Espainiako Fiskaltzak Israelek Gazan egindako "krimenak" ikertuko ditu
Alvaro Garcia Ortiz Espainiako fiskal nagusiak Zigor Kodearen "urraketa larriak" aipatzen ditu, genozidioa eta gizateriaren aurkako delituak tartean.
Espainiako fiskal nagusiak agindu du Israelek 2023ko urriaren 7az geroztik Gazako Zerrendan egindako krimenak ikertzea, tartean, genozidioa eta gizateriaren aurkako delituak. Halaber, ikerketa hori egingo dutenak ere izendatu ditu: Dolores Delgado Memoria Demokratikoaren fiskala eta Jesus Alonso Auzitegi Nazionaleko fiskalburua.
Europa Press albiste agentziak eskuratu ahal izan duen Garcia Ortizen dekretuaren arabera, "deskribatzen diren egitateak Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketa larriak lirateke, Zigor Kodean ere jasota daudenak", genozidio eta gizateriaren aurkako delitu gisa.
Pasa den uztailaren 28an, Delgadok baimena eskatu zion fiskal nagusiari Alonsorekin batera ikerketa zabaltzeko, eta horri erantzutera dator Garcia Ortizen dekretua.
Bestalde, Garcia Ortizek agindu du abiatutako ikerketari buruzko informazioa Nazioarteko Justizia Gorteari eta Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzari bidaltzea.