu du.
Sanchez Yolanda Diazekin bilduko da
Sumarreko iturriek adierazi dutenez, Espainiako Gobernuko presidentea Yolanda Diaz bigarren presidenteordearekin bilduko da arratsaldean. Diazek berak eskatu zuen Gobernu koalizioaren premiazko bilera bat joan den ostegunean, UCOren txostena publiko egin zenean, baina ordutik ez dira elkartu.
Podemos ez da Sanchezen bilerara joango
Yolanda Diazekin biltzeaz gain, Sanchezek iragarria du talde parlamentarioekin bilerak egingo dituela, egungo egoera politikoaz hitz egiteko. Hala ere, Podemosetik dagoeneko aurreratu dute ez direla hitzordura joango.
"Ez dugu alderdi ustel baten aurpegia garbitzeko operazio batean parte hartuko". Hala jakinarazi du alderdiaren egoitzan emandako prentsaurreko batean, Pablo Fernandez bozeramaileak.