Eusko Legebiltzarrak Gazako okupazioarekin lotura duten enpresen inbentarioa eskatu du
EAJk eta PSE-EEk babestu dute aurrera egin duen ebazpena. Bertan, besteak beste, harreman komertzialek giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen Erakundearen araudia errespetatzea eskatu dute. EH Bilduk eta Sumarrek aurkeztutako testua, berriz, atzera bota dute; okupazioarekin etekinak lortzen dituzten enpresen kontratuak etenaraztea eskatzen zuen azken horrek.
"Gazako legez kanpoko okupazioarekin zuzenean edo zeharka zerikusia" duten enpresa eta konpainiek dituzten harreman ekonomiko edo komertzialen inbentarioa eskatu dio gaur Eusko Legebiltzarrak Gasteizko Gobernuari.
Goizean egindako saioan, EAJk eta PSE-EE aurkeztutako testuak egin du aurrera Gasteizeko Ganberan, bi taldeon aldeko botoarekin. EH Bildu eta Sumar abstenitu egin dira, ea PPk eta Voxek kontra bozkatu dute. Harreman komertzialen bidez, "Palestinako herriaren errepresioa" elikatzen duten enpresen eta konpainien zerrenda nahi dute sozialistek eta jeltzaleek.
EH Bildu eta Sumar, hasieran, testu bana aurkeztekoak ziren, baina azkenean, erdibideko ebazpen bat eraman dute Legebiltzarrera; ez du baina, behar adina babes lortu, eta bozketan atzera bota dute proposamena. Ezkerreko bi taldeok eskatzen zuten Gazako okupazioarekin etekinak ateratzen ari diren konpainiekin harreman eta kontratu oro etetea, ahalik eta azkarren.
Eztabaidan, Maitane Ipiñazar EAJren legebiltzarkideak esan du "oso garrantzitsua" dela gaur onartutako ebazpenaren edukia. Bere hitzetan, "zenbait taldek" aditzera eman nahi dute Jaurlaritza ez dela "behar adina egiten" ari Palestinaren alde, eta oso kritiko agertu da jarrera horrekin.
Bere aldetik, Diana Urrea EH Bilduko kideak defendatu du harreman komertzial pribatuek nazioarteko zuzenbidea betetzea ezinbestekoa dela, eta enpresa guztien ardura dela giza eskubideak errespetatzea.