Valentziako PPk Vicente Mompo babestu du Mazonen ordezko gisa
Valentziako PPko buruzagiek Diputazioko presidentea aukeratu dute Generalitateko presidente izateko, Carlos Mazonen balizko dimisioaren aurrean eta hurrengo hauteskundeetarako hautagai gisa.
Carlos Mazon eta Vicente Mompo. Argazkia: Europa Press.
Valentziako Erkidegoko Alderdi Popularrak alderdiaren zuzendaritza nagusiari helarazi dio Vicente Mompo babestu duela Generalitateko presidente gisa, Carlos Mazonen balizko dimisioaren aurrean eta hurrengo hauteskundeetako hautagai gisa.
Azken informazioen arabera, Valentziako herri-buruzagien arteko barne-eztabaida baten ondoren hartu da erabakia.
Goi geruzetako depresio isolatuaren kudeaketari buruzko azken datuek egoera zailean utzi dute alderdia. Horrenbestez, popularren zuzendaritzak erabakiak hartu behar izan ditu.
Bilera horretan hautatu dute Vicente Jose Mompo Aledo Valentziako Diputazioko presidentea Mazon ordezkatzeko; izan ere, Mazonek "hausnartzen" ari dela esan zuen GOIDIaren urteurrenaren ostean.
Hala ere, Antonio Perez Perez Alacanteko PPko eta Diputazioko presidenteak esan du Mazonen esku dagoela oraindik azken erabakia. Perezen hitzetan, Generalitateko egungo presidenteak "gaitasun osoa" du egokitzat jotzen dituen erabakiak hartzeko.
GOIDIaren eta Mazonen inguruan azken asteetan jazotako guztiaren aurrean, Perezek PPren "sendotasuna eta batasuna" nabarmendu, eta gaineratu du une oro "errealitatean oinarrituta" jokatu behar dela, ez hipotesietan oinarrituta.
Mazonekin bazkaldu zuen kazetaria, ospitalean
Goialdeko borraskak Valentzia astindu zuen egunean Carlos Mazonekin bazkaldu zuen kazetari Maribel Vilaplana ospitalera eraman dute, ondoezik, bere gertuko iturriek jakitera eman dutenez.
Astelehenean deklaratu behar du epailearen aurrean Vilaplanak, lekuko gisa, eta hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, bazkari hartan, 17:40 aldera, Utieleko uholdeen bideo bat erakutsi zion kazetariak Mazoni.