Epaileak aske utzi du Jose Luis Abalos ministro ohia
Herri-akusazioek 650.000 euroko fidantzapeko behin-behineko espetxealdia eskatzen bazuten ere, Auzitegi Goreneko magistratuak Abalos ministro ohia aske uztea erabaki du. Epailearen aurrean ez deklaratzeko eskubideari heldu dio gaur Abalosek auzitegian egindako laugarren agerraldian.
Leopoldo Puente Auzitegi Goreneko magistratuak Jose Luis Abalos ministro ohia aske uztea erabaki du asteazken honetan, iturri juridikoek EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez.
Herri-akusazioek behin-behineko espetxealdia eskatzen zuten, 650.000 euroko fidantzapean. Alejandro Luzon Ustelkeriaren aurkako fiskalburuak ez du eskaera horrekin bat egin. Abalosek epailearen aurrean ez deklaratzeko eskubideari heldu dio gaur.
Abalos bost ordu geroago atera da auzitegitik, eta ez dizkiote aldatu kautelazko neurriak: ezin da herrialdetik atera, pasaportea kendu diote eta hamabost egunean behin epaitegian agertu behar da.
Epailearen autoak dakarrenez, "halako delitu-zantzu sendoak dituen pertsona batek diputatu izaten jarraitu ahal izateak niri ere nolabaiteko harridura eragiten dit, eta hausnarketarako arrazoi ona dela uste dut", gehitu du.
Iturri juridikoek EFEri jakinarazi diotenez, ministro ohiak ez deklaratzeko eta azalpenik ez emateko eskubideari heldu dio, estreinakoz.
Ministro ohia isilik egon da, babesik gabe dagoelakoan. Izan ere, duela bi egun abokatuaren zerbitzuekin ez jarraitzea erabaki zuen, bien arteko "desadostasun bideraezinak" direla eta.
Epaileak laugarren aldiz deitu du ministro ohia deklaratzera, oraingoan UCOk atzeman du 95.437 euroko gastuak egin omen zituela, "aitortu gabeko sarrak", eta PSOEren eskudiruko ordainketak, alderdi horrek Auzitegi Gorenari igorritako dokumentazioarekin bat ez datozenak.
Zure interesekoa izan daiteke