Pirinio Atlantikoetako Prefeturak Ipar Euskal Herriko lau udal auzitara eraman ditu, Palestinako bandera zabaltzeagatik
Funtzio publikoak jokatu behar duen neutraltasunaz ez jardutea leporatzen die Urruña, Ozaze, Izura eta Itsasuko udalei. Ipar Euskal Herriko beste lau herriko etxek ere zabaldu dute Palestinako bandera, eta ikusteko dago Prefeturak horien aurkako auzibidea hasten duen ala ez.
Palestinako bandera, Ipar Euskal Herriko herriko etxe batean. Artxiboko irudia: EITB
Atzo, Frantziak Palestinako Estatua aitortu zuen egunean, Ipar Euskal Herriko hainbat herriko etxek Palestinako bandera zabaldu zuten, aurrez Prefeturak ez egiteko ohartarazi bazien ere.
Biharamunean, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak jakinarazi duenez, lau herriko etxe —Urruña, Ozaze, Izura eta Itsasu— auzitara eraman ditu. Zehazki, funtzio publikoak jokatu behar duen neutraltasunez ez jardutea leporatu die.
Ipar Euskal Herriko beste lau udalek ere jarri zuten atzo Palestinako bandera, eta ikusteko dago Prefeturak horien aurkako auzibidea hasten duen ala ez.
Pasa den astean, Prefetak Mauleko Udalaren aurka egin zuen Palestinako bandera zabaltzeagatik. Paueko Auzitegiak arrazoia eman dio, eta isun administratiboa ezarrita zigortu du.
Frantzia osoan, guztira, 80 herriko etxetan zabaldu zuten atzo Palestinako bandera.