Pradales, Espainiako politikaren egungo egoerari buruz: "Guri dagokigunez, alarma guztiak Vox agertzen denean pizten dira"
Kataluniako Generalitateko eta Galiziako Xuntaren presidenteekin batera, mahai-inguru batean hartu du parte gaur lehendakariak, Bartzelonan. Ohartarazi du Voxek autonomien estatua desagerrarazi egin nahi duela.
Espainiako Gobernura heldu litekeen ziklo politiko aldaketaren aurrean, zuhurtzia eskatu du Imanol Pradales lehendakariak, baina adi egon behar dutela ere adierazi du. Esan duenez, Alderdi Popularrarekin batera ekuazioan Vox alderdi ultraeskuindarra sartzen bada, "alarma guztiak pizten dira".
"Asko hitz egiten da etor daitekeenaz, baina guretzat alarma guztiak pizten dira Vox sartzen bada. Zergatik? Autogobernuaren aurkako posizio irmoa duelako, ez duelako sinisten gure erakundetan eta gure identitatea ere ez duelako defendatzen", esan du. Halere, gaineratu du aldaketa politikoaren aukerarekin ez dela tematu behar.
Cercle d'Economia foroak Bartzelonan antolatu duen jardunaldi batean hartu du parte lehendariak, Salvador Illa eta Alfonso Rueda Kataluniako eta Galiziako presidenteekin batera. Erkidegoen finantzazio ereduez ez ezik, Espainiako egoera politikoaz eta balizko hauteskunde aurrerapenaz hitz egin dute.
Bere aldetik, Illa buruzagi kataluniarrak uste du Espainiako Gobernuari oraindik "bidea" geratzen zaiola egiteko, eta baztertu egin du Pedro Sanchez presidenteak hauteskundeak aurreratzeko aukera. Gainera, alternatiba "iluna" eta "atzerakoia" ikusten duela esan du.
Aldiz, Ruedak adierazi du PSOEren garaia agortuta dagoela eta herritarrei hitza eman behar zaiela. Hauteskundeak aurreratzea dela aukera egokiena esan du, Espainiako politikagintzak bizi duen egoera nahasiari aurre egiteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik