Ernai irailaren 14an mobilizatuko da, Donostian, independentziaren alde
Kontxako Banderako estropaden finalarekin bat eginez, gazte antolakundeak independentziaren aldeko "beste bultzada bat" ematearen alde egingo du.
Ernairen agerraldia, Zarautzen. Argazkia: Ernai
Ernai gazte antolakundea irailaren 14an mobilizatuko da, Kontxako Banderaren estropaden finalarekin batera, Donostian, independentziaren alde, haren ustez, "zapalkuntzarik gabeko herri bat eraikitzeko bide bakarra" baita.
Ernaiko 100 bat militantek agerraldia egin dute ostegun honetan Zarautzen, mobilizazio nazionalean parte hartzera deitzeko. Azaldu dutenez, 13:00etan abiatuko da, Donostiako Bulebarretik, 'Ekin eta bultza askatasunera' lelopean.
Ernairen ordezkariek adierazi dutenez, Txiki eta Otaegi independentistak fusilatu zituztenetik 50 urte igaro direnean, mobilizazioa "memoria ariketa bat izango da, baina, batez ere, aurrera begiratzekoa".
Gainera, "gazteek aurreko belaunaldiaren lekukoa hartzeko eta Euskal Herria askatasunera eramateko garaia" iritsi dela aldarrikatu dute, "Euskal Herriaren independentzia baita zapalkuntzarik gabeko herria eraikitzeko bide bakarra".