Astelehen honetan emango du Mazonek bere erabakiaren berri: dimititu, hauteskundeak aurreratu edo karguari eutsi
Alberto Nuñez Feijoorekin igande honetan izandako elkarrizketen ostean, bere etorkizunari buruz hartu duen erabakia iragarriko du bihar Valentziako Generalitateko presidenteak.
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak eta Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak elkarrizketa bat izan dute igande honetan "Valentziako Erkidegoko testuinguru politikoa aztertzeko", Cuca Gamarra PPko ordezkariak goizean iragarri duenez.
"Elkarrizketa horretan, Valentziako Erkidegoak dituen beharrak eta Valentziako Erkidegoko Alderdi Popularrak une honetan dituenak jorratuko dituzte. Hori da gaur helarazi ahal dizuegun gauza bakarra", adierazi du Gamarrak, Logroñon emandako prentsaurreko batean.
Generalitateko presidentea ostiraletik dago Alacanten, bere jaioterrian, isolatuta, eta ostegunean adierazi zuenez, "gogoeta" egiten ari da GOIDIak eragindako hildakoen aldeko hiletan biktimek kritikak egin ostean. Dimisioaren inguruko iradokizunek krisia piztu dute alderdiaren barruan.
Hartara, hiru aukera ditu orain Mazonek mahai gainean. Lehendabizikoa, dimisioa ematea. Horrela balitz, presidente berri bat hautatu beharko lukete, eta horretarako Voxen babesa behar dute, PPk ez duelako gehiengo osoa. Balizko kasu hori betez gero, PPk jarraituko luke Gobernuan 2027ra arte.
Bigarren aukera, berriz, hauteskundeak 2026ra aurreratzea litzateke. Bien bitartean, Mazonek Valentziako Gobernuko buru izaten jarraituko luke.
Mazonen balizko irteera horrek mugimenduak eragin ditu Valentziako PPren baitan. Ostiralean elkarrekin bildu ziren hiru probintzietako presidenteak (Vicente Mompo Valentziakoa, Antonio Perez Alacantekoa eta Marta Barrachina Castellokoa) eta alderdiaren idazkari nagusiak (Juan Francisco Perez Llorca). Bilera horretatik atera zen Valentziako Diputazioko presidentea, Mompo, Mazon ordezkatzeko hautagai gisa.
Genovatik, ordea, Valentziako alkate Maria Jose Catalaren alde egin dute. Edozein modutan, zuzendaritzak du azken hitza.
Mazonek legealdia amaitu arte karguari eustea du hirugarren aukera, alegia, 2027ra arte gobernuburu izaten jarraitzea. Horretarako, baina, hurrengo hauteskundeetan hautagai izango ez dela iragarri beharko du.